Pornoa Ricardorentzat
Pornoa Ricardorentzat –
Jose Mari Pastorrek, Berria egunkarian.
Ez dakit Gorki Aguilak Iruñeko epaiketan nabarmendu den epailea izan zuen gogoan Porno para Ricardo talde punk kubatarra sortu zuenean. Aguilak pornoa aldarrikatzen du gizabanakoarentzako plazer moduan. Ricardo Gonzalez epaileak pornoa gogorarazten duten azalpenak eman ditu bost akusatuen erasoa deskribatzean. Dena «olgeta eta gozamen giroan» izan zen. Hala ere, ez dut uste bi gizonek elkar ezagutzen dutenik.
Pornoa Ricardorentzat. Gonzalezen arabera, la manada deritzon taldearen jarduera plazer ekintza izan zen. Biktimak ez zuen sufritu: gozatu egin zuen, erasotzaileen mailara heldu gabe, baina. Epailea jantzita dago; inork baino hobeto ezagutzen du emakumearen sexualitatea. Irribarre, begirada bati erreparatu, eta andrazkoaren kitzikapena nolakoa den asmatzen du. Meg Ryanek ez zion itxurazko orgasmoa sinetsaraziko afaritan. Guri bai, hari ez. Horregatik, aditua delako, Gonzalezek ez du bortxaketarik ikusi irudietan. Porno kutrea besterik ez. Gustura zeuden erasotzaileak, gustura biktima. Eta bera, gustura zegoen? Zerbait sentitu zuen hankartean snuff bideoa ikusten ari zen bitartean? Porca miseria. Non zaude, Wilhelm Reich?
Bortxaketaren kulturari hauspoa ematen dio Iruñeko epaiak. Auzi honetan pornoaren eragina aipatu duenik egon da. Moralkeriak bazterrean, bistan da zerbaitek distortsionatzen duela gizonezko batzuen burua, sexu eszitazio abiapuntu nagusia alegiazko jarduera batzuk dituztenean. Salbuespen moduko fantasia ohiko bihurtzen denean. Taldeko jarduera horretan larru gorritan dago gizona, baina ez biluzik. Taldearen ezkutu doilorrak gordetzen du. Iruñeko bortxaketan neskaren zaurgarritasuna baino ez da azaltzen. Gizonena taldearen barruan ezkutatuta geratzen da. Koldarkerian. Fisikoki edo psikologikoki ahul agerraraziko dituen emakumearen gorputzaren beldur dira. Haien gizontasuna zalantzan utziko duten beldur. Baina zer da gizontasuna?
Sexu harremanak ez zirela «adostuak» izan onartu dute Iruñeko epaileek. Emakumea «behartu» egin zuten mendean hartzeko. Biolentzia psikologikoa deskribatu dute testuan, baina biolentzia fisikorik egon ez zela frogatzen saiatu dira. «Nolanahi ere, argi geratu da ez zenuela minik sentitu», azaldu zion Gonzalezek biktimari. Zenbat aldiz korritu zen galdetzea ahaztu zitzaion. Norberaren gogoa bortxatzea, duintasuna ezabatzea, objektu baten moduan bost gizonek eskutik eskura pasatzea ez al da biolentzia? Ez da mina? Zer egin behar zuen neskak, ba, konforme ez zegoela argi gera zedin? Ahoan sartzen zioten buztanari kosk egin, errotik atera? Gusturago ibiliko litzateke epailea?
Justizia espainiarrak IAT delakoa pasatzen ez duela esan du Pere Martí kazetariak, Iruñeko epaiaren harira. «Justizia espainiarrak biolentziaren kontzeptuaren inguruan egiten duen erabilera aleatorioa» salatu du, indarkeria nork erabiltzen duen. Segurtasun indarren aldetik ez dago indarkeriarik, dela defentsarik gabeko neska baten kontra, dela bozkatu nahi duen jendearen kontra. Altsasuko taberna batean izandako liskarra edo independentistek autopista batean egindako protesta terrorismo ekintzak dira. «Alde ikaragarria da». Bai, desberdintasuna itzela da.
Porno para Ricardo taldearen kanta famatuenetako bat Fidel Castroren kontrako testua izan da. Estatuburuaren gaixotasuna aipatzen du. Abestiak mezu hau errepikatzen du: «Usted es un tirano y no hay pueblo que lo aguante. No coma tanta pinga, coma andante». Gorki Aguila 2003. urtean atxilotu zuten droga izatea egotzita, eta bi urte eman zituen espetxean. 2005ean, Habana Blues pelikulan parte hartu zuen. Egun, kantariak Kubako hiriburuan segitzen du, resolviendo. Adierazpen askatasuna urratu diote; iraintzeko askatasuna ere bai. Ados, baina tira: saia dadila Madrilgo talde punk bat antzeko kanta bat sortzen, Espainiako erregearen familiari buruzkoa. Kanta dezala jende aurrean: «No tragues tanta lefa, Letizia, reina jefa». Ausartu dadila. Ea zer gertatzen zaion.