Pijo kontuak
Gogoan daukat nola bizi ginen Internet barik, zelan larunbat eguerdiero kate bat osatzen genuen koadrilakoak abisuak elkarri emateko (bostetan Deuston, berandu ez etorri!). Lagun baten zai egoten ginenean ez genion sakelakoari erreparatu behar ordua jakiteko, ezta itxura apur bat egiteko ere. Whatsapp-eko bibragailuak ez zituen berbaldiak hausten eta lasai egiten genituen hitz aspertuak. Sakelakoa gailu arrotza zen guretzat, pijo kontu bat.
Ez dut pentsatzen aurreko garaiak hobegoak izan zirenik. Nork bere bizioak izango zituen-edo, baina intimoagoak ziruditen. Messenger eta Play Stationarekin hazi ginenok ordu asko eman genituen jolasten, ordu gehiegi seguraski. Dena den, biak euren esparru propioa izaten zuten, hau da, etxean erabiltzen genituen zegokien uneetan. Gaur, ostera, guztia batera erabiltzen dugu, bata eta bestea nahastuz eta ez bata ez besteari jaramon eginez.
Orain liburutegian internet joan zaigula-eta, hau dena gogora ekartzea otu zait. Internet barik zelan bizi ginen gogoratu nahi nuen, besterik ez. Sarea irauli ezin dudanez, denbora profitatzea erabaki dut. Diotenez, urrea balio du denborak, beraz, ez dut baliabide preziatu hau xahutzen duenetako bat bihurtu nahi. Ez dut korrontearen kontra ibaia igongo. Horregatik, artikulu hau idatzi dut; konexio barik joaten ari zaizkidan une hauek gal ez ditzadan. Ez dakit lortzerik dagoen.