Postureoaren alde (eta naturaltasunaren kontra)
Azken bolada honetan, modan dago itxurakeria salatzea. Edo, tira, aspaldi honetan, nik maiz ikusten ditut Twitterreko mundu txikian pose edo espainoletik ekarritako postureo kontzeptuak. Zerbaiten planta egitea litzateke zorioneko postureo hori, itxura jakin bat eman nahia, benetan zarena baino interesgarriagoa edo xarmangarriagoa zarela erakusten saiatzea, natural ez jokatzea. Bi jarrerak –posea eta naturaltasuna– neronek kontrajarri baditut ere, ez dakit, halere, elkarrengandik hain urrun ote dabiltzan. Bada posea berez eta natural-natural ateratzen zaionik; eta bada naturala izateko itxura egiten duenik, bere keinu natural horiek guziak arreta handienaz zainduz.
Gazte nintzelarik –digresioa: zahartzaroa ez da hasten esaldi berean “gazte” izenondoa eta lehen pertsona elkartzeak aditza iragan aldian paratzera behartzen gaituenean, baizik eta, nostalgiak joak, idazten dugun orotan horrelako sintagmak behin eta berriz baliatzen ditugunean–, unibertsitateko ikaskide batek erran zidan, harro-harro, Edgar Allan Poeren nobela guziak irakurriak zituela. Ikaskide hura –neska eder bat– ni harritu nahian zebilen, garai hartan anglofilo eta intelektual itxura egiten bainuen, eta hark amorru puntu batekin eman zidan bere literaturazaletasunaren berri. Nire bizitza osoan postureo saio baten zuzeneko helburua izan naizen adibide bakarra da anekdota, eta hunkigarria iduritu zitzaidan. Itxura egiten dugularik, ingurukoak gogoan ditugula egiten dugu itxura hori, bertzeen iritzia kezka iturri dugula hartzen dugu pose jakin bat, halakoren onespena lortu nahian edo halakori mespretxua adierazteko asmoz: postureo egitea gizartean bizi garela onartzea da, eta jendearen iritzia inporta zaigula aitortzea. Eta aitormen horrek, normalean, arriskua ekartzen du berekin, beti irri-emangarri gelditzen ahal gara liluratu, txunditu, arbuiatu edo erakarri gogo dugun horren aitzinean. Edgar Allan Poek nobela bakarra idatzi zuen.
Naturaltasuna, berriz, sentiberatasun falta izaten da maiz; naturaltasunaren aitzakian, bertzeak existituko ez balira bezala jokatzen du jendeak: desodoranterik gabeko besapea sudur aitzinean jartzen dizu autobusean, natural-natural, eta egiak aurpegira botatzen dizkizu, itzulingururik gabe, fresko-fresko; normal-normal onartzen ditu gorputzak isurtzen dituen urrin guziak, eta ez du problemarik izaten hanka-zolak edo hanketako behatzen arteko tartea nonahi miatzeko. Desinhibizioaren aitzakian, tirania txikia ezartzen dute nonahi natural jokatzen dutenek, berek erabakitzen baitute zein den jatortasun neurri doia, zein gorputzarekiko jarrera egokia, zein diren arbuiatu beharreko arau sozialak. Aholku ergelen iturri mugagabea izateaz gain (“izan zu zeu, eta nahi duzuna lortuko duzu”), naturaltasuna bere burua aitortzen ez duen konbentzio mota bat. Naturaltasuna utzikeriaren mugan ibiltzen da maiz, axolagabekeriatik hurbil.
Nik ez ditut pose guziak maite; are gehiago, gorrotagarriak zaizkit postureo batzuk. Baina jarrera bera polita iduritzen zait, naturaltasuna baino aise interesgarriagoa eta erakargarriagoa. Itxura egiten duena nortasun hauskorrekoa baita, segurtasun falta du naski, eta horrek maitagarri bihurtzen du; naturala dela dioena, aldiz, sendoa izaten da, eta eroso sentitzen da munduan egokitu zaion lekuan.
Gure buruarekin inoiz konforme ez garenok, eta ingelesezko awkward hitza guretako asmatua izan zela sentitzen dugunok, gorroto dugu norbaitek natural portatzeko eta gu geu izateko gomendatzen digularik. Naturaltasuna, azken batean, sudurreko ileak bezalakoa baita: berez sortzen da, bere funtzioa badu naski, baina sobera handituz gero nazkagarria izan daiteke eta, hortaz, noizean behin komeni izaten da aizturrak hartu eta pixka bat moztea.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]
Oi, Santi! Sublimea iruditu zait testua. Ene “ezin ahantzizkoen” karpetatxoan gordeko dut, urrea bezala. Mila esker, benetan.
Mila esker zuri!!
Ona, Santi. Zorionak!
postureoiruinxeme
Postureo hitz erdaldunaren lekuan, zergatik ez erabili “plantakeria” edo halakoren bat?
“Plantakeria” ez, Villasantus jauna; izatekotan, “landarekeria”.