Justizia egin da, hori baino ez

Parot Doktrina bidegabekeria galanta iruditu zait bultzatu zenetik. Ez bakarrik atzera eraginkortasunez aplikatu izana, baina kartzelan 40 urteez ematea ez dut uste bide egokiena denik mendekutik hurbilago baitago. Gainera, doktrinak gertaerak epaitzea baino, ETAko kideei zigor bereziak ezartzea zuen helburu, justiziaren aurrean ustez dagoen berdintasunaren printzipioa hautsiz. Horregatik, Estrasburgoko epaia begi onez hartu dut, ni jurista ez naizela; zeren susmatzen baitut justizia egin dela. Hori baino ez.

Halere, kostatzen zait batzuek duten poza konpartitzea. Ulertzen dut Ines del Ríoren lagun eta ahaideak pozik egotea, izan ere epaileek ostu zieten denbora errekuperatzeko irrikitan baitaude. Alabaina, nekez ulertuko ditut epai honen ondorioz, Euskal Herriari zorionak ematen dizkiotenak; Espainari gol bat sartu bagenio bezala. Ene ustez, ez dago zoriontzerik, Inés del Ríoren “ibilbide politikoa”, tristezia eragiteaz gain, mingarria baitzaio herri honi, izan ere sufrimendua baino ez du eragin. Madrilen eta Guardia Zibilak izanda ere, Del Ríok 23 pertsona hil zituen, inongo damurik agertu barik. Ez dut uste eredugarria denik.

 

 

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.