Profesional biziak, kalitatezko urratsak

Egun hauetan hitz hauek izan ditut buruan bueltaka… “Guztiok izan nahi dugu lider, kalitatezko eta profesional. Mundura zabalik egonda, gertuko eta konfiantzazko izateko ari gara lanean. Guk euskara gehitu diogu horri guztiari. Balioa ematen digulako, aberats eta lehiakor egiten gaituelako. Eta pertsonek gure ahalegina saritzen dute.” Zuei ez zaizkizue ezagunak egingo, baina Bai Euskarari Ziurtagirian aritzen garenontzat azken aste hauetako eginkizun eta erronka bihurtu dira, horiek baitira Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez gizarteratu nahi dugun mezua eta balioen bilduma.

Bai Euskarari Ziurtagiria kanpaina 2012.mov from Bai Euskarari Ziurtagiria on Vimeo.

Guztiok izan nahi dugu lider.

Gure enpresetan, gure entitateotan, gure arloetan, onenak izateko ari gara lanean,  irabazteko helburua dugu. Euskarak ere liderrak behar ditu inguruan, lider eraldatzaileak, jarrera baikorra eta konfiantzazkoa izango dutenak, norberak egiten duena baino gehiago egitera motibatuko duten pertsonak behar ditugu gure artean. Maila guztietan erreferenteak behar ditugu, norberetik hasita.

Kalitatezko eta profesional.

Kalitatean eta profesionaltasunean oinarritutako proiektuak gizarteratu nahi ditugu. Bai Euskarari Ziurtagiriak ere kalitatezko urrats bat ematea adierazten du. Entitate hauek guztiak beren jardueretan euskara txertatzen ari direla ziurtatzen du. Eta jardueretan euskara txertatuta, kudeaketan ezinbesteko plusa eransten dute. Ziurtagiriaren bidez, gainera, gizartearekiko, bezeroekiko erantzukizuna betetzeko ekarpena egiten dute. Eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren irudia baliatuz, bezeroek eta gizarteak oro har ezagutuko dute zein den bere ahalegina.

Mundura zabalik egonda, gertuko eta konfiantzazko izateko ari gara lanean

Merkatu glokal honetan aurrera egiten duten eta arrakasta lortzen duten enpresak ez dira enpresarik handienak izaten, hobekien egokitzen direnak baizik. Arrakastarako giltza errealitate aldakor horietara egokitzeko gaitasunean dago. Gure inguruan euskarak gero eta leku handiagoa du eta, horrenbestez, enpresek merkatuaren eskaerei erantzuteko gai izan behar dute. Gainera, euskara darabilen enpresa eleanitzak gertukotasuna transmititzen du eta bezeroei konfiantza ematen die.

Guk euskara gehitu diogu horri guztiari, Balioa ematen digulako

Azken batean, Bai Euskarari Ziurtagiria balioa ematen duen tresna da. Balioa ematen digun horretan inbertitu eta indarrak jarri behar dira, balioa ematen digunak bereizten gaitu-eta.

Aberats eta lehiakor egiten gaituelako

ninette_luz.flickrLehen begiradan badirudi krisi-garaian enpresek gastuak murrizteko izaten duten filosofiaren aurka doala hori. Baina Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten entitate guztiek beren jarduna lehiakorrago egiteko erremintatzat dute lorpen hori. Ziurtagiria dutenek diote euskaran inbertitzeak onurak dakarzkiola enpresari. Eta hain zuzen ere, krisialdi honetan enpresentzat, komertzio txikientzat edota bestelako entitateentzat lagungarri da euskara beren antolamenduan txertatzeko neurriak eskuratzea.

Ekologiaren arabera, gainera, ekosistema sendoenak eta aberatsenak ekosistema anitzenak dira. Gaur egun, hala ere, bestelako jarrerak ikusten ari gara, aniztasuna sustatu beharrean, globalizazioaren izenean uniformizazioa ezarri nahi dutenak. Hizkuntzek aberastasuna ematen diote gizadiari eta horietako bat galtzen denean, denok galtzaile! Bidezkoa da, beraz, hizkuntzen aldetik ere berdintasuna, iraunkortasuna eta aniztasuna indartzea eta babestea, hizkuntza bakoitzak bere lekua izan dezan. Horretarako, hizkuntzen arteko oreka bilatu behar da, subsidiariotasun-printzipioa erabiliz, arnasguneak garatuz eta hizkuntza guztiei prestigioa, erabilera eta ezinbestekoak zaizkien oinarrizko funtzioak bermatuz.

Eta pertsonek gure ahalegina saritzen dute

Horixe da, hain zuzen ere, Bai Euskarariren bitartez egiten duguna. Saritu, errekonozitu, organizazioek egiten duten lan ikaragarria. Bezero edo erabiltzaile euskaldunak estimatzen du entitate batek bere hizkuntzaren aldeko ahalegina egitea eta ziurtagiriak entitate horiek identifikatzen eta saritzen laguntzen dio.

Euskararen unibertsoan erronkek ez dute akaberarik. Horrekin jabetuta gaude, eta enbidoa onartzeko prest. Etorkizunean urrats biziak ematen jarraitu nahi dugu, eta jarraituko dugu. Geuk ere Urrats Biziak ematen jarraitu nahi dugu, aurrera begira ere ez baikaude geldirik egoteko moduan… Bai Euskarari Ziurtagiria Urrats Biziak ematen ari den bezala, gizarte honetako partaide guztiak ere urrats biziak ematera gonbidatu nahi ditut, eta une honetan zein datozen hilabeteotan izango ditugun aldaketen aurrean ausardiaz jokatzera gonbidatu nahi ditut: arduradun politikoak, enpresak, establezimenduak eta era guztietako entitateak, sindikatuak eta, noski, hizkuntza-komunitatea osatzen duten pertsonak. Ez da erronka makala, jakina!

Gogoratu: “Guztiok izan nahi dugu lider, kalitatezko eta profesional. Mundura zabalik egonda, gertuko eta konfiantzazko izateko ari gara lanean. Guk euskara gehitu diogu horri guztiari. Balioa ematen digulako, aberats eta lehiakor egiten gaituelako. Eta pertsonek gure ahalegina saritzen dute. Bai Euskarari Ziurtagiria. Urrats Biziak.“

Euskaltzalea