Francok lauburua eta esbastika nahastu zituenekoa

Francok lauburua eta esbastika nahastu zituenekoa –

Amatiñok, Eibar.org komunitatean duen blogean.

Esamesa ezaguna da, Francok Hitlerri oparitu nahi izan ziola Goyaren “La marquesa de Santa Cruz” deritzon margoa, bertan esbastika bat pintatuta agertzen zelakoan, markesak eskuan daraman musika–tresna hornitze aldera. Auskalo zein ote, Francoren azken asmoa, baina Hitlerrek ez zuen sekula koadrorik jaso, are gutxiago esbastikarik ikusi… lauburua baino ez zen-eta.

Hurrengo urtarrilaren azkenerarte irekita iraungo du, Bilboko Arte Ederren Museoan, “Valdés bildumako maisulanak” deritzon erakusketak. Félix Fernández-Valdés bilbotarrak (1895-1976) sekulako pintura eta eskultura-sortarik preziatuenetakoa osatu zuen, eta 79 artelanen bilduma hautatua da honezkero jendaurrean agerian dena. Besteak beste, guztien artean ospetsuenetakoa, La marquesa de Santa Cruz” (Goya, 1805) pintura, Francok Hitler gozatu nahirik-edo, nazien buruzagiari oparitu nahi izan ziona, markesaren lirak (gitarra?) ezarria duen irudia esbastika zelakoan.

Jakinekoa da Goyak XIX. mendearen hasieran marraztutako eguzki-ikurra errazago izan zitekeela “euskal”  lauburua, nazien esbastika baino. Eta, beraz, pentsatzekoa da, artean (Hendaia,1940) Francoren inguruak ezer gutxi zekiela lauburuez, nahiz gero, laster ikasi, Espainiako gerra amaitu ostean gobernu frankistak hainbat hamarkada luzetan lauburuak erabiltzea eragotzi baitzuen.

Kontu jakina ere bada, Francok ez ziola azkenik Hitlerri pintura opatu, geroztik zergatik argitu ez den arren zehatz. Hala ere, Goyaren pintura eta lauburuaren arteko lotura guztiz ezaguna da, Wikipediak, euskarazko sarreran ez ezik, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta beste zenbait hizkuntzatan jasotzen du-eta.

.

Bilboko erakusketa

Ahal izanez gero, Bilboko Arte Ederren erakusketak merezi du bisita, Goyaren margoa ikusteaz gainera, espainiar pintura-sorta pribaturik garrantzitsuenetakoa behatzeko.

Izan ere, kronologia oso zabala hartzen du bildumak, Erdi Arotik XX. mendera arte, gotikotik hasita, antzinako eta modernitateko maisuetara heldu arte: Greco, Anton van Dyck, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Bartolomé Esteban Murillo, Juan de Valdés Leal, Francisco de Goya, Eduardo Rosales, Mariano Fortuny, Darío de Regoyos, Joaquín Sorolla, Ignacio Zuloaga, Julio Romero de Torres, Daniel Vázquez Díaz, José Gutiérrez Solana eta Robert Delaunay.

Francok lauburua eta esbastika nahastu zituenekoa
La marquesa de Santa Cruz. Goya, 1805

Francok lauburua eta esbastika nahastu zituenekoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude