Postontzia epaituz: UPyD

Gure postontzietara ez-ohiko kolore eta  edukia duten gutunazalak iristen dira egunotan, eta alderdi politikoekin zerikusia badute ere, ez dakarte PPren gainsaririk. Askok zaborrontzia izango dute aterpe, etxera iritsi ere egin gabe; eta gutxi batzuk bozkatzeko baliatuko dira, baina ia inork ez ditu arretaz behatuko. Komunikazio bulegoetan orduak sartzen aritu direnen omenez bada ere, nik alderdi bakoitzak bidalitakoa aztertuko dut hemen, UPyDk bidali duenarekin hasita.

FranqueoAzala

Ulertezin zaidan arrazoiren batengatik Q-rekin idazten den eta txiste askorako ematen duen “Franqueo ordaindua” esaldiaz landa, gutunazalaren koloreak ematen du arreta: UPyDk berezkoa duen kolore magenta hautatu dute, erraz nabarmentzen dena postontziko gutun eta propaganda artean. Gehitu diote Europaren aldeko diskurtsoa eta Espainiaren batasunaren aldekoa uztartzen dituen “La unión hace la fuerza” eslogana ere.

Hizkuntza

Eslogana zein gutunazalak barruan dakarren gutuna espainiera hutsean daude.

Mamia

Konbentitzeko elementu gisa, lehenengo pertsonan idatzitako eta  Francisco Sosa Wagner eurodiputatuak berak sinatutako gutuna hautatu dute, UPyDn izen propioek duten garrantzia agerian utziz.

Alderdi gazte baten ordezkari dela dio Wagnerrek, eta publikazio akademikoak aipatzen ditu bere gaitasunaren bermetzat. Aurkezpen paragrafo horretan bertan Espainiaren batasunaren alde egiteko duen konpromisoa azpimarratzen du.

Europarako dituzten proposamenei dagokienean, zehaztasun gutxiko intentzio onak zerrendatzen ditu: “Europa eraginkorrago, sendoago eta demokratikoago bat lortzea” edota “pobrezia eta prekarietatearen kontra lan egitea” esaterako. Aipatzekoa da etorkinen aipamena ere egiten duela, “bizitza duin baten bila datozenak” Europan integratzen jakin behar dugula adieraziz.

Honakoak dira negritaz nabarmendutako hitzak: “solidaritatea”, “batasunak ematen du indarra”, “paradisu fiskalak”, “pobrezia eta prekarietatea”, “errekurtso naturalak” eta “eskubide eta askatasun oinarrizkoen defentsa”.

Testuaz gain, Sosa Wagnerren argazki bat ere badu gutunak, eta (nola ez) Rosa Diez du bere alboan.

Bihar, EH Bildu.

europako hauteskundeak, posta elektorala, rosa diez, sosa wagner, upd
Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

3 pentsamendu “Postontzia epaituz: UPyD”-ri buruz

  • Ondo egongo litzake emakumeen agerpena aztertzea (biztanleriaren erdia), adb. Bechdel testa gainditzen duen…
    Eta, mamian, homosexualitate eta arrazakeriaren aurreko jarrera kontuan izatea, aukera egonez gero, jakina!

  • Lander Arretxea
    Lander Arretxea 2014-05-15 12:55

    Proposamen interesgarriak benetan, mila esker. Pare bat buelta eman eta saiatuko naiz biharko alean tarte bat egiten.

  • Ez zaizue iruditzen Rosa Sosaren ondoan baino gehiago Sosaren azpian dagoela? Doi agertzen da paparretik gora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude