Rayuela

http://alteretaego.wordpress.com

60_berotzen

Alter dixit.

Zenbat gustatzen zaigun gizakioi, gure bizitzako edozein esparrutan delarik ere, marrak jartzea!

Aske izateko baino ez bada ere, beharrezko zaigu marrak jartzea, mugak, arauak… Nekez ulertzen da, bestela, Jaurlaritzara iristen den gobernu berri bakoitzak eguraldiaren maparekin muntatzen duen Kristoetako bakoitza. Garenaz hobeto jabetzeko ere, badirudi, lehenengo, ezinbestekoa dela beste batek marraren bat marraztea. Horrela guk, ondotik, erabakiko dugu adostasunetan edo kontrako jarreretan ekingo diogun.

Herentziaz egokitu zaigun -eta inoiz bisitatuko ez dugun- lursailarekin zer egin erabaki orduko ere, ziurrenik, lehenik eta behin bere mugak hesitzeari ekingo diogu. Hori bai: guk marraztutako marra hori inork ez zeharkatzea desiratzen dugun proportzio berean tentatuko gaitu besteena gainetik igarotzeko nahiak. Ondokoaren emaztearekin oheratzea desiratzen duenak ere, askotan, ez du bestearena berea baino hobea denik uste duelako egingo, bestea berea ez delako baizik.

Horrexegatik dugu, besteak beste, legeen beharrizana ere. Ez baitugu inor behar albokoarena den dirua gure patrikan ez dugula sartu behar esateko. Kontzientziak edo etikak, edo dena delakoak diosku hori. Baina jakin, badakigu, askorentzat behintzat, gustagarriago dela norbere diruz baino beste batenaz betetzea gure patrika. Horretarako egiten ditugu legeak: apurtzen ditugunean gure irribarrea beste batzuen aurpegira botatzeko.

Erlazio pertsonaletan ere ohikoa da arauak eta mugak jartzea, nola ez. Bizikidetza hobe baten aitzakian jartzen ditugu gehienetan, baina baita gainetik salto egiten diegunean besteak zer jarrera hartzen duen ikusteko ere. Larunbat goizetan xurgagailua pasa behar da etxe osoan. Bale, ados. Baina badago beti larunbaten bat, ia-ia gustura pasatuko genukeen arren, ea zer gertatzen den gaur pasatzen ez badut dioguna ere. Horrelakoak gara, batzuk, behintzat, batzuetan, ez beti.

Gustuko dugu marrak jartzea, nahiz eta marra horiekin zer egin, kasuan kasu, modu erabat arbitrarioan erabakitzen dugun. Beotibar pilotalekuko marretako bakoitzak, adibidez, huts esanahia du. Bai, behintzat, pilotaren arrastoak berau ukituz punpa egiten badu. Baina Philippe-Chatrier pista zentralean jokatzen den Roland Garros txapelketako finalean, adibidez, marrak ona esanahia du. Gizakiak margotu ditu bi marrak, eta gizakiak interpretatzen ditu nahiago duen eran.

Eleberri bat, adibidez, hasi eta buka irakurtzeko egina dago, irakurri ahala buelta ematen diogun orrietako bakoitza hasieraren eta bukaeraren artean margotzen den marraren zatitxo bat balitz bezala. Baina gizakiak, nahi duena egiteko gaitasuna duen ente gorenak, arauak eta legeak bere komenientziara malgutzeko gaitasuna duenak, zergatik jarraitu behar du beti aurrez ezarritako patroia? Zergatik ez da gai araua hausteko eta eleberri hori nahi duen ordena jarraituz irakurtzeko? Ezer ulertuko ez lukeelako bakarrik? Badaude liburuak bestela ere ulertezin egiten zaizkigunak, edo ez?

Saiatu post hau egokien deritzozun ordenan irakurtzen. Berdin-berdin ulertuko duzu azaldu nahi dudana. Edo berdin-berdin ez duzu ezer ulertuko. Berdin dio…

Ego dixi.

Rayuela