Frantziako Senatuak Iparraldearentzako “kooperazio poloa” onartu du, Lurralde Elkargoa bazterrean utziz

20130606_espagnacLurralde Elkargoak Iparraldeko eragileen artean izandako babes zabalaren gaindi, Frederique Espagnac senatari sozialistaren aldebakarreko zuzenketa onartu du Frantziako Senatuak. Frantziako Asanblada Nazionalera helduko da “kooperazio poloaren” proposamena. Iparraldeko eragileek kritikatu egin dute, bai forma aldetik baita eskumen aldetik ez delako aproposa.

Ipar Euskal Herriaren egitura politikoaren auziak bihurgune harrigarriak hartzen jarraitzen du. Lurralde Elkargoa aldarrikapen zabala bihurtu den arren, larunbateko Baionako manifestazioa eta alderdi guztien babesa horren lekuko, Frantziako goi-agintariek beste asmo batzuk dituzte.

Manifestazioan parte hartu zuen Espagnac senatari sozialistak, gainontzekoei galdetu gabe eta defendatu duen Lurralde Elkargoa alboratuz, “kooperazio poloa” proposatzen duen zuzenketa aurkeztu du senatuan. Gaur onartu dute hori, Parisen.

Batera-k ez du sostengatu proposamena: “Ez da koordinazioaren ekinaldia, ez da Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak onartutako proiektua, ez da koordinazioa sortzeko oinarritzat hartu dugun proiektua, ez da ehunez gora auzapezek sostengatu duten proiektua eta ez da ere ez Baionan 6.000 pertsonek sostengatu proiektua”.

Gorabehera hauen gainetik, Baionako manifestazioan François Hollande-ri eskatutako Lurralde Elkargoaren proposamena Parisera helarazteko asmoak bere horretan segitzen duela jakinarazi dute antolatzaileek. Espagnac sozialistak bere kabuz egin omen duen zuzenketa onartuta (Urraturiko adostasuna, Aitor Renteria), gauzak are gehiago zaildu zaizkio Iparraldeko gehiengoaren aldarrikapenari.

Informazio gehiago:

Berrian

Kazetan

Naizen