Prozesuak “geratu” baino, atzera egin du asteburu honetan
Brian Currinek jakinarazi du prozesua “geldirik” dagoela. Zehatzagoa litzateke, asteburuan gertatutakoak kontuan hartuz, pixka bat atzera egin duela esatea. Soka tenkatu da.
ZuZeun egindako inkestak Gobernuarekiko egonezina erakutsi du: %28k “Zalantzak ditu/Ez daki” Espainiako Gobernuak presoekin zer egingo duen. Alegia, denbora berri batean gaude, eta askok ez dakite zer arraio gerta daitekeen. Ezkorrek aurrea hartu dute egunotan.
Brian Currinek ordezkatzen duen Nazioarteko Harreman Taldeak eman zuen lehen berri txarra: “prozesua geratuta dago eta ez dugu kontakturik Espainiako Gobernuarekin“. ETAk uzteko erabakia hartu zuenetik ez da jarrera berri baten arrastorik ikusi Espainian. Horixe baieztatu du Brian Currinek eta asteburuak:
Atxiloketak
Hiru ustezko etakide atxilotu ditu Frantziako poliziak. Espainiako hedabideen arabera, lehergaiak egiteko materialak “erosi berri” zituzten. Hedabide ultraeskuindarrek badute nahi zuten bazka. Behin-betiko armak uztearen erabakia sinesgarritasunik gabe utzi nahi dute. Hala, eztabaida mediatikoa lekuz aldatu dute presoen auzia alboratuz.
Gasteizen Ekaitz Samaniego atxilotu zuen Ertzaintzak gaztearen aldeko manifestazio jendetsuaren amaieran. Zortzi urteko espetxe zigorraren zama du bizkar gainean. Milaka pertsonen aurrean hartu zuten atxilo poliziek eta “Lortuko Dugu!” oihukatzen zuen bitartean ziegara bidean jarri zuten . Atxiloketan amaitu den gertakizunak, bestalde, erakutsi du orain arte ez bezala ari dela hedatzen eta sendotzen elkartasuna. “Aski da!”, zioen pankartarekin agurtu zuen jendetza Samaniegok. Baina, bistan da, ez dela horrelako sinboloak tinkotzen diren azkena.
Gasteizen, beranduago, Alde Zaharrean Ertzaintza sartu eta istiluak izan ziren. Ekaitz Samaniegoren atxiloketak eragin zuen amorruari, pertsona batzuen artean, Frantziako atxiloketak gehitu zitzaizkion. Alde bakarreko erabakiei, alde bakarreko egurra ematen zaien sentsazioa. Kale erasorik ez zen izan, baina pintaketak, ETAren aldekoak tartean, Gasteizko bihotzeraino heldu ziren. Soka tenkatu egin da berriz ere.
Zer utzi digu asteburuak?
Espainiako Gobernuak elkarrizketarako duen borondate eza. ETAren erabakiaren gaineko susmo txarra. Lau pertsona espetxera bidean.
Atxiloketak ez ziren hasi asteburuan.
Unai Hernandez santurtziarra asteazkena 11an atxilotu eta kartzelara sartu zuten EKINeko kidea zela leporatuta 7 urteko zigorra betetzera.
Eta astelehena 9an Erandioko 5 lagun Audientzia Nazionalera joan behar izan zuten herriko jai egitarauan preso baten argazkia sartu zutela leporatuta.