Legok 80 urte bete ditu

Lego

Nork ez du sekula Lego jostailuekin jolas egin? Eskolan, etxean edo lagunen baten etxean. Jostailu perfektuak dira haur eta heldu askorentzat, sormena mugarik gabe lantzen baitute. 80. urteurrena ospatu du Legok aurten eta 80 urte horietan zehar Legorekin jolas egin duten haur, gazte eta heldu horiek guztiek enpresaren historia ezagut dezaten, animaziozko bideo polit bat egin dute.

Ole Kirk Christiansen arotz daniarrak jostailuak egiteari ekin zion 1932an bere seme Godfredekin batera. Salmentei bultzada bat emateko, enpresak izen on bat behar zuela pentsatu zuen. Leg Godt (“ondo jolas egin”, daniarrez) izena zuen buruan, eta handik gero Lego bilakatu zen.

Kalitate bikaineko zurezko jostailuak egiteaz gain, plastikozkoak egiten hasi ziren 1946an, material berriaren aukerak ikusita. Baina Lego gaur ezagutzen dugun bezala ez zen 1954 arte jaio, Godfredek adreilutxoen ideia bikaina izan zuen arte. Jostailuek “sistema bat” behar zutela zioen: “Haurrek prestatutako produktuekin egiten dute jolas; soluzio berri bat behar dute, zerbait desberdina, beren sormenari eta imajinazioari bultzada handia emango dien aukera berria”, pentsatu zuen. Eta hala, Lego System jaio zen eta jostailuak Danimarkan ez ezik, atzerrian ere saltzen hasi ziren. Baina, tamalez, aitak ezin izan zuen enpresaren arrakasta ezagutu.

Gutxira, egurrezko jostailuak egiteari utzi zioten eta plastikozko adreilutxoei eskaini zieten arreta osoa. Mundu osoko negozio gizonek fabrika bisitatzera gerturatzen ziren, eta beti bisitariz beteta zegoela ikusirik, Godfredek bere produktuak erakusteko toki handiago bat behar zuela ikusi zuen. Horrela, 1968an, Legoland inauguratu zuen Billunden, ez erakusketa gune bat bakarrik, baizik eta haur zein helduentzako jolas-parke bat. Egun, bost Legoland daude munduan: Billunden, Windsorren (Erresuma Batua), Gunzburgen eta Kalifornia eta Floridan.