PSEren jarrera immobilista pitzatzen hasia da egoera politikoak hala behartuta
Ebidentziaren aurrean PSEk ez du oraingoan kale egin eta Donostian burutuko den Gatazkaren konponketa sustatzeko Nazioarteko Konferentzian parte hartuko du. Eusko Jaurlaritza ordea, ez da modu ofizialean biltzarrera atxiki. Kontraesanetan murgilduta dago alderdia, orain arteko jarrera trinkoari eutsi ezinik.
Inork ez du ukatuko PSOE, eta batik bat PSE, jarrera deserosoan daudela. Patxi Lopez lehendakariak legebiltzarrean presoen hurbiltzea aipatu arte pausoak emateko ardura osoa ezker abertzaleari eta ETAri utzi zion. Baina, egoera absurdora iritsi da. Euskal Herritik konponbiderako ahaleginak bata bestearen ondotik lotzen diren bitartean Espainiatik zigorrak eta gutxiespenak datoz. Espainian ezker abertzalearekiko gupidarik ezaren jarrera nagusitu dute azken urteotan. Beraien buruari jarri dizkiote muga ulertezinak.
Hala eta guztiz ere, ebidentziaren aurrean amore eman behar izan du PSEk, Donostiako ekitaldiko gonbidapena onartuz. “Bakearen alde egin daitekeen lekuan egongo gara”, azaldu du Jose Mari Pastor bozeramaileak. Onartu egin du bakerantz egiteko denei egokitzen zaiela urratsak ematea. PSEko buru den lehendakariak, ostera, egun bat aurrerago Biltzarra “ezker abertzalearen eszenografia“ zela esan zuen. PPko Alfonso Alonsok bestalde Bake Biltzarrak “biktimak umiliatzeko” eta “ETAren historia kriminala legitimatzeko” balioko duela esan du. Muturreko jarrera hauek aldrebeskeria erraldoiak dira, sen onaren aurkako adierazpenak. PSEk, Jesus Egiguren buru duela, badaki hori. Areago, badaki Euskal Herrian keinuak egiteko ardura duela eta hori gizartearen gehiengoak eskertu egiten diola. Haientzat keinuak Espainia asaldatu gabe ematean dago gakoa hauteskundeak bertan dira eta.
Nazioarteko pertsona eta elkarte esanguratsuen bilerari huts egitean euskal herritarrei eta nazioarteari begira irrigarri geldituko litzateke. Akats historikoa litzateke, EAJk azaldu eta ezker abertzaleak errepikatu bezala, “mugarri historikoa” baita Konponbidea sustatzeko Biltzarra. Nork ulertuko luke Tony Blair edo Bertie Ahern egonda PSE hor ez izatea? Patxi Lopez bera ere ez bertaratzea bada nahikoa negargarria. Baina, hein batean ulergarria era bai kontuan izan behar da eta orain arte aurkeztu diren Bruselako adierazpenari, Nazioarteko Bitarketaritza Taldeari, eta, azkenik, Nazioarteko Egiaztapen Batzordeari gutxiespen mezu publikoak besterik ez dizkietela bidali. “Guk konponduko dugu geurea” jarrerak ez du zentzurik ez bada euskal auzian Espainiako Gobernuaren ardurak ezkutatzeko .
Immobilismoari eutsi ezinik dago PSE, Madrilgo sozialisten jarrera gogorrari bat eginda egon ezinik. Oraindik Madrilen zaharkitutako errezetak dituzte ahotan, hala Espainiako Justizia Ministroak Amaiur koalizioaren aurka egiteko datuen zain daudela adierazi du. Ederki asko dakite Madrilen ere Amaiur ez dela legez kanpo geldituko, baina iritzi publikatuari ez diote PSOE jipoitzeko aitzakiarik eskaini nahi. ”
Saldu ezin den historia
Irabazle eta galtzaileen historiak eskatzen duen premisa bat eskatzen du: Euskal Herriko gatazka politikoa ukatzea. Nazioartearen inplikazioak hori bera saihesten du. Izan ere, Euskal Herriko gatazka armatua Irlandarekin lotzen du. Onartu egiten du ETA ez dela erakunde kriminala izan, baizik eta baldintza politiko gatazkatsu baten barnean jaiotako erakunde armatua. Bakea lehenesten bada ere, konponketa politikoaren beharra azpimarratzen du gisa honetako nazioarteko biltzar batek. Elkarrizketaren bidez arerioak izan direnen arteko hitzarmenak sustatu nahi ditu. Eta, zoritxarrez, jarrera zentzudun hau PP eta PSOEren moldeen antipodetan dago. Mugitzen segiko al du elefanteak?
“Beraien buruari jarri dizkiote muga ulertezinak”.
Horixe bai egi borobila: beraien buruari jarri dizkiote mugak. Ez dakit “Ulertezinak” diren muga horiek; nik uste ulertu errazak direla, errazegiak, agian. “Euskaldunari egurra” (edo katalanei, edo…) egurra emateak oso kontent ezartzen du jende franko Espainia aldean. Ta horri ekin dio PSOEk: egurra emateari, nor baino nor egurlari ankerrena !!. Beren etxeko zikin guztiak estali ohi izan dituzte bertzeri erruak emanez (maiz egiten ohi duguna)
Noski, gero “errandakoak” irentsi behar dira. Orain “astotik jeitsi” behar da…bere jende horren aintzin. Eta ez daki nola. Hor zehok ba koxka !!.
(Maiz gertatzen dena hau ere: asto gainean harro harro…eta gero ez jakin nola jeitsi).
Gaur, bihar, edo etzi: jeitsi beharra dauka PSOEk (eta PSEk gaur bertan); gainerakoan missing.
[…] Garan Joseba Uria: PSEren jarrera immobilista pitzatzen hasia da egoera politikoak hala behartuta Orain arte horrela izan bada ere … Diru gehiago behar duten bankuek dibidendurik ez […]