Presoen gose grebek Gobernuaren irmotasuna neurtuko dute
Inondik inora ez da goizetik gauera etorri Josu Uribetxeberriak hasi eta 88 euskal presok segitako gose greba mugagabea. Larrialdi egoera batean hartutako muturreko erabakia da Espainia eta Frantziako hamaika kartzeletan hartzen ari direna. Nolabait Gobernuari esaten ari zaie: edo uzten duzu behingoz mendeku politika edo prest egongo gara eutsi ezin duzun arazo bihurtzeko. Gobernuak bere irmotasuna, edo askoren ustez, krudelkeria, utziko du agerian Josu Uribetxeberriaren aferan. Pertsona baten borroka kolektibo osoarena baita.
ETAk behin betiko armak utzi zituenetik presoen egoera samurtzeko aldarrikapenek oihartzun gero eta handiago izan dute. Urtarrilaren 7an Bilbon egindako manifestazio erraldoia izan zen horren erakusgarri ikusgarriena, baina ez bakarra. Sakabanaketa eta gaixo diren presoen kartzelaldiarekin amaitzea bilakatu da gatazka konpontzeko Espainiak duen borondatea igartzeko lehen mugarria. Parot Dotrina bera ontzat jo zuen Konstituzionalak eta kolpe ikaragarria izan zen hura preso askoentzako. Aldiz, Europatik dotrinaren aurka heldu den erabakiak ireki egin du itxaropena presoen familietan. Espainiako gobernu zein epaileek, ostera, ez dute euskal presoen salbuespen egoerekin amaitzeko urratsik egin. Beste gaietan (legalizazioak, sententziak…) inertzia behin aldatuta bide logikoa hartu badute ere, presoen gaian berdinetan daude.
ETAk armak uztetik ia urtea igaro denean, Espainiako Gobernuaren borondatez presoen egoera ez da zipitzik ere hobetu, ez bada okertu. Disoluzioa jarri du behin eta berriz Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandezek espetxe politikan aldaketak egiten hasteko gutxiengo baldintza. Halere, ez du zehaztu zer egiteko gai den. Egoera horretan, eta Frantziak Espainiaren jarrerari men egiteko duen itxurarekin, 700 preso sakabanatuen eta gaixo larri diren 14 presoen aferak urduritasuna eta ezkortasuna zabaldu du konponbiderantz pausuak ikusi nahi dituzten gizarte sektore zabaletan.
Mobilizazioek eta behin eta berriz “legea betetzeko” eginiko eskariek gobernuaren aldetik izan duten erantzun harroputza ikusita, haratago joatea erabaki dute presoek beraiek. Izan ere, Josu Uribetxeberriaren egoera, presoak berak salatu bezala, “krudela” da oso. Espainiako espetxe legeak berak dio askatasuna dela larritasunez gaixotuta dauden presoei eman beharrekoa. Oraingoan ez da gobernuak ez dituela behintzat Jose Maria Aznarrek 1998an bezala sakabanaketarekin amaitzeko urratsik eman, baizik eta oinarrizkoen diren eskubideak ere, gaixo daudenenak, urratu egiten dituela sistematikoki. Umiliazio etengabean lurperatu nahi du euskal presoen eskubideen aldarrikapena.
Inork gutxik pentsatuko luke orain dela hilabete batzuk 88 euskal presok gose greba mugagabea hasiko zutenik. Ez dator bat gobernuaren malgutasuna nagusitu behar litzatekeen aroarekin. Egiari zor, Espainia soka tenkatzen ari da, baita irmo egin ere. Espainiako komunikabideek ere mendekuaren logikari eutsi diote zirrikiturik gabe. Ia aipatu ere ez dute egiten hilzorian dela Josu Uribetxeberria, minbiziak jota, eta, orain, gose greban. Aldiz, gaur preso denak Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan hartu zuela parte errepikatzen dute, estatuak hark eginiko ankerkeriaren tamainarekin erantzun behar balu bezala, errukirik gabe. Legea betetzea bigarren mailako baldintza gisa aurkezten dute, ETAko presoen alde egiten duten arauek balio ez balute bezala.
Jorge Fernandez ministroak espetxe politikan “inteligentziaz eta eskuzabaltasunez” jokatu zuela esan zuen urte hasieran. Hitz horien atzean, ordea, ez zegoen edukirik. “Birgizarteratze planak” baldintza andana eskatzen dizkie presoei, zertarako eta Euskal Herrira hurbiltzeko. Behin ETAren armak-uztearekin berez gertatu behar lukeenari ere giltzarrapoak jarri dizkio estatuak. Euskal herritarren %70 hurbiltzearen alde dauden bitartean, inoiz baino gehiago, Espainian presoen inguruko iritzi publikoa, legea gorabehera, irmotasun eta errukia ez izatean mugitzen da.
Argi dago estatua ez bada presoen salbuespen egoerari konponbidea ematen hasteko gai, are gutxiago sartuko dela Aieteko puntuei balioa ematen. Presoek gogor egin dute apustu, gutxiengo bat eskatuz bada ere. Gose greba mugagabearekin asko dute galtzeko. Josu Uribetxeberriaren askatasuna gertatzen ez bada, haien osasun fisikoa eta psikologikoak kolpe itzela har dezake, Uribetxeberriarenak zer esanik ez. Are okerragoa litzateke, gose grebak eginda ere Donostiako ospitalean dagoen Arrasateko presoak bizia galtzen badu etxea zapaldu gabe. Gose greba mugagabe bat hastea baino zailagoa da amaitzea, are gehiago ez badira helburuak bete. Gainera, Uribetxeberriaren egoerari sasi-konponketa eginda ere, geroago etor daitezkeen arazoen aurrean metodo gisa iraungo du gose grebak.
Espainiako Gobernua suarekin ari da jolasean. Gainera, behar ez duenean ari da jokoan, kapritxoz bezala, ez bailuke arazorik izan behar hilzorian den preso bati askatasun labur bat emateko, legeari atxikiz. Gero eta lehenago egin orduan eta eskandalu gutxiago sortuko luke, ez dadin Espainian gose greba onartu den xantaia gisa ikusi. Ostera, gose grebek luzera joz gero Euskal Herriko gatazkaren informazioan lurrikara etengabea eragingo luke. Ez zaio hori komeni Espainiari, hobe baitu gauzak patxadaz hartu eta zirt edo zart egitera behar dezaketen egoerak saihestea. Orain, 88 presok, tartean Arnaldo Otegik ez jateko hartutako erabakiarekin ( 240 orotara protestan) tentsioa sortu du, erabaki bat ala bestea hartu eskandalua Ebrotik gora edo Ebrotik behera.
Gose grebek aurrera eginez gero, tragediak etor daitezke, Uribetxeberriatik hasita; inor ez da ahazten 1981ean Irlandan gertatutako gose greba dramatikoez. Sokak are gehiago egingo luke teink eta bake eta konponbide aukerek lokatzetan kateatzeko aukera dute. Ez bake ez konponbide; mendeku egarriari soilik egiten dio mesede.
Inor ba al dago Uribetxebarriaren argazkia ikusita bihotza urratuta eta erraiak goitik behera iraulita sentitzen ez duena? Orduan ez du bihotzik? ETAk urtebete pasata utzi zituen armak eta harrezkero denok Espainako Gobernuaren keinurik nimiñoaren zain gaude, gauzak bideratze aldera, bake bila. Gaixotasaun larriak duten presoak gartzelan behar dute egon? Euren justiziaren arabera ez, Orduan zergatik ez dute betetzen? Mendeku hutsa bilatzen direlako. Eta Otegi eta beste guztiak, arrazoi politiko hutsengatik kartzelan dirautenak? Kalean beharko lukete. Eta beste guztiak Euskalherriratu, behintzat. Ez dago eskubiderik, bilatzen dutena, argi dauat, zoritxarrez, biolentzia bueltatzea da, aitzakiak izateko guardia civilak, policia eta bizkarzainak gure herriak betetzen. Kaka zaharra