Etorkizunekoa

John Steinbecken La Perla amaitu berri dut. Liburua Mexikoko elezahar batean oinarrituta dago. Protagonistak, Kino indigena, perla zoragarria aurkitzen du errekaren hondoan eta saldu nahian dabil bere umeak, Koyotito, irakurtzen ikas dezan eta familia pobreziatik atera dadin. Zoritxarrez, herriko perla-erosle guztiak jabe bakarra dute eta tranpatan aritzen dira Kinok bere altxorra merke sal dezan. Liburu honetan indigenak pairatu zituzten bidegabekeriak salatu nahi ditu Steinberck-k baina idazlea bera ere tranpa horretan erortzen da, nahigabe bada ere, eta geure herria ekarri dit gogora. Kinok tribuaren hizkuntza erabiltzen duenean, “bere arbasoen hizkuntza” erabiltzen duela dio idazleak. Euskal Herrian ere, euskararen gainean mintzatzeko “geure arbasoen hizkuntza” lako esamoldeak erabiltzen ditugu, euskara, edo Kinoren tribuaren hizkuntza, iraganeko kontua bailitzan eta gaztelaina uneko eta etorkizuneko hizkuntza dela aditzera ematen. Bada, ez dut entzuten euskara geure “etorkizunaren hizkuntza” edo geure “ondorengoen hizkuntza” dela dioenik eta horrek kezkatzen nau, ematen baitu euskara hilean behin bisitatzen dugun aitite-amama dela (esan nahi baita, aitite-amamarekin bezala, data zehatzetan baino ez garela euskararekin akordatzen; hainbeste maite dugula badiogu ere).

Horregatik, aldarrikatu nahiko nuke euskara geure oraina eta etorkizunaren hizkuntza ere dela, eta halaxe izatea behar dugula Euskal Herriari hauspoa emateko. Izan ere, oso nekatuta nago erdaraz dugun azentuagatik ezagut gaitzatela Espainan zehar, Vaya Semanita edo 8 apellidos vascosen arabera ei duguna. Bada garaia euskara entzutearren atzerritarrak konturatu daitezela euskaldunak garela, euskaraz egitea baita euskara geure hizkuntza dela eta euskal hiritarrak garela erakusteko modu eraginkorrena.

Presencia Vasca saiorako prestatutako zutabea

 

EtorkizunekoaEtorkizunekoa

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.