Politikari abertzaleen jarrerarekin etsita? ‘Gure esku dago’
Dinamika herritarra da Gure Esku Dago, eta erabakitzen eskubidearen aldeko lana egiteko sortu da. Irungo Ficoban aurkezpen publikoa egingo dute larunbatean.
Katalunian gertatu bezala, erabakitze eskubidearen aldeko olatu arrakastatsua sortu nahi bada, herri mugimenduek bultzatu beharko dituzte politikariak, eta ez alderantziz.
Ekimenean lanean ari da, besteak beste, Nazioen Munduko kide Angel Oiarbide (haiek egina da Gazta Zati bat dokumentala). Hark 2012ko urriaren 21ean idatzitako testua duzu Gure Esku Dago (@gureeskudago) dinamikaren aurkezpen bideoaren azpian.
Gure esku dago
Erresuma Batuan, 2012ko urriak 15ean, Alex Salmond eta David Cameronek Eskoziako erreferendumaren inguruan elkarri bostekoa emanez irudikatutako akordioak txunditu egin nau.
2007tik SNPk erreferendumaren inguruan emandako pausoak gertutik segitzeko aukera izan dugu. Hala ere astelehenean ateratako argazkia ikusteak, barneratuta ditugun eskema itxien ondorioz,ustekabean hartu nauela esango nuke. Erresuma Batuan eman den argazki horrek, hango gizartean baino, gurean argitasun gehiago eman dezakeenaren ustea dut. Gizartean oinarritzen eta gizartean sustraiak botata dituen argazkia da. Erresuma batuko gizartean irudi hori ez da oasi bat, gure lurrean gaur egunean izan zitekeen bezela. Horregatik argazki berari baino, hori posible izan dadin behar beharrezkoa den oinarriari, gizarteari, begiratu beharko genioke. Argazkia azken finean horren ondorio bat da.
Demokraziaren bidean, gureak baino askoz pauso gehiago, eman dituen gizartea da.
Herri bakoitzak, gizarte bakoitzak, pausoak emanez bere bidea ireki, sortu edo eraiki behar du. Baina norabide egokian joateko, iparra edo izar egokiei begira eman behar ditu pausoak. Eta horretarako izar edo ilusiozko argi iturri guztiak erabili behar ditugu norabidea eta iparra irudikatzeko. Baita kanpoko izar edo mugarriak ere: Eskozian ematen ari diren gertakariak adibidez. Nahiz eta hemen, gure bidea egin beharko dugun, ditugun baliabideekin mugarri horiek lagungarri izan ditzakegu.
Urriak 15ean Alex Salmond eta David Cameronen argazki-mugarri hori, EHan hipotetikoki argazki hori ordezkatu dezaketen bi pertsonaiak nortzuk izan daitezkeen pentsatzen oker arituko ginatekeela iruditzen zait. Argazki hori ez baitago bi pertsona, bi alderdi edo bi instituzioen eskuetan. Agintari, instituzio, legedi etab… luze baten grabetate zentrua gizartean dago. Gure esku dago.
Perspektiba historikoarekin begiratuta liderrak, instituzioak, legediak…aldatu egiten dira. Epe motzekoak dira. Guzti horren zimentua eta oinarria den gizarteak edo gizarte horren baloreak, iraupen handiagoa du ordea.
Eskozian eta Erresuma Batuan gertatzen ari dena inbidiaz ikus dezakegu. Baina ematen ari diren argazki, jokaera eta jarrera guzti horiek gizartearen isla dira.
Hango eta hemengo egoerak alderatuz gero, diferentzi handiak aurki genitzake. Baina gure herrian, gure aurrean ikusten dugunarekin gustora ez baldin bagaude, hausnarketa egin dezagun, guk zer egiten dugun, edo zer ez dugun egiten eta nola jokatzen dugun aurrean ikusten dugun hori bestelakoa izan dadin. Gustukoa izan dezagun. Zer egin dezakegu? Nik bi aukera ikusten ditut: Bata, zai egon. Agian denboraren poderioz, bere kasa egoera gure gustura egokitu daiteke. Edo eta gu egokitu gintezke egoerara. Eta bestea, arduraz jokatu. Gure esku dago.
Gehiegitan, adibidez politikariengan delegatzen ditugu guri dagozkigun ardura asko. Delegatzean, momentuan karga bat ken genezake gainetik. Baina denbora pasa ahala, benetan barruan dugun gaitasunaz ahaztu gintezke. Delegatu diogunarekiko dependentzi bat sorraraziz. Guzti hori alda dezakeen, guzti horren aldaketa sorrarazi dezakeen iturburuaz ahaztuaz. Gure gaitasunaz ahaztuaz. Eta egiten dutenarekin kexati baldin bagabiltz, orduan gelditzen zaigun aukera, lau urtez behin jartzen diguten kristalezko urna batean botoa eman eta horrela suerte pixkatekin, gure ardurak delegatzen diogun pertsona, instituzio edo politikariak aldatu, horrela egoerak hobera egingo duen esperantzaz. Beste batzuengan delegatuz.
Agintariak, politikariak, alderdiak herritarren eskuetan izan behar ditugun tresnak, baliabideak dira. Edo egokiago esanda, elkar lanean aritu beharreko ekipo bera. Hori horrela izan dadin lehendabiziko bete beharra, gure jarrera aldatzean datza. Horretaz jabetu, konsziente izan, sinestu. Hartu beharreko jarrera eta bidea irudikatu. Bidea irudikatzean, atzetik pausoak errazago dijoaz eta.
Irudikatu dezagun gizarte partehartzaile, heldu eta osasuntsu bat. Irudikatu dezagun oinarria-gizartea osatzen duten sentsibilitate ezberdinen arteko topaguneak, adostasunak edo bilguneak—. Irudikatu ditzagun nahi ditugun agintariak, politikariak, instituzioak. Irudikatu dezagun nahi edo desio dugun etorkizuna. Garai bateko euskal itsasgizonek, gau ilunetan, itsaso zakar eta zabaletan aurrera egin eta zituzten helburuak lortzeko gidari zituzten izarrak bezelaxe irudikatu ditzagun ditugun helburuak. Bidea erreztu, argitu, garbituz pausoak errazago eman ditzagun.
Zuk zergatik hartuko duzu parte Gure Esku Dago dinamikan?
Herri baten independentzia vs menpekotasuna. Herri horren desagertzea edo biziraupena. Hori da aukera bakarra, eta hori bozkatu daitekeen zerbait bezala aurkezteak ez du zentzurik, ez bada estatu menderatzaileen ikuspegitik.
Gainera autodeterminazio eskubidearekin lotzen saiatzen dira, erabat kontrajarriak direnean.
Menpeko herri izaten jarraitzea eta ondorioz herri bezala desagertzea, menderakuntza gainditu eta bizirautea bezain zilegia dela esaten zaigu inplizitu eta esplizituki.
Ez dut zalantzan jartzen sustatzaileen borondate ona, baina erabakitzeko eskubidea deitzen duten hau ez da independentziarako urrats bat, guztiz kontrakoa baizik.
Aske izan gabe aske izateko bozketa bat antolatzea absurdo bat da.
Iruditzen zait, Ingelesek “erabakitzeko eskubidea”, hau da, nazio bati dagozkion autodeterminazio, lurraldetasun eta defentsarako eskubiderik gabeko kontsultak, beraien presentzia legitimatzeko erabiltzen dituztela : Malvina irlak, Gibraltar, Eskozia,… Quebec-eko aurrekaria ere hor dago.
Erabakitzeko kontsultarena, nazio bat ez dugula osatzen sinestarazteko azken ofentsiba da. Aurretik jasan ditugun beste batzuren (autonomi estatutuak,…) parekoa. Berriro heldu zaio herri honi erresistentzia ideologikoa egiteko nahikoa indarra duen ala ez frogatzeko unea.
Ekimen aparta iruditzen zait ‘Gure Esku Dago’. Gazta Zati Bat dokumentalak erakusten zuen izpirituak hunkitu eta konbentzitu ninduen. Denok batera egin behar dugu bultza, elefanteak eta kontzientziak astintzeko, hitza geurea izan dadin. Badugu lana aurretik, baina helduko da gure eguna. Animo dinamikako parte hartzaileei eta laster orpoz orpo lanean ikusiko garelakoan, aupa zuek!
Irlandari begira egon ginen, gero Quebec, orain Eskozia, … ez dakit, holan jarraituz gero zoramena izango da, eta norbera leku ezberdin batera begira dagoela, euskaldunok ez dugu elkar ikusiko.
Ainhoarekin bat nator, erabakitzeko eskubideak ezkutatzen duena horixe da, gure herriak jasan duen zapalkuntza zuritzea.
Aldebakartasunaren aldeko iritziak gero eta gehiago diren honetan, erabakitzeko eskubidea utzi eta autodeterminazioari heldu beharko genioke. Hori eginez gero, alderdietatik kanpo, “Gure esku dago” moduko ekimenekin itxaropentsua naiz.
Jarraitu dezagun “erabakitzeko eskubidearen” (i)logika: frantses bat Madrilera doa, lana lortzen du, eta Espainia Frantzia dela aldarrikatzeko eskubidea eskatzen du: barreak ;-p. Pentsa dezagun marokoar batek Saharara doala eta hurrengoko egunean sahauriarrak handik botatzeko eskubidea duela bozkatzea: ez du Europan inork onartzen (besta gauza bat gerra baten sartzea da).
Orain pentsa dezagun: andaluziar eta Paristar parea Bilbora eta Baionara datoz eta Bizkaia eta Lapurdi eurena dela aldarrikatzen dutela eta euskaldunak dugun eskubide bera dutelako Gure Herriarengan: ASTAKERI HORI DA “ERABAKITZEK ESKUBIDEA”.
Utikan inperialistak euren herrietara!, eta orduan bai, orduan bozkatuko dugu: ASKE GARENEAN, baina bozkatuko dugu: NOR DEN GURE GOBERNU BURU.
-Erabakitzeko eskubidea eskatu egiten da, autodeterminazioa gauzatu.
-Erabakitzeko eskubidearen sujeto politikoa demos bat da, autodeterminazioarena herri/nazioa.
-Erabakitzeko eskubidea posible izateko demokrazia egoera bat esistitu behar da. Zapaldua egotea eta demokrazia baten bizitzea ezinezkoa da. Edo bat edo bestea.
-Erabakitzeko eskubidearen sinonimoak, transbersalitatea, seduzioa… dira, autodeterminazioarenak askatasuna, independentzia…
Edozein pausu emon aurretik nora joan nahi dozun jakitea egokia izaten da. Askatasuna lortu nahi badogu erabakitzeko eskubidea ez da pausu egokia.
Ados nago Fermin, baina gauzak hain txuri ala beltz ikusi ordez, neuk grisako ikustzen ditut:
– Lehenik, autodeterminazioa gauzatu egiten da bai, baina ezin uka hori lortzeko oinarri sozial sendo bat beharrezkoa dela, horren aldeko “sedukzio” edo dena delako bat egin behar dela aurretik; bestela, nola? Nork du indarra? Guri herriaren indarra soilik geratzen zaigu, estatuen indarraren aurrean.
– Bigarrenik, deidaldi hau egokia izan daiteke, hain zuzen ere, autodeterminazioa Vs. erabakitzeko eskubidea eztabaidatzeko. Ziur naiz askok ez dakitela ezberdintasuna non dagoen, ez dute erabat argi ikusten zein de aldea (neuk barne). Pedagogia hori egiteko toki egokia izan daiteke eta, bide batez, terminologiaz haratago, hauen asmoa autodeterminazio-terminoetan uler liteke: “nazio bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta egingo dugu” esan ordez, “nazio bat gara, autodeterminatzeko eskubidea dugu eta egingo dugu” esanez.
– Eta azkenik, badugu zer eztabaidatu autodeterminazioa gauzatzeko estrategiari heldu baino lehen: Zein da nazio-subjektua? udalbiltzan dagoena? Instituzio arrotzek banatutako zatiak, bakoitzean bere erritmo eta estrategiak erabiliz? Biak baliatu behar dira estrategia komun batean? Eta abar luze bat.
Seduzitu egin behar da, BAI, baina gure Herria, ez inperialistei.
Nazio-subjetua: Gure Herri osoa, euskal kontzientzia duen jende oro. Gure lurraldetik zein lortuko dugu askatzea? Alden eta gehien Gure indar-estrategiaren arabera. Guk ez ditugu “lurralde zatiak”, zatiek beste batzuek egin dizkigute. Begira katalanak hasitako mugimendua: hortxe duzu zure hainbat galderen erantzuna. Begira Europan autodeterminatu diren azken Herriak edo eta Estatu berriak: non dago “erabakitzeko eskubide” hori? Zein izan da askatasuna lortzeko galdera misteriosoa??
Autodeterminatu: Herri lez gure bidea egin, zapalkuntzatik alde-ginez. Erabakitzeko eskubidea: inperialistei baimena eskatu existitzen ez den “demos” bat euren Estatutik banatzeko: Nola? Inperialistei seduzituz? Idarpean gaude eta indarrez lortuko dugu askatzea.
Ez Xoxobeltz, ez didazu inolako erantzunik eman, niri ez behintzat; agian zure ustezko ni bati, baina niri ez. Nork hitz egin du inperialistak seduzitzeaz?? Nork esan du inori baimena eskatu behar zaionik?? Gure herria seduzitu beharko da, gure herriak bide hori har dezan.
Ez dagoela lurralde zatirik diozu, baina gero ahal den zati guztia autodeterminatuko dela diozu; barka, baina zure kontraesanarekin argi geratu da, gustatu ala ez, herria zatituta dagoela.
Azkenik, Katalunaren bidea diozu? Haiek aspaldian barneratu zuten inperialisten zatiketa; ez ahaztu oraingo Katalunia EAEren moduko zati bat baino ez dela.
Jarrerak hurbildu nahian: gure herriaren gehiengoak erabakitzeko eskubidearen alde egiten badu eta berau gauzatu independentziak irabaziz, azken finean, ez al da autodeterminazio eskubidea gauzatzea?
Kataluniakoa bezalako “sorpasso” baten beldurra dago hemengo “abertzale” batzuen jarrera ulergaitzaren atzean…
Peru, ez nahiko! Iruzkinak berriz irakurtzera zigortua.
Umorearekin jarraituz:
https://twitter.com/ikerAraotz/status/342635185357078528/photo/1
Iker, aitortzen dut nire iruzkina aurrekoak irakurri gabe egin ditudala, eta zurea ez dudala ulertzen…
Azkeneko urte hautean horrelako ekimen guztietan parte hartu izan dut. Oraingo honetan, berriz, ez dut batere garbi. Oso jende zintzoa ikusi nuen aurkezpen-agerraldian, langile finak, prestuak eta garbiak. Arraroagao egin zait, aldiz, PNVrekin lerrokatuta egon diren haninbat pertsona ikustea eta arraruagoa egin zait, “INdependentistak” taldea bultzatu ostean, “erabakitzeko eskubidea” eskatzea. Atzerapausu dilalektiko-ideologikoa ikusten dut edo iraganean galdu zen “Ibarretxe” ildorarekin bat eiteko ahalegina, ez dakit. Azkeneko urteetan hamiaka saiakera egin ditugu, “Independentistak” sarea independentsimoari bultzakada emango zion ekiemen nagusia zela pentsatu nue. ez zen horrela izan eta orain “erabaktzeko -eskubidera” aldarrikatzera pasatzen bagar, beste urratsa atzera? aitzinerat egin behar dugun garaietan. Ahulezi idologiko handia ikusten du klase politikoan, indartsu egon behar ginen tokietan, politikoen ahulezi horrek ez al du kutsatu herri mugimendua? Oker egotea espero dut, nire hitzak jan nahi nituzke, tamalez ez dut uste horrela denik. Kataluñan hartu zuten bidearen antzeko bat aurkitu eharko genuke , garaiz hartu izan bagenu, 2014an batera bi nazioek independnetziarako jauzia egin ahal izango genukeen. 2014.an Hego Euskal Herrian zer nolako panorama izango dugu?: Barcina Irñean, PSPe-PNV Lakuan kapiotalismoaren sarraskia kudeatzen eta Espñarekiko morroitza onartzen.
Hirekin bat, Praixku, goitik behera.
“Independentistak” talde sortzea aurrapausu handia izan zen. Nekez uler daiteke, egungo egoera politikoan eta testu-inguru hostorikoan, zergatik ez da talde hori hauspotu, garatu eta zabaldu Euskal Herrian barrena. Bi bat urteren buruan, Ibarretxismoaren esparruetan zerbait lortzea badagoela sinetsita atzera egitea “erabakitzeko eskubidea” eskatzen hankasartzea delakoan nago. Errespetoa handienaz hor aurpegia eman duzuenontzat diot, baina zintzo uste dut, etapa hori gaindituta dagoela. Ibarretxeren saiakera egin zen eta ez zuten kemenik izan (beste batzuek ez zioten lagundu, Egigurenekin solasean ari zirelako). eta egungo PNVk PSOErekin egin du hitzarmena, berriz ere. Giza kate horretara joango diren gehienak( garenok, akaso) independentistak izango dira eta independentistak izateaz gain egungo sistema sozioekonimokoa aldatu nahi dugu. Etorriko ez direnekin kate bat egin beharrean, indar korrelazioa aldatuko duen jauzi eman dezagun. Ezkerretik independentzia.