PSOEren hizkuntz politikaz

PSOEren hizkuntz politikaz –

PSOEren hizkuntz politikazPlataforma per la llengua erakundeak gogorarazi digu berriki Espainiako Gobernu txit “aurrerakoiak” ere, gazteleraren inposizioari eusten diola gogoz, eta zapalkuntza hori areagotzera datozen  61 arau baztertzaile onartu dituela 2020. urtean ere.

Eremu askotarikoetan aurki daitezke arau horiek: ziurtagiri, titulu eta karnetetan, hezkuntzan, etiketajean eta jarraibideetan, enpresen betebeharretan, Administrazioarekiko harremanetan, nazionalitatea eskuratzeko prozeduran, sinbologian, eta abar.

2018an Estatu espainiarrak onartutako arau inposatzaileak 139 izan ziren, 2017an aldiz, 93.

Espainiar Estatuak katalan edota euskal hiztunak baztertzen gintuen PP agintean zela, eta bazterketan sakontzen jarraitu du PSOE-UP agintean direlarik ere.

EAJren gobernukide da pse-PSOE (sic) EAEn, eta bere arrastoa agerikoa da zuzentzen dituen sailetan. Idoia Mendiak (egungo Lehendakari ordea) edo Andoni Unzalu aholkulari ohiak, besteren artean, gogor salatu izan dute Administrazio Publikoetako langileen erdiei euskararen ezagutza maila bat edo beste eskatzea. Ez dute inongo arazorik baina, espainierarekin, gaztelera menperatzea langile guztiei exijitzen bazaie / bazaigu ere.

Bideo lotsagarri honi Idoia Mendiak berak jarri zion ahotsa, “euskararen inposizioari azkena emateko” eskatuz.

Mendia, Arriola eta Hurtado dira pse-PSOEko sailburuak egun Jaurlaritzan. Sareetan euskara proportzio esanguratsu batean erabiltzen duen bakarra, Arriola da. Mendiak oso gutxitan eta Hurtadok sekula ere ez. Euskaldunak ez bide gaude hauen lehentasunen artean.

pse-PSOEtarren ekimenak arrastoa utzi du EAEko hizkuntz politikan. EGAren eta Hizkuntz Eskakizunen inguruan hartutako neurri “aringarriak” edota D ereduaren urtzearen atzean, alderdi horren ahalegina eta eskua nabariak izan dira. Euskararen higatze-politika gisako bat daramate aurrera, tarteka zakar erasotzeari uko egin barik.

Nafarroan mozorrorik gabe dihardu psn-PSOEk 

Zakar eta lotsagabe jardun zuten nafar euskaldunon eskubideen aurka UPNren bazkide zirenean, eta Geroa Bairen nahiz UPren bazkide direlarik (EHBilduren zeharkako babesarekin), UPNrekin elkartzen dira hizkuntzaren auziari ekiteko gehienetan.

Oker egiteko arrisku handiegirik gabe, esan daiteke benetako PSOE pairatzen dugula Nafarroan, EAEko erreparoak atzean utzita.

Hamaika adibide jar daitezke: Iruñeko haurreskolen auzia, PAI ereduarena, eremu “mixtoko” herrietako eskola-ereduena, lanpostu publikoetarako oposizioetan euskara EZ den ia edozein hizkuntza saritzearena…

PSNko Hezkuntza Sailburu Carlos Gimeno Gurpeguik esana du “D erdua segregatzailea” dela; Iruñeko udaleko psn-ren taldeburu Maite Esporrínek, harro galdetu zuen kazetarien aurrean “ea albaitariek euskara zertarako behar duten”? … Hori da maila.

Hori da XXI. mendeko PSOEren arima, 1899an “Euskararen heriotzaren alde gaude” aitortzen zuen PSOE hartatik hain urrun ez dagoena.

Eragile abertzaleak nora begira daude?
Alderdi espainiazaleen politika erasokor lotsagabe hauek ez lirateke posible, alderdi abertzaleek neurriko erantzuna emango baliete. Non daude? Zer gertatzen zaie?

Zergatik ez dute euskararen eta euskaldunen defentsa sendoagoa egiten?

Erantzunak jasotzeko irrikitan gaude.

.

Karlos Gorrindo eta JJ Agirre

(Plazara gatoz! ekimeneko kideak)

PSOEren hizkuntz politikaz

Zer duzu buruan “PSOEren hizkuntz politikaz”-ri buruz

  • Gaur bertan, berrian, Paul Bilbaok salatzen du PSOE eta PPren jarrera, oraintsu Madrilen aurkeztu duten ekimenaren gainean:
    “Honako gutxieneko baldintza jarri genuen: hizkuntza-komunitate guztien arteko berdintasuna, eta horretara iristeko borondatea eta neurriak. Baldintza horrek aurrez aurre izan zituen alderdi popularra eta sozialista. Batetik, alderdi popularrak … proposamena borondatean oinarritu nahi zuen. Bestetik, alderdi sozialista ez zegoen prest estatuko hizkuntzen arteko berdintasun osoa aitortzeko.”
    PPSOE gurearen betiko letania: “el eusquera en libertad… pero el español por cojones”