Plaza Baten Izena, Hiri Baten Izana
Yolanda Barcina alkate zelarik, Rodeznoko kondearen plazaren izena Francoren ministro izandako bati –Tomas Dominguez Arevalori– omenaldia izatetik noblezia leinu oso bat –rodeznotar guziak, nonbait– gogoraraztera pasatu zen. Aldaketa, bistan da, plazaren izena atxikitzeko trikimailua izan zen, edo txiste merke bat –zenbat irri, hainbat boto, kalkulatuko zuen hiri buruzagiko orduko alkateak–, ohi bezala ahulenen gainean egin zen burla iraingarria.
Paralelismo errazak gustuko banitu, Etaren plaza izena paratzea proposatuko nuke, euskal juntagailu maitagarri horren omenez, eta, sintagmak batzeko balio baitu, harmoniaren eta elkarbizitzaren sinbolo gisa.
Nolanahi den ere, Askatasunaren plaza –oposizioko taldeek nahi luketen bezala– izen ederra da, herritarra zein aldetara lerratzen den hainbat esanahi biltzen ahal dituena: [Zergak SICAV baten bidez ordaintzeko] askatasunaren plaza, [Haurrak eskolan sexuaren arabera bereizteko] askatasunaren plaza, edo, nik hobetsiko nukeena, [Askatasuna gauza ororen gainetik ez jartzeko] askatasunaren plaza. Izen polita, beraz, eta orain, berrogei urteren buruan faxista bati eginiko gorazarre publikoa Udalak deuseztatzea erabaki duen honetan, are politagoa da oposizioko alderdiak hazgaleka hasi izana eta askatasuna zeinen ederra den oroitu izana.
Niri, halere, gustatzen zait Udalak plazari emandako izen berria –Serapio Esparza, Iruñeko Bigarren Zabalgunea diseinatu zuen arkitektoa–, baina iduri du hondarrean akaso kontsulta bat eginen dela herritarrek izen egokiena hauta dezaten. Emaitza zernahi izanda ere, eta hautariko izena edozein izanda ere –Laugarren xedapen iragankorraren plaza, Mitxelena XVI.aren plaza edo Txarli zimino sainduaren plaza–, nik plaka bat jarriko nuke gerra zibileko garaileen neurriko monumentu bat duen plaza horretan, eta letra handietan oroitaraziko nuke demokrazia ekarri omen zuen trantsizioaz geroztik, berrogei urte pasatu behar izan direla hiri buruzagiko Udal batek frankista bat omentzen zuen plaka hura aldatzeko beharra suma dezan; gutienez ehun metrotik irakur litezkeen letrak baliatuko nituzke, gogorarazteko berrogei urtean alderdi ustez demokratikoko ordezkariak eroso sentitu direla orban hori gure hiriko karrika nagusi batean egonda; are gehiago, nabarmenduko nuke –non bizi garen atzendu ez dezagun, zein jendilajeren artean– Rodeznoren izena ez kentzen tematu izana boto iturri izan dela, edo boto iturritzat jo dutela alderdi ez nazionalistek–. Eta gehituko nuke –letra ttikiagoetan eta hain maiteak ditudan parentesi artean balitz ere– soilik plazari abertzale baten izen-deiturak eman nahi izan dizkiotelarik hasi direla gure alderdi unionista guziak –eskuinekoak zein ezkerreko omen direnak– askatasunaren alde espantuka.
Ematen zaion izena ematen zaiola, urrea balitz bezala zaindu beharko genuke plaza hori, espazio berean biltzen baititu Nafarroako –eta, hedaduraz, Espainiako– kultura politikoaren bi ezaugarri nagusiak, bi hutsuneak: memoria historikoaren falta, Estatuko bertze nazioekiko mespretxua.
Ba nire erabakia balitz, plaza eta monumentua dauden bezala utziko nituzke, jatorrizko izenekin: Conde de Rodezno Plaza eta NAVARRA A SUS CAIDOS.
Jakina, panel batzuk paratu behar lirateke, esplikatzeko zer den engendro hori guztia, Rodeznoko Kondearen bizitza eta obrak eta norenak diren kriptan altxatutako hezurrak.
Eta baita ere, azaldu eraikin multzo hori milaka nafarrek ordaindu zutela harpidetzaz gerra ondoren.
Ez al duzue memoria nahi? Tori ba.