Postontzia epaituz: PP
Postontzia epaituz –
UPyD eta EH Bilduk etxera bidalitakoak aztertu ostean, PPren gutunazal misteriotsua disekzionatzeko garaia da:
Azala
Ez dakit berariazko hautua izan ote den, baina PPk bidalitako gutunazala zuria da oso osorik; ireki arte ez da jakiterik zein alderdirena den. Hauteskunde propaganda dela zehazten da soilik.
Hizkuntza
Azala estandarra da, eta horrenbestez, oinarrizko informazioa euskaraz zein espainieraz ematen da, “frankeo ordaindua” kasu. Miguel Arias Cañetek sinatutako gutuna zein Mariano Rajoy Espainiako presidentearena aldiz, espainiera hutsean daude idatzita, euskarazko hitz bakar bat ere gabe.
Mamia
Aurretik iradoki bezala, PPren komunikazio bulegoak ohiko gutun formatuaren aldeko apostua egin du, UPyDk bezalaxe. Baina bada aldaketa nabarmen bat: alde bakoitzean gutun bana dago, Rajoyrena bata, eta Cañeterena bestea. Alegia, Europako Hauteskundeetarako hautagai nagusiari bakarrik ez, espainiar estatuko presidenteari ere hitza eman diotela.
Alde bietan goiburu bera dago; urdina, PPren ikurra eta kanpainako esloganarekin: “Norabide onean”. Eslogana gora eta eskuinera begiratzen duen gezi batek -zeina sinbolo ezin argiagoa den- osatzen du. Gainontzean, gutunen atzealdea zuria da, izar urdin txiki batzuk ere badauden arren.
Miguel Arias Cañeteren gutuna
Gutunaren mezu nagusia honakoa da: “Europako Parlamentuak gero eta eragin handiagoa du espainiarron bizitzan, eta bertan ere lanean jarraitu behar dugu krisia atzean uzteko”.
Cañeteren ustetan, Europan galdutako indarra itzuli dio PPk Espainiari. PSOEk utzitako herentziaren ohiko diskurtsoari ere tokia egin diote: “Orain ongizate lezioak eman nahi dituztenen erabakiek eragindako krisi ekonomiko sakon batetik ari gara ateratzen”.
Aipatzekoa da ez duela helburuen edo lantzeko bideen inguruan argibiderik ematen, ez proposamen zehatzekin eta ezta azalpen orokorragoekin ere. Hasierako agurrak ere atentzioa ematen du: “lagun preziatu hori” (“estimado/a amigo/a”).
Mariano Rajoyren gutuna
“Aukera hau baliatu nahi dut egiten ari zaren ahalegin guztiengatik eskerrak emateko”. Horiek dira Rajoyk sinatutako gutunaren lehen hitzak, krisiaren eragina (gehien) pairatzen ari diren herritarrei zuzenduak. Neurri zailak hartu dituztela onartzen du, baina langabeziak behera egingo duela datozen hilabeteetan.
Nondik atera duten ez dakidan arren, datu bitxia aipatzen du Rajoyk hauteskundeon garrantzia azpimarratzeko: “Bruselan hartzen diren erabakien %80ak eragina du gure bizitzan”. Cañeteren bide beretik, krisitik ateratzeko Europan ere lan egin behar dio, eta PP dela Europan eragina izateko alderdi aproposena. Izan ere, eta UPyDri zeharkako erreferentzia eginez, “PP bezalako alderdi handiek soilik dute Europar Batasunaren erabakietan eragina izateko aukera”.
Bihar, PSOE.