Protokolo kontuak
http://alteretaego.wordpress.com
Alter dixit.
Testu hau ilustratzen duen argazkia bezala, maite ditut testuingurutik aterata dauden egoerak. Horrexegatik penatu nau horrenbeste lehengo eguneko Gala, New Yorkeko Euzko Etxean ospatutakoa, bertatik bertara jarraitzeko aukera izan ez izanak.
Benetan han zer gertatu zen, nik uste, ez dugu sekula jakingo: errealitatearen zehartasun propioak egiten maisuak gara euskaldunak. Ziur nago denek ezkutatzen dutela egiaren zatiren bat. Dena den, gazte denboran dantzatutako aurresku pare bat ekarri dizkit gogora New Yorkeko pasarteak.
Matxitxakoko gudan aritutakoei omenaldi bat egin zitzaien Gaztelugatxe inguruan. Omenaldi instituzionala zen, Ibarretxe zelarik orduan Lehendakaria. Dena den, eta niri kontatu zidatenez, 1937 hartako bi gudari ziren omenduak, garai hartan bizirik zirauten bakarrak. Arau zehatzak eman zizkigun bere burua Eusko Jaurlaritzako Protokolo Zuzendari bezala aurkeztu zuen emakumeak. Ekitaldi dinamiko bat nahi zuten eta, Lehendakariak bere hitzaldia bukatzerakoan, omenduak monolitoaren kontra kokatu eta berehala hasteko dantzan esan zidan.
Hitzaldia bukatu eta omenduak txintxo kokatu ziren, euren lekuan. Hutsunetxo bat zegoen bien artean; Lehendakaria, bitartean, jendearen agurrak jasoz zebilen. Orduan ikusi nuen nire loriazko minuturako aukera. Dinamismoa nahi duzu? Tori dinamismoa! pentsatuta, txistulariari keinutxo bat egin eta tan-tan eragin zion danbolinari. Txistutik lehenengo notak irteten hastea eta emakume hura, neuri begira, Lehendakariarengana korrika abiatzen ikustea, denak izan ziren bat. Lehen ostikoa jaurti nuenean, oraindik, hutsik zegoen omendu bien arteko tartea.
Protokoloaz ezer gutxi dakien hau, krabiola eta puntapio artean, aurrean zituenak nola agurtu asmatu ezinda zebilen. Natural! esan nion, azkenean, neure buruari. Bukatutakoan, ezkerreren zegoen omenduari luzatu nion eskua, lehenbizi, eta eskumaren zegoenari gero. Ordurako erdian zegoenari, aldiz, Iepa! bat bota nion. Nik uste, Protokolo Zuzendariari ez bezala, Juanjori ez zitzaiola gaizki iruditu. Aspaldiko lagunak baikinen ordurako.
Sociedad Bilbaína-n an ezagutu genuen elkar, urte batzuk lehenago. Egun horretan bai ez nekiela ez nora, ez zertara nindoan. Jakin izan banu, ez nintzen txandalean eta bizarra moztu gabe joango. Mozorrotuta zegoen atezainari aldatzeko lekutxo bat eskatu eta nire bizitzan zapaldu dudan suite bakarreko atea ireki zigun. Eguneko lehenengo une xelebrea. Bigarrena, aldiz, aurreskua dantzatzeko errekadua egin zigun neska gu agurtzera etorri zenean bizi izan nuen. Atezain berak, neska zela eta, ez zion gelara sartzen utzi nahi. Ez zen konturatu, antza, jada barruan zegoen txistularia ere neska zela.
Garai hartan, Juanjo nor zen ere ez nekien, lehendakariorde eta Ogasun sailburu xume bat baino ez baitzen. Atzamarrarekin bi aldiz konfirmatu behar izan zidaten nori zuzendu behar nion egun hartako aurreskua. Bera ere, ni gerora bezalatsu, natural hurbildu zen nigana, beroketekin nenbilela oraindik. ¡Calienta bien, eh! A ver si luego por una tontería…
Naturalak izan dira, harrezkero, bion arteko solasaldiak. Hori bai: euskaraz. AEKn eman zuen izena, nonbait.
Ego dixi.