Jendaurreko hori prestatu izan banu…

Badirudi hizlari askorentzat nahikoa izaten dela gaia menperatzea kamara, mikrofono edo jendaurrean hitz egiteko, baina kontu bat da aipatu beharreko gaia ezagutzea, eta beste bat ezagutza hori edo mezu hura pasatzen jakitea. Batzuek berezkoa daukate gaiatsun hori, baina kasu gehienetan ez da horrela. Komunikazio era hori ere landu behar da norberak mezua ezagutzetik publikora helaraztera pasatzeko.

Ez dago zalantzarik mezu nagusia, argudioak, arrazoinamendua, datuak eta gisa bereko eduki arruntak jendaurrean azaldu baino lehen pentsatu behar direla, eta besteak beste, erabiliko den hiztegia entzulegora egokitu. Baina horiek bezain garrantzitsuak izanen dira publikoaren arreta deitzeko erabiliko diren trikimailuak ere prestatzea, hizlariaren aurkezpena, jokoak, anekdotak eta txisteak, besteak beste. Lan horretan originaltasuna beti da lagungarri. Bere mezua pasarazi nahi badu, hizlari batek gai izan behar du entzulegoaren konfiantza lortzeko hasieratik, eta hitz egiten duen bitartean haren arretari eusteko.

Berez gizakiok erraz galtzen gara, eta aurrean daukagun hizlari hori ez bada gai gure arreta guztia bereganatzeko, laster hasten gara arratsean egin beharrekoari pentsatzen, edo Twitterren zer galtzen ari garen begiratzen. Duela egun batzuk horietariko hizlari bati -bere izena ez naiz gogoratzen- aditu nion gaur egun ohituratu behar direla jendea ikusteaz mugikorrarekin, tabletarekin edo portatilarekin zer edo zertan aritzen. Baina ni ez nago ados horrekin. Onartzen dut publikoan baten bat egon daitekeela horrela, nahitanahiez eginbeharreko gauzak dituelako, baina ez entzulegoaren erdia. Hori dela eta, gogoratzen naiz Emilio Durok eta Jose Maria Gasallak duela gutxi Bilbon eskaini zituzten hitzaldietan oso jende gutxi zegoela beste zereginetan, nire ustez, haien arloan adituak izateaz gain, entzulegoaren arreta lortzen eta hari eusten ederki dakitelako.

Gisa berean, ezusterik ez badu hartu nahi behintzat, hizlariak publikoaren erreakzioak eta galderak aurreikusten jakin behar du, eta atera baino lehen irtenbide edo erantzunak prestatu. Azkenaldian modan daude galderarik gabeko politikarien prentsaurrekoak, baina zergatik? Defendatzen dutena argi baldin badute, eta nire ustez, oso erraz aurreikusten ahal diren galdera horien erantzunak prestatuko balituzkete, ez lukete arazorik izan behar kazetari zirikatzaileenari ere erantzuteko.

Beste aldetik begiratuta, ez du balio ere dena prestatzeak, alegia jendaurrean testu oso bat irakurtzeak burua altxatu gabe eta entzulegoa begietara begiratu gabe. Kasu horretan txiste hoberenak prestatuta izanda ere publikoa berehala galdu eginen da, eta kazetariak pentsatuko du “Zergatik ostia ez dute prentsa ohar bat bidali erredakziora?”. Egun batez “Jendaurreko hori prestatu izan banu…” erran edo pensatu behar ez izateko gauzak aurreikusi behar dira, baina naturaltasuna eta bapatekotasuna guztiz baztertu gabe.

Hala bideo bat aipatutakoari buruz. Buruz buruko komunikaziorako oinarrizko hainbat aholku biltzen ditu.

[vsw id=”B8VhV-1oCjA” source=”youtube” width=”425″ height=”344″ autoplay=”no”]

komunikazioa
Xan Harriague

GAUZA AGERIA