Prozesioak

Prozesioak –

Sanferminetako udal prozesioak iristen zirenean, arrunt deigarria gertatzen zitzaidan, alkate andreak eta bere sokako zinegotzi guztiek nola jokatzen zuten nirekin, alegia, jakina baita, garai hartan, orain bezalaxe, aulki gurpildunak ezin zirela atera udaletxetik kalera, ate nagusian barna, modu normalizatu batean -sartu ere ez, noski!-; den-dena, hau da, sartu nahiz atera, atzeko aldean dagoen ate bat zeharkatuz egin behar zen.

Prozesioak
Arg: capillasanfermin

Bueno, ba, gauzak hala zeudela, prozesio egun berezi haietan, udalbatzako pertsona guztiak, festa-jantzia soinean genuela joaten ginen, ohitura zahar bat zela medio. Baina, gorago adierazi dudan moduan, ni neroni ezin nintzen atera udaletxeko ate nagusian barna; nahi eta nahi ez atzealdekoan barrena joan behar izaten nuen, edozein egun arruntetan bezalaxe. Lehendabiziko aldian -inozoa ni!-, pentsatzen nuen, Udaleko hautetsi guztiak, nirekin etorriko zirela, enpatiagatik, errespetuagatik, elkartasunagatik, lotsagatik baino ez baldin bazen ere, edota beste arrazoiren batengatik, baina, ez!

Hasiera batean, ezin nuen sinistu ere egin ikusten ari nintzena, baina berehalaxe sinetsi eta irentsi behar izan nuen errealitate gordin hura, izan ere, udal gobernua osatzen zuten bi alderdi politikoetako inork ez zuen lanik hartu nirekin etortzeko atzeko atetik, eta, alkate andreak, askoz gutxiago, noski! Zer izanen ote zen, ba, beraientzat, hura, alegia, nirekin etortzea, umiliazio handiegia ala zer? Haiek, hantxe joaten ziren, denak, udaletxeko ezkaratz aldera, ziztu bizian, lasterketaren bat irabazi nahiko balute bezala.

Kontua da, nirekin etortzen ziren bakarrak zirela oposizioko zinegotziak, hots, EAkoak, Ezker Batukoak, PSNkoak eta Aralarkoa; gainerako guztiak ez, noski! Behin Santo Domingo kaleko aldapa igota, hantxe, udal plazan, gainerakoekin elkartzen ginen, hau da, batere solidarioak ez zirenekin, eta, aurrera egiten genuen ibilaldian. Prozesioak bukatutakoan ere, antzeko zerbait gertatzen zitzaidan, baina, hala eta guztiz ere, inork inoiz ez zidan barkamenik edo desenkusarik eskatu. Eszenak, uste dut, nahiko adierazgarriak direla, eta, beraz, pentsatzen dut, gainerako iruzkin guztiak soberan daudela.

Prozesioak

Auritz. Idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude