Bertsolariak eta idazleak …

Bertsolariak eta idazleak

Aurreko batean esan bezala, Saizarbitoriak bere buruaz edozer eta kontrakoa adierazteak hainbat interpretaziori zabal diezaioke bidea: ez naiz gai istorio bat hasi eta buka kontatzeko, hau arazoa, horregatik ateratzen zaizkit hain arraro egituraturiko nobela horiek…; eta gero ezustean Gorde nazazu lurpean, Kandinsky…

Soilik interesatzen zait trauma erakusten duen literatura; eta Gorka Bereziartuak Argia-n egin zion elkarrizketan: ez dut apaizei buruzko libururik idatzi traumatikoa izan zaidalako.

Azkena: sarritan esan izan du oso oroimen txarra duela, horregatik idazten duela, gogoratutakoa ahaztu ahal izateko…

Lehengoan Bakioko batzokian bazkaldu nuen (bazkaltzen ari nintzela gizon heldu batek zerbitzariari: ‘no es por nada pero tenéis mal escrito en el menú: no es albóndigas, con be, ez almóndigas, con eme’; ‘gracias, en seguida lo corregimos’).

El Correo-n, Idoia Estornés-i elkarrizketa. Saizarbitoriaz dio: “además de literato excepcional es otro memorión que guarda un arcano en sus mientes”.

Sinesgarria da, egiantzekoa.

Eta aldi berean ulergarria da bere burua erakusteaz batera ezkutatzeko Saizarbitoriaren joera, hurbiltzen zaion jendea despistatzekoa. Neurotiko obsesiboek ia inoiz ez dute beren arazoez hitz egiten, lotsagarriak zaizkie. Ez dago neurotiko obsesibo exhibizionistarik. Literatur fikzioaren disimulua gorabehera, alde patologiko horren berri ematera ausartzeak balio berezia ematen dio donostiarraren obrari.

Hainbat eta hainbat lagunen bizitza izorratu du idatzi behar aizun horrek. Erantsi irakurleen eta adituen arretaz jabetzeko idazleen arteko lehia estresagarria.

Kalean aurkitu eta nekez sumatuko diozu neurotiko obsesiboari oinazea, ikaragarria izan litekeen arren. Oro har, komikotzat jotzen ditugu “Bihotz bi”ko entziklopedistaren arrazoibideak, eldarniozko logika hori, haren ezinegona. Neurotiko obsesibo batek irakurriko balu, ostera, arrazoibide, ezinegon eta logika horren azpian dagoen sufrikario itzelaren berri eman ahalko lizuke. Baina ez dizu emango, ez baitu nahiko bere eritasuna igar dakion. Dena den, terrore psikologikoko nobela gisa ere irakur liteke “Bihotz bi”, nola Floraren azalean jarrita, hala entziklopedistaren antsietatean.

Idazle franko da neurotiko obsesibo. Saizarbitoriak dio idazle askok neurosiak eragin oinazetik ihesi idazten duela (Martin). Beti horrela balitz, primeran. Zoritxarrez, berez zoriontsu samarra izateko jaio den jendea arrazoi ergelengatik idazketaren eta argitaratzearen atzaparretan erori eta neurotizatu egiten da. Hainbat eta hainbat lagunen bizitza izorratu du idatzi behar aizun horrek. Erantsi irakurleen eta adituen arretaz jabetzeko idazleen arteko lehia estresagarria.

Neurotiko obsesiboak, maitale gisa, maitearen arreta etengabe nahi du bereganatu, maitearen eskaera hori du benetako desiragai. Maitatu baino nahiago du maitatua izan. Eta idazle gisa, berdintsu: adituen eta irakurleen arreta bereganatu nahi du, irakurleen eskaera hori irrikatzen du. Korapilo horietan harrapaturik, idazlea kexu izaten da bere obraz mintzatzeko eskatzen diotelarik, horrela ezin baitu benetakotasunean behar bezala kontzentratu. Eta benetakotasuna ez ei du barnebiltzen eta adierazten obrak baizik. Hala ere, idazlea garrazkiago da kexu inork ez badio deus eskatzen. Eta berari beharrean besteren bati eskatzea zaio jasangaitzena. Halatan, idazleek umore krudela darabilte elkarren aurka atzetik dihardutelarik. “La abuelita” da Atxagaren ezizena Madrilgo zirkulu literarioetan.

Idazleena baino patetikoagoa da, edozein gisaz, bertsolarien kasua, barne gatazkak ezkutatzeko urduritasuna dela eta, ikastetxe pribatuen ildotik. Tamal handia, herriak gustura entzungo bailituzke, besteak beste, Sarasuaren mesianismoaz han-hemenka botatzen dituztenak.

Idazleek badute, halaber, bertsolarienean ageri ez den ezaugarri bat: ospea eta sariak elkarri eskaintzeko joera, soilik biologiak eraginiko kalteren baten eztigarri izan daitezkeen heinean. Aukera handiagoa duzu kolegen begirunea zeureganatzeko herrena baldin bazara, epileptikoa, konkorduna, betokerra, Asperger, tuberkulosoa, potrobakarra, oso txikia, oso asimetrikoa, antzua, edo alkoholikoa bederen, edo emakumea. Pena ematea da kontua.

Bestela, sarkintzat joko zaituzte. Idazle epaileek kanpotik begiratu eta “hau ez duk gutarra, ez dik aski sufritzen” erabakiko dute, “ez dik ezer konpentsatu beharrik, inpostore alaena”. Jesukristoren Mendiko Hitzaldietan bezalaxe: “zoriontsuak zuek, tararen baten jabeak, zuena izango baita zeruko erresuma. Eta zoritxarrekoak zuek, osasuntsuak, amaigabeko eternitatea igaroko baituzue putzuan”. Dramarik larriena, literatoen estima lortu nahi baina ikusgaitza izatea zure eritasuna, eta pudoreak jendaurrean aitortzeko kemena itotzea. Odoluzki permanenteekin gertatu izan da euskal sistema literarioan. Eternitatea putzuan eta gainera ezin eseri.

Garai batean, ospe bila zebilen idazle osasuntsuak pneumonia hilgarria zuela zabaltzen zuen, katarro soila izanagatik; bolada batez arrakastatsu gertatu zen trikimailua, hiruzpalau sari potolo erabaki zituen, baina ospe partitzaileek antzeman diote eta orain zorrotzago dabiltza. Berrikiago, poeta metafisiko batek burua ezker-eskuin eta begi-ahoak tik arraroz mugitzeari ekin dio, atzeratua bailitzan, baina dagoeneko desmaskaratu dute.

Jatorrizkoa, Eibar.org-ko Zapiainen blogean.

Bertsolariak eta idazleak
bertsolariak, idazleak, markos zapiain, Saizarbitoria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude