Radika lauhazkan beti

Radika lauhazkan beti –

Badira izenak betiko irauten dutenak, mende luzeak eta gertakizun latzak igaro ondoren, herriaren gogoan atxikirik daudenak. Horietako bat dugu Teodoro Rada borrokalari karlista, herriak Radika deitzen zuena, eta jaio zenetik jadanik berrehun urte pasatu diren arren, haren oihartzunak bizi-bizirik jarraitzen du, batez ere, Tafalla aldean.

Teodoro Radaren ibilaldi militarra

Teodoro Rada Delgado 1822an sortu zen Iruñean, eta gazte-gaztetik karlisten alde egin zuen. Lehen Karlistaldian infanteriako soldadu gisa borrokatu zen eta Bergarako Hitzarmenaren ondoren, Tafallan finkatu zen bizitzen. Igeltsero ikasketak egin zituen eta bukatzean, Tafallan eta inguruko herrietan horrelako lanak egiten aritu izan zen. Bigarren karlistaldia piztu zelarik, Teodoro Radak ez zuen inolako zalantzarik izan, eta matxinoen alde egin zuen. 1872an, Orokietan, Aritzalan, Eulaten… borrokatzen nabarmendu zen, eta Amorebietako Hitzarmenaren ondoren, Iparraldera hasieran, eta Frantziara gero, pasatu zen. Bertan aritu izan zen matxinada sustatzeko plan eta obra militarrak prestatzen gainerako militar eta estratega karlistekin batera.

Radika lauhazkan beti

Urte bereko abenduan, Ollo brigadierrarekin batera itzuli zen Nafarroara. Radikak antolatu eta prestatu zuen Nafarroako Bigarren Batailoia. Bere agindupeko soldaduak biziki trebeak ziren baionetaz kargatzen, trebeak eta beldurgarriak. Batailoi horrekin borrokatu zen Etxaguen, 20 bat preso hartuz, eta baita Valtierran eta Eneritzen ere. 1873ko martxoan teniente-koronel graduazioa erdietsi zuen.  Soldaduek izugarri maite zuten eta Radika deitzen zioten. Laster heroi fama hartu zuen karlisten artean.

Eloko gatazkan Radikaren batailoiak baionetarik gabeko karga bat egin zuen infanteria etsaia sakabanatuz eta garaituz. Eraulen ere borrokatu zen eta haren balentria zela eta, karlistek dominez jantzi zuten. Geroago Metauten eta Udaben borrokatu zen bere soldaduekin batera. Basaburuko Udabeko borrokaldian zauritu eta Bordele inguruan Don Karlos erregegai karlistak zuen landa-etxera eraman zuten senda zezaten. Margarita erreginak artatu zuen eta osatu zelarik, zaldi eder bat oparitu zion. 1873ko martxoan Udaben erakutsitako adorea zela eta, teniente-koronel graduazioa erdietsi zuen.

Sendatu ondoren, Nafarroara zaldi gainean itzuli zen. Parte hartu zuen Auritzeko borrokan, Lizarra hartu zutenekoan eta Deikaztelukoan. Bere batailoiarekin batera, Zangoza hartu zuen bertan zen goarnizioa preso hartuz. Garesen eta Jurramendin borrokatu zen gerora, eta Belabietan baioneta eskuan, sekulako kargak zuzendu zituen.

Nafarroatik Bizkaira abiatu zen Nafarroako 2. eta 7. batailoien buru, eta Portugalete hartu zuen. Ekintza honengatik brigadier kargua ezarri zioten. Gerora Somorrostron eta Abanton borrokatu zen. Azken borrokaldi horretan liberalen armada suntsituta utzi zuen. Hori dela eta, Merezimendu Militarreko Gurutze Gorri Handia izeneko domina ezarri zioten.

1874ko martxoaren 29an, eta karlistak Bilbo hartu nahian zebiltzala,  Somorrostroko lehen guda-lerroan Ollo jeneralarekin batera zegoela, granada batek biak kolpatu zituen. Hurrengo egunean, hau da, martxoaren 30ean, Santurtziko ospitalean zendu zen Radika Brigadierra. Azken hatsetan zegoela, Don Karlos erregegai karlistak mariskal graduazioaz sariztatu zuen. Ollo jenerala ere, granadak sortutako zaurien ondorioz zendu zen.

.

Radika herriaren gogoan

Radika oso maitatua zen soldadu eta herritarren artean, eta haren heriotza oso sentitua izan zen karlisten artean. Herriak plazak eta karrikak eskaini dizkio han eta hemen, baina gogoangarria da Tafallako Altafalla elkarteak, Radika oroitu nahian,  Tafallan bizi zan zen etxean 2019ko azaroaren 26an  ezarri zuen burdinazko xafla. Honela dio euskarazko testuak:

Radika lauhazkan beti
Ollo eta Radikaren heriotza Somorrostroko guda-lerroan.

“Bigarren Gerra karlistako jeneralik ezagunena izan zen, hain zuzen, Unamunok idatzi zuenez: “Bayardo zalduma, Tafallako igeltseroa, Nafarroako Bigarren Batailoia hainbeste aldiz garaipenera eraman zuena” Etxe honetan bizi izan zen eta hainbat eraikitze-lan egin zituen hirian, hala nola, Sarasate pasabidea nahiz Cuatropeako zubia. Adoretsu parte hartu zuen hiru gerratan, hainbeste, non kantuak eskaini zizkioten baita “Radika baina ausartagoa” esaldia ere. Batzuek Zumalakarregi berritzat zuten eta hura bezala, Bilbo hartzeko saiakeran hil zen.  Granada batek Somorrostron erail zuen, 1874ko martxoaren 29an. La Nava Elkarteko auzokoek plaka honekin omendu zuten”.

Radika lauhazkan beti
Tafallan Radikaren omenez ezarri zuten burdinazko xafla.

Fermin Balentzia, Getzen sortua den arren, Tafallan bizi den kantagile eta kantari ezagunak Radika aipatzen du “Tafalla”  izeneko kantu famatuaren bigarren koblan. Honatx:  “Por los comunales, por las corralizas, llaman a batzarre, campanas repican. Con sus compañeros cabalga Radica, para darle fuego a ese Lagunero de las noches frías. La humilde, la digna, a veces herida, si llora Tafalla, llora Euskal Herria.”

 

Radikari buruzko abestia ere abesten du Fermin Balentziak.

 

 

Radika lauhazkan beti

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude