Peru II: Nork deskubritu zuen amerika?
Peru Nafarroako Erresuma baino 26 urte berantago konkistatu zuten Francisco Pizarro eta bere lakaioek. Urrez apainduriko lur “berri” hura zapaldu zuten, irmoki zapaldu ere hitzaren zentzu guztietan, Quechuen zibilizazio oparo eta hazkorra errotik deusezteraino. Inca buruzagiak zuzenduriko jendartea garatua zen oso; hidraulikan ez zuten parekorik (badira oraindik ere ura isurtzen jarraitzen duten ubideak), baita eraikuntzan ere, espainolek zutik utzitako hiri eta tenplu apurren aurrietan ikus daitekeenez. Puntako zibilizazio feudala zen, zenbateraino ez dakigun arren. Izan ere, konkista gosez iritsi espainol ilustratuek (euskaldun asko tarteko), herri haren liburutegi bakanak ere erre baitzituzten, jakintza oro haizearen bazka bihutuz. Orain ez da, aditu haina interpretazio dituzten, harri batean idatzitako hainbat hizki besterik geratzen.
Pizarro eta bere zalditeriaren zorterako, ‘salvaje’ haien guda teknologiak, biolentziarenak, ez zuen batere zer ikusirik beste teknika eraikitzaileagoekin alderatuta. Inca inperio geroz eta handiagoak, dirudienez, ez zuen hiltzeko teknika sofistikaturik asmatu behar izan. Hamaika tribuz eta hizkuntzaz jositako bailarak ziren haiek, eta konkistak egiteko ohiko bidea negoziazioa zen. “Negoziazioak ez bazuen fruiturik ematen biolentzia zerabilten, baina, soilik buruzagiak akabatzeko, ez zegoen genozidiorik”, dio Walterrek, Cuzco inguruko Bailara Sakratuko gidari lanak egiten dituen indigenak. Espainolek bai genozidioa egin zutela, haien garaipenaren itzaletan ehundaka milaka hildako utziz.
Interesgarria bezain gogorra egin zitzaigun Peru, Lima zapaldu genuenetik. Izkin guztietan ikusten genuen bitrinako folklorea, Iparraldea bera gogora ekartzen ziguna. Herri kolonizatua da Peru, eta herri kolonizatu baten zantzu guztiak ditu. Anekdotarioa:
- Liman hartutako lehen taxiko irratitik delaydun ahots bat mintzo zen uhinetako ahoskera muturreraino eramanaz: “Mercedes bat irabazteko jarri galdera honakoa zen: ‘Nork deskubritu zuen Amerika?’ Eta erantzun zuzena: Colon! Zorte on irabazleei”.
- 2007ko Peruko erroldaren arabera biztanleriaren %93,8a katolikoa da. Kronisten arabera, Quechuen zibilizazioaren gurtzak kristautasunarengatik eraldatzea, “aski erraza” izan zen, errito askotan antzekotasunak baitzeuden. Esaterako, lehen errege inken momiak ateratzen zituzten kaleetan zehar, orain berriz santuak. Herriz herri topatu elizetan deigarri egin zitzaigun harmarri, zein, barrutietako iruditeria, indigenentzako espreski prestatua zirudiena, eguzki (Inti) eta abarrekin.
- Augusto CuzcokoTatuaia denda bateko arduradunak, ea nongoak ginen galdetu zigun, gure hizkuntza ulertzen ez zuela-eta. Eta betiko azalpena, jada buruz ikasi duguna, bota genion. Euskal Herria zer zen azalduz, haien jakin minari eta galderei erantzunez. “Eta eskoletan zer hizkuntzatan ikasten duzue?”, galdegin zigun Augustok. “Euskaraz.”, guk. “Bada guri ez digute hizkuntza (Quechua) ikastera behartzen hemen”, bota zuen eguzki inka bat marrazten zebilen bitartean.
- Punon ezagutu Susana irakasleak aldiz oso argi zuen espainolen etorrera bedeinkazioa izan zela: “Garai hartan ez genuen zer ikusirik Europarekin, eguzkia gurtzen genuen eta taparrabosarekin bizi ginen”.
- Titicaca lakuko Amantani uhartean hartatu gintuen Yolanda anderea bere seme-alaba zaharrenekin quechuaz mintzo zen, Dairon txikiarekin aldiz, gaztelera zerabilen, beretzat gauza oso logikoa bide batez: “Haurrak bestela ez du irakasleak dioen ezer ulertuko”.
Zur eta lur. Eta luze jarrai genezake.
Interesgarria izanagatik ere tamalgarria da galdu den guztia ezin ezagutzea. Tamalgarria kultura eta hizkuntza marginatuak, zein bertako jendearen konoplexuak (gurean ere garai batean aski ezagunak) ikustea. Turistentzako erakuslehiokoak osoki. Espainolek zapaldu aurreko lur, jende, kultura eta hizkuntza aniztasun hura ezagutzeko gogoa sartzen zaio bati. Galdu dena ezin baita ordaindu Pizarro eta lakaioek tenplu inketatik lapurtu eta urtutako urre guztiarekin ere.
Ea guk ez diegun bide beretik jarraitzen.