Politika berriak behar dituzte euskarazko komunikabideek

Gure burua aurkeztu eta nor garen azalduz hasiko gara. Eta hori egiteko, zer hobe
datu batzuk ematea baino:

  • 100dik gora gara euskaraz ari garen hedabideak, prentsa, irratia, telebista eta Internet kontuan hartuta.
  • 620tik gora gara hedabide horietan lanean ari garen langileak.
  • Guztien artean, urtean 27.000.000 eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu.
  • 7.000.000 euro inguru sortu eta ordaintzen ditugu zuzenean gizarte segurantza eta zerga bidez (BEZ eta PFEZ).
  • 7.500.000 euro jasotzen ditugu diru-laguntzen bidez.
  • 2007ko abenduan CIESek propio egindako azterketa batek zioen euskarazko hedabideak 450.000 lagunengana iristen direla, hau da, euskaldunen %57 dela euskarazko hedabideen jarraitzaile.

Datu hauek guztiek erakusten da dute sektore bizi eta kontuan hartzeko bat osatzen
dugula, zalantzarik gabe, gizarte honetan era askotako irabaziak sortzen dituena.
Adibidez:

  • Informazio mailan, gizartearen informazio eskubidea asetzeko bidea ematen duen sektorea delako.
  • Euskararen normalizazioan, aho batez onartzen den bezala, hizkuntza normalizaziorako eragile nagusietakoak direlako hedabideak.
  • Arlo ekonomikoan, lanpostuak sortzen dituelako, eta kontuan hartzeko moduko ekarpena egiten duelako sektoreak gizarte segurantza eta zerga bidez.

Diruz lagundutako sektorea da, hala behar duelako, merkatu parametro hutsetan  bizirauterik ez duelako eta funtzio publiko ezinbestekoa betetzen duelako. Baina  azpimarratu nahi dugu, sektore honek jasotzen dituen laguntza publikoetatik zati handi  bat berreskuratzen duela gizarteak baita parametro ekonomikoetan ere.

Ez dugu ezer berririk esango hedabideok krisi garaiak bizi ditugula esaten badizuegu.  Komunikazio munduan gertatzen ari den aldaketak eta krisi ekonomikoak gogor  astindu dituela euskarazko hedabideak, lehendik ere diruz baliabidez larri zebiltzan  hedabideak. Erronka berriei aurre egiteko sostengu erantsi bat behar izan  dugunean, laguntzak murriztuta ikusi ditugu, krisiaren aitzakian. Horren  ondorioz, gure borondatearen kontra biziraupena gure egunerokoaren erdigunean kokatu da. Ez baita gure bokazioa bizirautea, ezta egun kaleratzen  ditugun hedabideokin konforme geratzea. Gure bokazioa garatzea da, euskal hiztunen  komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko beharrari, nahiari erantzutea,
eskaintza etengabe egokituz eta aberastuz, azken 30 urtean erakutsi dugun bezala.

Euskara eta euskal kultura geroratzeko giltzarri ezinbestekoa da komunikazio proiektu  anitzen bidez osatzen den sektorea osasuntsu eta garapenbidean inbertitzea.  Instituzioek aspaldi aitortua diote sektore honi euskara eta euskal kultura sustatzeko  zereginean duen estrategikotasuna eta garrantzi hau behin eta berriro berretsi da  administrazio eta foro anitzetan. Aitortzak baina ez dira nahikoak, tamainako apustu eta sostengu ekonomikoa behar du sektore honek. Egungo laguntzek kasurik onenean prekarietatean bizirauteko aukera eskaintzen digute garatzeko aukerari hegoak moztuz. Era berean hainbat hedabideren ateak ixten ikusi ditugu azken aldian.

Aurreko guztiak kontuan hartuta, indarrak batu eta sektore gisa garatzeko premia
biziko bi gai identifikatu ditugu sakontzeko: diru-laguntzak eta publizitatea.

  • Laguntzetan baliabide handiagoak behar dira, sektorea indartzeko, egoera berrira egokitzeko behar dituen inbertsioak egiteko eta zabalkunde handiagoa ortzeko.
  • Aldi berean, egungo laguntza deialdiaren dinamikatik bide egonkorragoetarakourratsa egin beharra dago, urteroko zalantza egoera gainditu eta laguntzaren zenbatekoa urte hasieran ezagutzeko.
  • Egonkortasuna kopurutan eta azkartasuna prozedura eta ebazpenetan.
  • Publizitatearen gaian, berriz, agerikoa da instituzioek eta erakunde nagusienek ez dutela euskarazko hedabideen indarra kontuan hartzen. Esan dugu duela hiru urteko datuek erakusten zutela euskaldunen erdiak baino gehiagok kontsumitzen dituztela euskarazko hedabideak, baina publizitate inbertsioa ez da maila berean egiten. Publizitate instituzionala egiterako orduan beste politika bat behar da eta horretan eragin nahi dugu.

Egoerari eta zailtasunei aurre egiteko, euskarazko hedabideok hainbat ekimen elkarrekin egitea erabaki dugu. Horren ondorioa dira otsailaren 1ean argitaratutako editorial bateratua eta agerraldi hau bera. Hemendik aurrera ere elkarrekin aritzeko erabakia dugu, eta gure egoeraren berri ematen jarraituko dugu gure medioen bitartez eta horretarako sortutako webgunean.

Horrez gain, hurrengo asteetan instituzio nagusienetako eta alderdi politikoetako ordezkariekin elkartzeko plana egiten ari gara. Bilera hauetan sektorearen berri zuzenean eman eta politika aldaketarako proposamenak lantzea da helburua. Sektoreak prestasun osoa du eragile guztiekin gaia landu eta akordio eta politika zehatzak adosteko, eta horretarako dagoen prestasuna ikusi nahi dugu. Jakin badakigu udal eta foru hauteskundeen atarian gaudela, eta uste dugu garai egokia dela alderdiek etorkizunera begirako gogoeta egin eta konpromiso zehatzak har  ditzaten hurrengo lau urteetarako politika markatzeko. Bilera hauek otsaila eta martxoa bitartean egiteko asmoz ari gara lanean, eta bilera horiek egin ondoren, gure asmoa da berriro publikoan agertzea harremanei buruzko balorazioa egin eta aurrera begirako urratsak azaltzeko.

Euskarazko komunikabideei laguntzeko deia

Irudia | Euskarazko komunikabideei laguntzeko deia | EKE | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Politika berriak behar dituzte euskarazko komunikabideek”-ri buruz