Ulermena erraztu ala kultura suntsitu?

Ulermena erraztu ala kultura suntsitu?

“Telesail eta filmen euskarazko analisi gune” bezala aurkezten da Kameraren Atzean bloga. Bertako iritzia sailean hausnarketa bat aurkitu dugu bikoizketari buruz:

.

BIKOIZKETA. Ulermena erraztu ala kultura suntsitu?

Ulermena erraztu ala kultura suntsitu?“Zinema ikusteko eta entzuteko da, ez irakurtzeko” esan ohi dute batzuek, “azpitituluek sarritan ez dute aktoreek adierazitakoa osotasunean islatzen”. “Bikoizketa artearen suntsiketa da” diote beste hainbestek, “Frankismo garaitik oinordekotzat hartutako ohitura kaltegarria”. Muturreko jarrera kontrajarriak hartzen dituzte maiz bikoizketaren inguruko eztabaidan defendatzaile eta aurkariek, tonu grisik gabe, zuri edo beltz bailitzan.

Has gaitezen adibide dibertigarri bezain esanguratsu batekin. AEBko telesail zein filmetan, ingelesa ama hizkuntza ez duten pertsonaiak euren jatorrizko hizkuntzan mintzatzen dira eta azpitituluak jartzen dizkiote maiz eszenako zati horiei, ikusleak elkarrizketako une konkretu horiek uler ditzan. Beste batzuetan, azpititulurik ez diote jartzen, jarraian ingelesez ematen baitute azalpen berbera, pertsonaien arteko ulermen harresi hori ilustratzeko. Itzulpena gauzatzerakoan, ordea, askotan ikusi ohi dugun bezala, errusiera, frantsesa, txinatarra… entzun ordez, gaztelerazko hiztun baten ahotan entzuten ditugu ahoskera horiek, hau da, ez dugu hizkuntza bera entzuten, baizik eta pertsonaia lurralde horretakoa dela iradokitzen duen ahots tonuaren bitartezko gaztelerazko imitazioa. Askotan gainera, grabaketa originaleko elkarrizketak eta bikoiztutakoak txandakatzen dituzte, eta horrek eszenaren funtsa erabat zentzugabetzen du. Honen erakusle argia da David Simonen The Wire telesail klasikoaren hurrengo eszena:

Beste argudio komunenetako bat izan ohi da, Espainiar Estatuan munduko bikoizketa onenetakoak egiten direla eta, gainera, bikoizketa horiek lanpostu izugarri pila sortzen dituztela. Baina, ez al daukagu filmeko aktoreen ahotsa entzuteko eskubiderik? Bikoizketek, bereziki, antzezleen lana isiltzen dute, baina baita zuzendariarena ere, elkarrizketa zein soinu ezberdinen artean eraikitako garapen dramatikoa deformatu dezakeelako, esanahia erabat eraldatzeraino. Beste batzuen lanaren suntsiketaren bitartezko lanpostuen eraketak, beraz, ez dauka justifikaziorik.

Esanguratsua da Espainiako Gobernuak, bikoizketetara diru laguntza ia gehiago bideratzea tokiko obra originalen inbertsiorako baino. Zentzu honetan, esan liteke bikoizketak zuzeneko erlazioa duela Estatuko beste hizkuntzek pairatzen duten zapalkuntzarekin, gazteleraren hegemoniaren bitartez gainontzeko lengoaiek eskaini dezaketen aniztasuna itzalean geratzen baita. Biztanleen ezagutza kultural eta linguistikoa murrizten ditu honek, atzerriko hizkuntzak bigarren plano batean uzteaz gain, Espainiar Estatuan hitz egiten diren euskara, katalana, galegoa… baztertzen dituelako. Bikoizketaren ondorioz, hizkuntza gutxituetan ekoizturiko filmek are zailtasun gehiago izaten dituzte ikus-entzunezko merkatuan presentzia indartu eta maila handiko ekoizpenekin lehiatzeko.

Imajinatu ezazue Loreak estreinatu berritan zinemara joan eta gaztelerazko bertsioan bakarrik topatuko bagenu. “Baina, nola egin lezakete hori?” edota “filma hondatu dute” bezalakoak entzungo genituzke euskaldunen ahotan, ikuslegoaren gaitzespena nagusituko litzateke. Bada betaurreko berdinekin begiratu beharko genieke astero karteldegian estreinatzen diren filmei. Herrialde ezberdinetako sortzaileek izugarrizko esfortzua egiten dute euren filmak osotasunean zaindu, xehetasun bakoitza neurtu eta istorioaren funtsa ikusleei transmititzeko. Eta hainbatek esango dute Loreak gazteleraz ikusteak mintzen gaituela, baina ez litzatekeela kontu bera izango film poloniar edo korear bat ikusten ariko bagina, hizkuntza horiek ez baititugu ezagutzen eta, ondorioz, azpitituluei jaramon egin ezean, ulermena eta jarraipena ezinezko bihurtzen direlako. Hizkuntza bat edo beste izan, bada aldatzen ez den gauza bat: sortzaile taldearen lana eta obra artistikoaren esentzia ezerezean geratzen da. Zinema aretoetatik haratago doan arazoa da, gainera, bikoizketarena. Telebistan ematen dituzten film gehienek ere logika berberari men egiten diote eta, ondorioz, gizartearen gehiengo zabalak normaltzat jo eta babesten duen jarduna bilakatzen da.

Helburua ez da jatorrizko bertsioa inposatzea, baina bai bultzatzea, eta oraindik kontsumo modu horretara ohitu gabe dauden horiek bikoizturik ikusteko eskubidea eduki beharko luketen arren, jatorrizko bertsioak ere eskubide bera merezi du. Gizartean bere presentzia handitzearen bitartez onarpena zabaldu eta normalizaziora hurbilduko da. Kolektibotasunera iristeko bidea luzea izango den arren, norberaren esku dago maila pertsonaletik hasita, sortzaileen, kulturaren eta ezagutzaren aberastasunaren alde egitea.

Ulermena erraztu ala kultura suntsitu?

bikoizketa, Kameraren atzean, zinema
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude