Piztiak + Petti Ostegunean Kafe Antzokian
Ondarroako Piztiak taldearen disko berria “Gabeko kalapitxixak” deitzen da. 13 abesti berri bildu dituzte bertan eta, gainera, taldekideek aurretik zeukaten TU-K taldearen “Pornographiaz” abestiaren moldaketa ere bildu dute. 1985ekoa da abestia eta Kirmen Uribe idazleak 15 urterekin idatzitako hitzak ditu. Agian, idazle ondarrutarraren estraineko hitzak dira horiek.
Gainera, Josu Eizagirreren bideoklipa eta film laburra, eta Josu Aranbarriren pintura erakusketa eta making off-a bildu dituzte lan berrian. Abestien hitzak Josu Eizagirrerenak, Kirmen Uriberenak, Josu Aranbarrirenak eta Txomin Uriberenak dira. Hiru abestitan, bestalde, Pettik jarri du ahotsa.
Mungiako Lamiña estudioetan grabatu zuen diskoa Jose Lastrak abuztua eta iraila artean. Disko berriaren lehen aurkezpena azaroaren 28an egin zuten Ondarroako Kafe Antzokian eta, ondoren, beste hainbat herri eta hiritara ere iritsi da: Bilbo, Donostia, Durango, Azkoitia..