Prozesu Heterokronikoa eta ibilbide-orria (eta II)

Prozesu Heterokronikoa eta ibilbide-orria (eta II) >

Prozesu heterokronikoa eta ibilbide orria (I)

.

Sortu alderdiaren birfundazio kongresuarekin batera, ezker abertzalearen berosaketarako urrats esanguratsua eman da. Bertan, alderdi honen ibilbide-orria adostu dutelarik, euskal errepublika jarri dute iparrorratz. Eztabaidaren muina ondo kokaturik, ezkerreko abertzaletasunaren beste eragile eta sektoreekin solasaldia zabaltzeko garaia dela ematen du. Xede horretatik, eta ekarpen bat egite aldera, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskunde aurretik idatzi nuen artikuluari segida eman nahi izan diot.

Irakurri ahal izan dudanez, 2026an kokatzen omen du Sortuk independentziarako jauzia. Ezin esan goiz ala berandu den, izan ere une honetan, aldaketa historikoen erlojua zorabio bizian da. Haatik, artikulu honen lehenengo zatian erabili nuen “heterokronia” printzipioari eutsiz, euskal ibilbide-orriari ekiteko tenorean, eraldaketa historikoan eredu lineala gainditu behar dugula esatera ausartuko naiz.

Prozesu Heterokronikoa eta ibilbide-orria (eta II)Euskal Herriak ezin ditu bere inguruan dauden prozesuak kopiatu. Bistan da, gure ibilbideak bide berriak jorratu beharko ditugu: bidezidorrak, autopistak, saihesbideak; ezusteak, zorioneko jauziak, zorigaiztoko hanka-sartzeak. Ezin izango dugu prozesu bakarra egin, edota lurralde jakin batzuetara mugatu. Prozesu asko batera abiatu beharko dira eta prozesu horiek hamaika aurpegi hartuko dituzte. Euskal Herria zatitua dagoen hiru eremu administratiboetan prozesu “homolagatu” bana bideratu beharko badira ere, mugaz gaindiko bestelako ekimen eraldatzaileak beharrezkoak dira. Eta batik bat, herritar bakoitzaren hautua ardatz izango lukeen prozesu askatzaile batek garrantzi berezia ukan beharko luke.

Eremu administratibo bakoitzean eman daitezkeen ibilbide diakroniko ala homokronikoarekin batera, euskal errepublikako kide izan nahi dugun herrikide guztiok une berean (eta aukeran, berehala, erlojuan une magiko baten zain egon gabe) prozesu eraldatzaile eta askatzaileari ekin behar diogu, bizi garen tokian bizi garela.

.

Pertsona ardatz

Herri orok, jendarte sistema orok lurralde mugatu baten kontrola izan behar du. Nazioarteko erakundeek ere baldintza hori eskatzen dute independentzia prozesu bati zilegitasuna emateko. Alabaina, lurraldetasunaren aurretik, pertsonak dira egitasmo independentistaren iturburu eta jomuga, eta hortaz, herritarron protagonismoan oinarritutako prozesuak zentzua hartzen du. Lurralde batasunera iristeko bide berri bat aurkitu ahal duen prozedurak, hain zuzen ere.

Aurreko artikuluan nioen moduan, alderdi politikoetaz gain, beste eragile soziopolitikoak, sindikalak eta kulturalak ere, prozesu independentistaren gidaritza taldean aritu behar dira. Garrantzi handia dute independentziari esker, euren egoera hobe dezaketen sektoreen ekarpenek. Hau da, egungo sistemaren ondorioz menpetasun egoeran daudenak. Emakumeak, langileria, euskaldun aktiboak, Europatik kanpo etorritako etorkinak , gatazka armatuaren ondorioak pairatzen dituztenak, aipatu nituen espresuki. Jendarte zibilaren arlo horietan aurki dezakegu independentistok aliantzak eta bidaideak, egun eroso dauden sektoreengandik, aldiz, ezin dugu ezer espero, dagoeneko euren fideltasuna nori zor dioten argi utzi dute eta.

“Independentzia hobeto bizitzeko” leloa zabaldu berri da ezker abertzalearen zenbait sektoretan. Pertsonen bizimodua hobetzea independentziaren helburu nagusienetarikoa izanik, bat etor ninteke lelo honekin. Aldiz, zehaztu ezean, oso labainkorra izan liteke. Izan ere, Arzallusen galdera ospetsu honi “independentzia zertarako? Azak jateko?” Nolabait, erantzun nahi diola eman baitezake.

Honako galderak datozkit burura: zer da hobeto?; nor baino hobeto?, noiz baino hobeto?…Gure bizimodua ez da ingurumenarekin bateragarria, gure energia kontsumoa disparate hutsa da, Euskal Herriak elikagaietan eta energian erabateko menpekotasuna du… Hobeto bizitzea aldarrikapen nagusienetariko bat bilakatzen bada, ezkerreko independentista mugimenduak galdera askori erantzuna eman beharko dio. Esaterako, Suediako bizikalitatea lortzea adarrikagai bilakatzen bada, argi eduki behar dugu gurea bezalako herrian soilik lor litekeela hori, norabaiten bizkarretik, gu baino egoera okerragoan dauden herrien lepotik, alegia.

Beste adibide bat, Somaliako piratek Bermeoko arrantzaleei eraso zietenean, NATOren babesa eskatu zuen EAJk. “Hobeto bizitzeko” leloa ezkerraren balio etiko eta berdinzaleen esparruetan ez badugu zorrotz kokatzen , hegemoniaren aldeko bidaia horretan naufragio suertatu ahal da.

Burujabetza nahi dugu hobeto bizitzeko. Ez beste inor baino hobeto bizitzearren, orain baino hobeto baizik; ez gu baino pobreagoak direnengandik babesteko, harresiak apurtzeko baino. Eskubideak bermatzeko eta ekonomia demokratizatzeko, ez gure pribilegioen gotorlekua altxatzeko.

Independentzia ere behar dugu Aro Planetarioan euskaldun gisa bizitzeko eta pentsatu ahal izateko. Euskara ohiko hizkuntza izan dadin eta kulturen arteko komunikaziorako tresna izan dadin.

Euskal Errepublika behar dugu eredu patriarkala gainditzeko,gure gazteek alde egiteko beharra izan ez dezaten, etorri berriek harrera ona izan dezaten, langileon eskubideak euskal konstituzio baten bidez bermatuta gera daitezen, lurralde desmilitarizatua izateko…

Aliantza berriak jendarte eredua aldatu nahi dutenenagan aurkituko ditugu eta sorpresak ere egon daitezke. Agian indar-korrelazioa hobea izango da-eta uste ez dugun arloetan, aurreikusten ez ditugun eskualdeetan, oraindik irudikatu ez ditugun esparruetan.

Prozesu heterokronikoak taktika hegemonikoari osagarri sortzailea eman ahal dio eta bide batez Euskal Errepublikari izaera konfederala emateko aurrerapena izan, eskualdeen konfederazioa gure egoerari, izaerari , orografiari eta beharrei hoberen erantzuten dion eredua baita. Eta eskualdeen konfederazio kontzeptu hori azpimarratu nahi nuke, Euskal Errepublikaren egituraketa konfederalak ez baitu zertan egungo zatiketa administratiboan oinarri. Gehiago esango nuke, mendebaldeko hiru herrialdeetan hasitako balizko prozesu “homologatu” batek ziuraski ibilbide laburragoa izango luke askok uste dutena baino.

Data magikorik ez dago, hitzordu eraikitzaile bakarra ez dago, bideari ekin behar diogu inoren zain egon gabe, mugimenduarekin batera beste eragile eta pertsona guztiek berkokatzeko eta mugitzeko beharra izango dutelako.

Ziuraski ezker independentista luzaroan ez da indar hegemonikoa izango, baina ziur naiz aldaketaren motor nagusia izan behar dela, izango dela eta epe laburrean marko juridiko-politikoa aldatuko dugula. Euskal Errepublika abian da, izena duenak izana du.

.

Patxi Azparren (Lizargorri taldeko kidea)
Prozesu Heterokronikoa eta Prozesu Heterokronikoa eta Prozesu Heterokronikoa eta

Donostiarra Pasaiaratua.