Plazatik Gaztetxera bertsotan
Plazatik Gaztetxera bertsotan
Bertsozalerik egongo da akaso zuen artean. Aitortu beharko bertsoak, gainerako kontuak bezala eboluzionatu egin duela bere hastapenetatik. Prestigio handia duen kultur jarduna da gaur egun Euskal Herrian, saio mordo bat antolatzen dira eta txapelketek izugarrizko ikusmira sortzen dute. Adin, genero eta toki ezberdinetako jendea egoten da oholtza gainean eta azpian eta hori lortzeko egin den lana handia bezain eraginkorra izan da.
Bertsozale naizen aldetik, asko dira azken urteetan ikusi ditudan saioak eta txapelketak baina badut bat bereziki kuttuna, baliteke bietatik pixka bat duelako izatea: Plazatik Gaztetxera, hain zuzen ere. Akaso hark bertsozaletu ninduen bere garaian, bertsoa gazteengana eta gazteak bertsoengana dotore hurbiltzen baititu. Ezagutzen ez duzuenontzat, lehengo urtean Topatuk egindako web TB saioak ikustea gomendatzen dizuet, benetan lan ona egin baitzuten.
Ederra da plaza gutxi dituzten bertsolari gazteak oholtzan entzutea; lasai, lagun artean, hanka sartzeko beldurrik gabe, eta ondo pasatzea egin behar bakar dutela. Gogoan dut garai batean bakarka hartzen zutela parte. Plazatik Gaztetxera sariketako finaletan gaur egun goi mailakoak diren bertsolariak ikus zitezkeen. Orain, binaka aritzen dira, horrela, bertsolarien lana gutxitu, presio gutxiago eduki eta jende gehiagok parte hartzea ahalbidetuz.
Aurten 15. edizioa ospatuko da, eta jakinarazi dutenez beste zenbait berrikuntza egingo dituzte. Antolatzaileen arabera, “Plazatik Gaztetxera txapelketa eredu berriak martxan jartzeko gune gisara ikusten dugunez, eredu formal lehiakorraren planteamendua alde batera laga nahi izaten dugu. Horregatik, epaitzeko sisteman berrikuntzak sartuko ditugu; bertso bakoitzari epaile talde batek puntuazio jakin bat eman beharrean, publikoko talde aukeratu batek (5-7 pertsonez osatua) gehien iritsi den edo transmititu duen bikotea aukeratuko du, matematiketan sartu barik”.
Argi geratzen da bada, Plazatik Gaztetxera sariketaren espiritua: ondo pasatu, ikasi eta bertsolaritzaz gozatzea. Sariketa apirilak 15ean hasiko da Eibarren eta finala maiatzaren 21an ospatuko da Mutrikuko Gaztetxean.
Informazio gehiago hemen.
Plazatik Gaztetxera bertsotan