Publizitatea
Publizitatea –
Iragarkien helburua edozein produktu saltzea izaten da. Interneten zabaldu den bideo batean ikus daiteke nola prestatzen dituzten zenbait plater begien aurrean oso erakargarri izan daitezen. Amarru txiki batzuk aski dira inoiz sortuko ez duzun plateraren argazkia lortzeko.
Batzuetan, publizitate berak balio dezake gauza bat eta kontrakoa saltzeko: aurkako ideologia duten alderdiek erabili izan dute iragarki berbera. Askotan ez dago argi zer den saltzen ari zaizkizuna. Bartzelonako metroan, adibidez, katilu bat ageri da kartel batean, jendeari mosso sartzeko dei eginez. Poliziarik ez da ikusten.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi emakume ageri dira, irriz, zoriontsu, euskal polizia (pentsatzen dut EAEkoa, ez euskalduna) egiteko dei eginez. Uniformea jantzirik ez balute, hortz klinika baten iragarkia ere izan zitekeen, edo gazte txartelarena.
Karrikan kartel batzuk agertu dira, gero; lelo berarekin, baina beste irudi batzuekin: ertzainak jendearen kontra oldartzen. Produktuaren saltzaileak haserretu dira, nahiz eta irudiak benetakoak diren. Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak esan du “gorrotoa adierazten duten argazkiak” direla, eta berarekin bat nator, erabat, baina ulertu dudanaren kontrakoa saldu nahi zuela uste dut.