Prozesu heterokronikoa eta ibilbide-orria

Prozesu heterokronikoa eta ibilbide-orria

Prozesu heterokronikoa eta ibilbide-orria

Abuztuaren 27an, Arnaldo Otegiren ahotik Lakuako hauteskundetarako proposamenaren berri izan genuen. Proposamenean, besteak beste, EAJ eta Ahal Dugu-Podemosekin balizko akordio bat egitea azaltzen da, marko juridiko-politiko berri baten aldeko akordio bat, alegia.

Hainbat lagunekin batera, Miramonen, proposamena lehenengo eskutik ezagutzeko aukera izan nuen; ekitalditik sentsazio gazi-gozoz atera nintzen.

Gazia, ezkerreko independentista askok bezala, askoz gehiago nahi genukeelako; gozoa, azkenean ibilbide-orri baten hastapena mahai gainean jarri delako.

Proposamenean ageri denez, hiru dira jorratu beharreko gaiak: burujabetza; lan eskubideen eta eskubide sozialen bermea; eta bakea. Ezaugarri honek zenbait aukera zabaltzen du, aurpegi asko izan dezakeen prozesutaz hitz egin ahal izango dugulako. Gazi-gozotasunaren osagarri batzuk azaltzen saiatuko naiz.

.

Eragozpenak

Proposatutakoak nekez sortuko du lan-grina ezkerreko independentiston oinarri soziologikoan, beste bi eragile politiko horiekin adostu daitekeena autonomia berri batetik urrunagora ezin baita iritsi. Izan ere, egun, EAJ eta Ahal Dugunekin egon daitezkeen komuneko eremuak urriak dira. Bestalde, Estatu espainiarrak emango duen ezekoa aurreikusirik, ez dago oraingoz zantzurik pentsatzeko beste bi alderdiak prest egongo direla ezezkoari aldebakartasunetik erantzuteko.

Kezkagarria izan daiteke, era berean, ezkerreko independentismoaren jardun estrategikoaren ardatza EAEn kokatzea, duela hiru hamarkada EAJk hautu zuen bezala. Euskal Herriko beste lurraldeetan prozesu eraldatzaileak ez badira berpizten, sakabanaketa sakon liteke.

Arlo sozialean ere trabak handiak dira, egungo sistema neoliberala sutsuki defendatzen eta bultzatzen duen eragilearekin (EAJ) akordioak sinatzea biziki zaila izango baita. Arlo horretan, akordioa baino gehiago, ereduen arteko konfrontazioa handitzeko beharra dagoela argi du euskal gehiengo sindikalak. Gainera, EAJk ez du onartuko bere aliatu estrategikorik gabeko (PSErik gabeko) elkarrizketarik.

Ahal Dugu-Podemos dagokionez, Galizan eta Katalunian ez bezala, Hego Euskal Herrian, Podemos ez da eragile autonomoa; autonomia hori ez dute eskatu, eta barne egituraketa errotik aldatu ezean, Errejonek eta Iglesiasek azkeneko hitza edukiko dutela pentsa genezake. Talde honen kide ezagunek Madrilgo Parlamentuko kide izatea lehenestu izanak adierazten digu ere Hego Euskal Herriko Podemosek Madrilekiko menpetasuna duela.

.

Aukerak

Arestian nioen moduan, nire ustez, proposamenak badu hainbat alde on ere. Lehenengoa, eta oso garrantzitsua, bost urteko nora ezari amaiera eman diola, norabide ulergarri batean aitzinean kokatuz. Apala, atzerapauso bat eginez, azeleragailua zapaldu baino, zapaltzeko ahalegina egin aurretik oina altxatuz, baina, aurki, azeleragailuari ekingo diola hitza emanez, Errepublika burujabea lortu arte eta koherentzia erakutsi duen zuzendaritza talde berri baten konpromisoaz.

Bigarrena, eraginkorrak diren bi printzipio politikori heltzen diela, hots, errealitatearen kontzeptuari eta indar-korrelazioen kontzeptuari. Hortaz, abiapuntua zuzena izan daitekeelakoan nago, errealitateak dituen ezaugarrietatik abiatuta baino ezin da-eta errealitatea eraldatu, platonismo antzutik at eta pragmatismo erreformistatik landa, utopia gozagarriak bultzatutako helburu gauzagarriek errealitatea aldatzeko ahalmena baitute.

Mendebaldeko hiru herrialdeetako hauteskundeetako emaitzek parada ematen badute, hemendik lau astera Euskal Herriko lurralde horietako mapa politikoa aldatuta egon daiteke. PP eta PSOEren indarrak ahulduko da eta 1978ko erregimenaren krisia areagotuko da. Dagoeneko Nafarroa Garaian urrats batzuk eman dira.

Proposamenak indar-korrelazioan aldaketa handiak sortzeko ahalmena du, birkokapen politikoak guztiengan eragina izango duelako. Aldaketa norabide onean eta beharrezkoa den abiadura bizian gerta dadin, ezker subiranista eta independentistaren oinarri osoa lanean jarri behar da. Aldiz, gogoz lanean jar gaitezen, bi dira ezinbesteko baldintzak: barne demokrazia osoa; helburu gauzagarriak laster lortzea.

Ezker Subiranistaren indar nagusiak dira bere lan gaitasuna, koherentzia eta konpromisoa; geure burua hauteskunde emaitzen arabera mugatzea akats estrategikoa litzateke. Hauteskundeetan emaitzak hobetzeaz gain, beste ate batzuk ere zabaldu behar ditugu. Akordioez mintzatzeak itxita zeuden ate batzuk zabaltzen laguntzen du.

H.C. Anderesen ipuinean bezala, «Erregea biluzik dago» esateko prest dauden kide, ekintzaile eta herritarren ekarpena baliotsuena da harrokerian erortzen hasten garenean.

.

Beste eragileak

Euskal jendarte zibilean hauteskundeetako lehian ari diren alderdi eta koalizioekin batera, bestelako eragile soziopolitikoak ere badaude. Balizko akordioek herritarron onespena beharko duten lez, akordio horiek adosteko garaian funtsezkoak izango dira alderdi politikoak ez diren beste eragileen ekarpenak.

Bereziki interes handia dute menpeko egoera pairatzen duten eragileen ekarpenek, egungo sistema juridiko-politiko, kultural eta sozioekonomikoan kaltetuak diren jendarte esparruak, hain zuzen ere. Sei azpimarratuko nituzke: emakumeak, gazteak, langileria, euskaldun aktiboak, Europar Batasunetik kanpoko etorkinak eta gatazka armatuaren ondorioak jasan dituztenak.

Burujabetzara eraman gaitzakeen marko juridiko-politiko berria adosteko ahalegin horretan, jendarte esparru horiek ordezka ditzaketen eragileen parte hartzea beharrezkoa da, guztiz. Horien parte hartze zuzenaz soilik berma baitaiteke balizko akordioen edukietatik prozesu eraldatzaileak jaiotzea.

Prozesuen prozesua, prozesu heterokronikoa.

Akordioez ari den bezalaxe, prozesuez mintzatu beharko genukeela uste dut, eraldaketa sozialera, burujabetza-independentziara eta bake iraunkorrera eramango gaituen prozesu zabalak hainbat prozesu izango dituelako bere baitan.

Lizarra-Garazi akordioaren hausturaren oinarrian, besteak beste, lurraldetasunak izan zuen eragin handia. Zenbait eragilek Euskal Herri osorako prozesu bakarra proposatu zuten; izan ere, garai hartan gertatu zen aldaketaren indarrak horren ausarta izateko tenorean ginela pentsarazi zigun, hasieran bederen. Tamalez, ez ginen prest. Hausturaren atarian «prozesu diakronikoaz» mintzatu ginen, lurraldetasuna eta erabaki-subjektua bereiztea zegoelakoan.

Orain, testuingurua errazagoa bada ere, konplexuagoa ere bada, eta ziur aski honi aurre egiteko modu bakarra aurpegi anitzetako prozesu askatzaile heterokronikoa abian jartzea izango da. Hau da, euskal errepublika eraikitzeari ekin, norberak euskal herritar gisa, lurralde guztietako euskal herritarrok (eta kanpoan bizi direnek) eta bide batez hainbat prozesu askatzaile eta eraldatzaile piztu, lurralde guztietan eta esparruka.

Oina altxatuta, lehenbailehen azeleragailua indarrez zapaltzeko, bakoitza dagoen tokitik, bultza dezagun gogoz.

Prozesu heterokronikoa Prozesu heterokronikoa Prozesu heterokronikoa

Donostiarra Pasaiaratua.