Podemos ere Navarrísimo ote?

Podemos ere Navarrísimo ote?Nafarroako Podemosek bisai berriak ekarri behar zituela zirudien. Laura Pérez Ruanok agintea hartu izana, albiste pozgarri gisa hartu zen euskaldungoan. PSNren eta UPNren navarrísimokeria alde batera uzteko esperantza piztu du Nafarroako Podemosen garroak. Aldaketa usainaz hitz egin dugu behin eta berriz ZuZeuko plazan. Oraingoan ere historia errepikatzen ari da baina. Madrilgo Plaza Españan (izen hoberik ba ote?), Podemosen egoitza zentraletik Pérez Ruanoren taldeak egindako programa ebaki da, “kutsu nazionalista” zuten konpromiso eta esaldiak “arintzeko”. Podemos ere Navarrísimo ote?

 

Podemoseko Madrilgo zuzendaritzak Nafarroaren eta Euskadiren arteko harremanen inguruko kapitulua aldatu du programan, “prozesu eratzaileari” buruzko erreferentziak kenduz.

“Euskal Herria” terminoa “beste lurraldeak” terminoarengatik aldatu du Nafarroako Podemosek. Eta Madrilgo zuzendaritzak are gehiago deskafeinatu du programa.

 

Nafarroako Podemosen oinarriek onartutako programak Madrilera bidaitu du, Iglesias eta enparauen onarpenaren bila. Baimen eske. Baina Madrildarren irudiko, “nazionalistegia” omen da Laura Pérez Ruano eta Nafarroako asanbleak onartutako testua. “Nafarroako jendeak” esaten duena bost axola zaiela, alegia. Hemen “helburua garbia da”, eta “helburu garbi” horren baitan egin behar dira gauzak. Nafarren etorkizunak bost axola, dirudienez.

Eraldatutako programak honakoa aipatzen du (Gaztelaniaz): “Necesidad de abrir un debate sosegado” sobre la “institucionalización de Navarra”. Zer esan nahi ote du honek? Nafarroako programa nafarrek erabakitzen ez badute, nola sinetsi dezakegu nafarren erabakitze eskubidearen alde dagoela Podemos? Beldurgarria da Nafarroaren etorkizuna; Nafarroan aldaketa, beti Madrilgo kalkulu elektoral eta taktizisten baitan dagoela ikustea.

EHBildu: “Guk Nafarroan hartzen ditugu erabakiak”

EhBilduren aburuz, hau ez da harrigarria, oraindik ere Podemosen aldetik gauza asko argitzeke daudelako. “Oraindik ere bere programa ez dugu sakontasunean ezagutzen”, dio Haritz Pascual Nafarroako EHBilduko komunikazio arduradunak. Garrantzitsuena Nafarroako Podemosek erabakiak non hartuko dituen jakitea da Pascualen aburuz: “Ematen du beti Madrilera begira dagoen alderdi bat dela eta beti Madrilek zer aginduko zain dagoen alderdia dela”. Nafarroan halako jarreretara oso ohituta daudela azpimarratzen du. “Guk uste genuen Podemosek PSNren bideari ez ziola jarraituko, baina, ikusten ari garenez eta momentuz beraien ekintzek ez dute hori erakusten”, dio.

Neniques

Neniques Roldán: “Transitoria Cuartaren inguruan ez da iritzi ofizialik”

Podemoseko arduradunek ZuZeuri jakinarazi diotenez, programaren zirriborroa apirilaren 22an bidali behar zuten Madrilera, “ikuspegi ekonomikotik aztertzeko”. Neniques Roldán Nafarroako Podemoseko komunikazio arduradunaren arabera epe hori astebetez aurreratu zuten Madrildik, eta hori dela eta euren hasierako zirriborroa filtratu zen prentsara. “Zirriborro horretan agertzen ziren proposamen askok ez zuten zentzurik, kalamuaren legeztatzeak edo Euskal Herrira batzeak esaterako: Kalamua legeztatzeko eskumenik ez du Nafarroak, eta Euskal Herria ez da existitzen”.

Roldánek dio kontsulta denen alde daudela, baina kontu identitarioak baino askoz lehentasun handiagoa duela Nafarroaren erreskateak edo Monarkia bai ala ez galdekatzeak. Konstituzioko “transitoria cuarta”-ren inguruan eta EAErekin batzearen inguruan Podemosek zer iritzi duen galdetuta zera dio: “Podemoseko bozkatzaileei galdetu behar zaie, orain Podemosek ez du postura ofizialik kontu honen inguruan”.

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.