30. Osasun Biltzarra: Prebentzioa Auzolanean
30. Osasun Biltzarra: Prebentzioa Auzolanean –
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundean (osasun-arloan euskararen erabilera bultzatu nahi duen elkartea), 2020ko azaroaren 13an eta 14an Osasun Biltzarra egingo dugu. Hogeita hamargarren aldia da Biltzarra antolatzen dela eta oraingo honetan PREBENTZIOAREN gaiaren inguruan izango da.
Auzolana aspalditik datorkigun ohitura eta ekintza da Euskal Herrian, baserri giro eta munduarekin lotuta batez ere. Nork ez du artajorrarena edo artazuriketarena entzun, zer egiten zen halakoetan: auzokoak batu, zeregin jakin bat burutzeko, horrekin batera auzoko berri izateko, eta lan arin-gogorraz gainera, baita momentuaz gozatzeko ere; hortik artazuriketatik datozkigun hainbat kantu eta dantza.
Gaur egun baserrietan barik, herri eta hirietan bizi gara gehienok baina badira gune horietan ere auzolanaren gomuta duten beste proiektu batzuk, auzolanaren ezaugarriak betetzen dituztenak: batera ekin, elkarri lagunduz, eztabaidak onartuz eta gogoz egindakoa ordainsari bakartzat hartuz.
Osasun arlora ekarri gura genuke auzolanarena aurtengo OEEren Biltzarrean, osasunaren prebentzioari ekinez zehazki. Prebentzioa bere zentzurik zabalenean hartuz, zenbat eta zabalago, orduan eta auzolanerako aukera gehiago izango da eta. Prebentzioa neurrira egokituz, badira honetan ere larregikeriak eta. Bizi ohitura osasungarriak zelan garatu, adinaren arabera haurtzarotik zahartzarora, norbere kontura baita taldean ere, bata bestearekin, eskolan, etxean, osasun zentroan, auzoan. Eta euskararen beraren osasun eta prebentzioari arreta berezia jarriko diogu, hoba ez.
Guneotan dabiltzan hainbat lagunek euren bizipenak eta ideiak plazaratuko dituzte, baina gogoan izan, auzolanak berak dioenez, Biltzarrera gonbidatuta zaudeten guztion ekarpenen zain gaudela.
…
Egitaraua
Ostiral eta larunbatean (azaroak 13 eta 14an)
Azaroak 13, barikua
16:00 Harrera
16:15 Sarrera ekitaldia
16:30 Lehenengo mahai ingurua: Elkarrekin mugitu
– Moderatzailea Angel Bidaurrazaga
– Hitzaldiak
-
- Ageing-on Ariketa fisikoa zahartzaroan. Jon Irazusta Aztiazaran, Biologian Doktorea eta EHUko Fisiologia Irakaslea.
- EfiKronik ikerkuntza programa: gaixotasun kronikoa dituzten gaixoentzat ariketa fisikoaren eraginkortasuna. Nere Mendizabal Gallastegui, Bizkaiko Lehen Arretako Ikerkuntza Unitateko erizaina.
- Udal musika eskola bateko dantza jarduera erorikoen prebentziorako: adinekoei zuzendutako esku-hartzea. Maialen Araolaza Arrieta, EHUko Fisioterapia irakaslea.
18:00 Atsedenaldia
18:30 Gune Irekia: Prebentziorako zure ideia eta bizipenak
-
- Partaideek gaiak proposatu eta horren arabera taldeak egingo dira
20:00 OEEren Batzar Nagusia
Azaroak 14, zapatua
09:30 Ahozko komunikazioak
-
- Moderatzailea: Leire Erkoreka
10:30 Euskararen normalizazioa osasun arloan
– Moderatzailea: Izaskun Elezgarai
– Partaideak:
-
- Historia klinikoak euskaraz. Aintzat elkartea – Adrian Zelaia Medikua.
-
- Itzulbide. IXA Taldea – Olatz Perez de Viñaspre EHUko irakasle eta ikertzailea.
11:00 Atsedenaldia
11:30 Bigarren mahai ingurua: Bizitza osasuntsua eskolatik hasita
– Moderatzailea: Isabel Canales
– Hizlariak
-
- Kiva programa finlandiarra. Ainara Nuñez Azkorra, Pedagogoa eta Betiko Ikastolako irakaslea.
-
- Eskola jantokiak: tokiko garapena. Patxi Gaztelumendi, IKT arloko langilea eta kultur sustatzailea.
-
- Erresilientzia eta CSE. Nerabeen arazo emozionalei aurre egiteko entrenamendua. Iñaki Kerexeta, Haur eta nerabeen psikiatra eta Basurtuko Medikuntza Fakultatean irakaslea:
-
- Mugikorren erabileraren arriskuak. Rakel Gamito Gomez, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle eta ikerlea.
13:30 Agur ekitaldia: OEEren 30. urteurrena eta Felipe Aizpuru gogoan