#M1 Hiru eta mila aldiz errebelde

#M1 Hiru eta mila aldiz errebelde –

Bilgune Feministak maiatzaren lehenerako idatzi duen irakurketatxoa.

.

«Feminista izanik ezkertiarra ez denak, estrategia falta du. Eta ezkertiarra izanik feminista ez denak, sakontasuna»
ROSA LUXEMBURG

.

Ezagutzen dugun mundua desegiten ari da, kapitalismoa* birfundatze ziklo batean baitago. Aurrerabidearen, berdintasunaren eta ongizatearen promesarekin seduzitu nahi gintuen kapitalismo batetik, maskararik gabe, gutxi batzuentzako lekua besterik ez dagoela aitortzen duen kapitalismo batera igarotzen ari gara. Atarian dugun proiektu neoliberala sakontzen ari da, bai autoritarismoan, bai klase hierarkia arrazistetan eta patriarkaletan; besteak beste: ondare komunen pribatizazioak, bioekonomiak, proiektu estraktibistak, nazioarteko merkataritza eta inbertsiorako itun berriak, finantzaren nagusitasuna, feminizidioak… Botere korporatiboak gobernatzen dituen zelaiak areagotzen doaz, herritarren esplotaziorako forma berriak sortu eta gure bizitzen prekarizazioa muturrera eramaten duen bitartean.

#M1 Hiru eta mila aldiz errebeldeBitartean, lan merkatua geroz eta modu konplexuagoan garatzen ari da eta porotsuak dira mundu zaharreko mugak: Lan egunak erabat flexibilizatu direnean, nola ez nahastu bizi eta lan denborak? Zenbat dira etxetik auto-enplegatzen direnak umeak zaintzen dituzten bitartean? Zenbat laneko sakelakoa 24 orduz gainean daramatenak? Ekintzailetasuna erraietara sartu digutenean, zenbat dira enpresari sentitzen direnak? Gaur egun, zenbat lan egiten dugu garaiko fabriketan eta zenbat etxeetan, bulegoetan edota taberna zuloetan? Zenbat nekazari dira, zailtasunak zailtasun, kalitatea lehenesten dabiltzanak, botere publikoak laborantza industriala sostengatzen dabiltzan bitartean? Lan harremanak aldatu dira, langileria zatikatuagoa dago, askotan, ikusezinagoak direlako lan kargak. Gainera, posizio sozialak (arraza, sexu, adin, jatorri edota gorputz funtzionalitatearen aldagaien arabera, besteak beste) ezberdin kokatzen gaitu.

Horregatik, parean dugun erronkari erantzuteko, gure metodo analitikoak eguneratzea eta testuingurua egokitzea dagokigu. Ekonomiaren dimentsio produktiboa eta erreproduktiboa modu artikulatu batean irakurri behar ditugu, bertatik klase borroka sortzaile, irmo eta eraberritu bat garatu ahal izateko.

Horretan, feminismoak gako inportanteak eskaintzen dizkigu: Gure arteko desorekak identifikatzea eta izendatzera ausartzea, norbera bere kokalekutik abiatu eta elkartzen gaituen marko politiko komuna eraiki ahal izateko. Askabide nagusi batek menpekotasun guztiak gaindituko dituela dioen paradigma absolututik aldenduz, borroken mailakatze antzutik borroken arteko elkar loturetara igaro behar gara. Subjektu berriak identifikatuta soilik sortuko ditugulako aliantza berriak, inoren borroka instrumentalizatu barik. Bide ugariak, erritmo ezberdinak, subjektu politiko anizkoitzaren artikulazioa, ezinbesteko dira kapitalismoari aurre egiteko.

Halaber, feminismoak kapitalaren oinarri sexuatua eta generoaren dimentsio sozioekonomikoa bistaratu dizkigu, emakume eta gizonen arteko bereizkeria kapitala hedatzen jarraitzeko estrategia politiko-ekonomiko baten baitan kokatuz. Baina, batez ere, zeregin bat jarri du borroka antikapitalistaren erdigunean: sistema erasotzeko, haren ardatz heteropatriarkala suntsitu behar da.

Honen aurrean, burujabetza feminista aldarrikatzen dugu, gure bizitza eta herriaren gainean erabakitzeko gaitasunen zein askatasun esparruen berreskurapen proiektu gisa. Bizitzak eusteko ardura kolektiboa eraikitzeko apustua da hau, egunerokotasunean sustraitua. Bizitza defendatzea ez baita afera abstraktu edo ideala, baizik eta bizitza duinen mugen inguruko posizio politiko zehatz bat hartzea; erraustegien aurkakoa, aberastasuna banatu eta produkzio moduak kolektibizatzearen aldekoa, osasun sarbide unibertsalaren aldekoa, kaleratzeen aurkakoa e.a. Elkarrekikotasuna, gorputz propioa zein komuna, indar kolektiboa eta eztabaida soziala ditu oinarri; eta hori, merkatutik eratortzen ez den herritartasuna eraikitzeko prozesua izanen da. Berau, autogestioa eta komunitatearen sareak josteko auto-eraketa ariketa batetik pasatzen da, baita bizitzaren erreprodukzioa bere gain hartuko duten instituzio sozioekonomikoak eraikitzeko erakundetze bide propio batetik ere; eta horrek guztiak, noski, Euskal Herriko antolaketa juridiko-politiko berri batean isla izan behar du.

Feminismoaren ikaspenak aipatu ditugu, baina Rosa Luxenburgek zioen moduan, “Feminista izanik ezkertiarra ez denak, estrategia falta du”. Hala ulertu zuen euskal feminismoak hasiera hasieratik. Askapen borrokaren eta gizarte mugimenduetako militantziak uzten zigun tartean, emakume izateak zekarrena politizatzeko elkartzen hasi ginenok; hamar orduko lanaldien ostean, kartzelatik irten berri edo borrokaren sostengu lan amaigabeen artean, auzo elkarte edo etxeetan antolatzen hasi ginenok, ondo aski genekien generoak ez zituela gure menderakuntzaren ertz guztiak barnebiltzen. Horretxegatik, sexu-generoa, klasea eta nazioaren artikulazioa, hau da, zapalkuntza hirukoitza, izan da gure oinarri, hala errealitatea aztertzeko, nola alternatibak proposatzeko.

Bide honetan, marxismoak tresna teorikoak eta metodologikoak eskaini dizkigu esplotazio egiturak hautemateko; zapalkuntzen eremu sozioekonomiko, ideologiko eta politikoak erradiografiatzeko. Horrela, identifikatu dugu emakumeon menderakuntzaren dimentsio materiala eta ekoizpen eredu honetan dugun posizioa. Ikasi dugu teoria eta praxi politikoa, eskua eta burua, elkar loturik doazela, bata bestean oinarritu behar delako. Gure diskurtsoak gorpuztean eta gure gorputzak politizatzean, antolakuntza eremuak dibertsifikatu ditugu, izan etxeetan, izan oheetan, izan kaleetan, izan alderdietan, izan lantokietan, izan sindikatuetan, izan ikastetxeetan, izan espetxeetan e.a. Eta kontraesanak aurrera egiteko baliatu behar ditugula jakin badakigu, harreman dialektiko batean ulertzen baititugu.

Kontraesanetatik sistemarekiko hausturan sakontzen goaz. Ez da erronka makala. Honetan dabil duela 40 urte bidea urratu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Iragan den martxoaren 8ko greba feministak historiaren atal berria idatzi zuen. Hala izan zen, prozesu honetan, borroka demokratizatu delako; espazio guztietatik ekarpena egiteko tresnak ugaldu direlako, bizitza eremu guztiak erresistentzia gune bihurtuz. Emakumeon ezinegonak politizatu ditugu, ezkutuko gatazkak argira atera eta deserosotasun politikoa norabide anitzetan zabaldu ditugu. Eta bide horretan, lidergo kolektiboak askotariko eta ezberdinen artean artikulatzeko trebezia palanka nagusi izan dugu.

Baina, zalantzarik gabe, kapitalismoak gu irensteko estrategiak martxan ditu. Gure borroka eduki gabeko espektakulu eta kontsumo gai bihurtu nahi ditu. Horren aurrean, garbi adierazi nahi dugu: feminismoa ez dela eliteena, ezta berdintasunaren aldeko faltsukeriarena ere. Ez gara San Mames eta Iberdrolako argi moreak. Ez gara Inditex-eko produktuak. Ez gara, azken unean, hauteskunde interesengatik, hainbat politikarik egindako greba babesteko hitz hutsalak. Ez gara Letizia erregina edo Ana Rosa Quintanaren lan uztea.

Produkzio modua eta harreman sozial kapitalistak iraultzeko sortu ginen, eta horretan berresten gara. Martxoaren 8tik, maiatzaren 1era: GORA BORROKA FEMINISTA!

.

*Kapitalismoa izendatzen dugunean, dominazio sistema patriarkalarekin eta kolonialistarekin duen artikulazioan ulertzen dugu.
Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde Hiru eta mila aldiz errebelde
feminismoa, langileak, maiatzak 1
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude