Postontzia epaituz: EH Bildu

Postontzia epaituz: EH Bildu

Atzo UPyDk bidalitako gutunarekin hasitako bidea jarraituz, postontzian jasotakoari begira jarri naiz gaur ere. EH Bilduren gutuna topatu dut bertan.

Postontzia epaituz: EH Bildu

Azala

Bitxikeria gisa, UPyDren gutunean “Franqueo ordaindua” zena “frankeo ordaindua” da orain. Horrez gain, gutunazalean ohiko kolore zuria mantendu dute, eta deigarriak egiten diren bi elementuak berde argiz idatzitako “BAI” eta “EZ” handi horiek dira. Atentzioa eman dit EH Bildu hitza bera ez modu deigarriagoan agerrarazteak, lehen begiratuan ez baita argi ikusten. Bestalde, azalak berak laburtzen du hautagaitzaren programa: Troikaren inposizioen aurkako jarrera, eta erabakitzeko eskubidearen defentsa.

Hizkuntza

Azala elebitan dago idatzia, baina euskarazko hitz eta esaldiek espazio gehiago hartzen dute. Gutunazalaren barruan dagoen orria aldiz, euskaraz da alde batetik eta espainieraz bestetik; kasu honetan, neurri eta egitura berbera dute bi aldeetako hitzek zein bestelako elementuek.

Mamia

Ohiko gutuna bidali beharrean, bisualki argiagoa eta erakargarriagoa den afixa hautatu dute, “Zergatik eman bozka EH Bilduri?” galderari 9 arrazoik osatutako zerrendarekin erantzunda. Arrazoi bakoitzak irudi bana du alboan. Gutunazalean bertan erabilitako BAI vs EZ egitura berbera probestu dute arrazoi horiek lotzeko.

bilduu

Hasieran aipatutako bi puntuez gain, emakumeen eskubideen aldeko borroka eta gatazkaren konponbidea dira deigarrienak (UPyDk aipatzen ez zituelako batik bat). Bizi baldintza duinek zein eskubide eta askatasunek ere badute lekua, baina Sosa Wagnerren gutunak ere aipatzen zituen. Bestalde, Min Egiten Dien Bozka kanpainari keinua ere egiten zaio.

Diseinuari dagokionean soila baina irakurterraza da, eta azken aldian EH Bilduk erabili izan dituen urdin iluna eta berde argia uztartu dituzte. Zentzu horretan, kolore urdin ilun horrek Ernairen afixak gogorarazten ditu.

Genero ikuspegitik aztertuz gero, ez dut Bechdel testa bere horretan egiterik izan, baina irudietan modu argian agertzen diren pertsonen artean, hiru dira emakumeak, eta bost gizonezkoak. Aldiz, afixaren atzealde edo fondoan emakumezko bat agertzen da. Dena den, irudiok txikiak dira, eta ez dute protagonismorik.

Azkenik, adierazgarria da ez dela hautagaien izen edo argazkirik agertzen. Horrenbestez, EH Bilduren kasuan taldeak izen propioek baino pisu gehiago duela ondoriozta liteke, edo bederen, hori bera nahi izan dutela adierazi.

Astelehenean PP.

Postontzia epaituz: EH Bildu

NIRE KONTRA ESANAK

3 pentsamendu “Postontzia epaituz: EH Bildu”-ri buruz

  • ikusi al duzue zerrenda? zerrendari begira nago eta ez dago ez BNGkorik,andecha astur,kanariarrik ….
    norbaitek esplikatuko dit zer zerrenda den hori?

    • Amonamantangorri 2014-05-17 01:30

      Galizian erabiliko dituzten zerrendetan ere ez omen dago Josu Juaristiren ez besteren izenik, BNGkoak besterik ez.

  • Webgunera joanda, ikus daiteke programa asturieraz eta aragoieraz ere badagoela (galizieraz, gaztelaniaz eta katalanez ere bai). Normala da, koalizioko indarrak kontuan hartuz, baina ongi dago. Seguru aski hizkuntza horietan dagoen programa bakarra izanen da.