Perspektiba berriak
Perspektiba berriak –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Hats berri baten behar batekin ireki nuen orain dela hilabete batzuk kronikatxo hau. Gogoeta xume bat baizik ez zen, guztiok batzen gintuen proiektu amankomun batean murgiltzeko beharra mahai gainean jartzen zuena. Hauteskundeak igaro dira, geroztik, Ipar Euskal Herri osoan, dakizkigun emaitzekin.
Orain dela hilabete batzuk hats berriaren gogoa aipatzen nuela-eta, emaitza horiek kontuan hartzen badira, Lapurdi, Zuberoan edo Baxe Nafarroan kokatu, hats berriak bidea egin duela erran daiteke. Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetatik Pauen ordezkatua den ezkerreko indar bakarra, izan ere, gaur egun EHBai da. Eta, horrek, nahi hala ez, ezkerreko alderdi abertzaleari tokiko politikan irudi eta errola berri bat ematen dio, hots, ezkerreko ahotsaren ordezkariarena. Horrek ere, nolabait, egungo ezkerreko alderdi ez abertzaleak gogoetatzera eraman beharko lituzke, eta, hauteskundeetarako hautagai bat bultzatzeko erabakia hartu aurretik parametro zehatz batzuk kontuan hartu beharko dituzte.
Eta, horien artean, bat da nagusi, abertzale mugimenduak aurrera daramatzan aldarrikapenak sutsuki ukatzen duen hautagai oro baztertzea.
Hori bai, behin ideia hori bota eta, zerk ezberdintzen ditu, finean, ezkerreko alderdiak batak eta besteen artean?
Hauteskundeen garaian geundela, Baionako alderdi ezberdinen proposamenak plazaratzen zituzten plaketak irakurtzea ariketa interesgarria iruditu zait. Baionakoak deigarri egin zaizkit, zeren, ezkerreko alderdiei dagokionez, ñabardura txiki, eta batzuetan ere, kasik ikusezin batzuetatik kanpo, oso zaila zen ezberdintzea sozialistak, ezker muturrekoak eta baita ekologistak ere. Abertzaleek ere ez zuten halako proposamen iraultzailerik egiten beste horiei alderatuta, baina, lurraldeen errealitatean murgilduriko alderdi baten itxura hartzen zuten.
Hauteskunde garai horretan etxebizitzaren krisiaz deiadarkatzeko egin diren ekintzek ere, abertzaleak beste alderdiengandik alderatzeko aukera eman dute, EHBai tokiko errealitatean murgilduriko alderdia izateaz gain, ekintzarako gai eta prest zela mahai gainean jarriz.
Emaitza horiek, guztiok gure baitan aurrera egiteko behar dugun pindarra piztu digula pentsa daiteke.
Orain bai, batzuk erranen didate, baina, proposamenak horren hurbilak badira zendako ez batu lehen itzulitik, eta, akabo eztabaida. Hein batean egia da. Baina, batuketa batean, sustut bereziki Frantzia mailan ordezkatuak diren alderdi batzuen parean, nahi bada zinezko pizua izan, ezinbestekoa du EHBaik pizuzko ezkerreko ordezkari bezala kokatzea bere burua.
Lortu du hein handi batean hauteskunde horietan, baina, oraindik bidea dago egiteko, bereziki Baiona, Angelu, Bokale eta Biarritzen, nahiz, lau herri horietan emaitzak ikusgarriak izan diren ere.
Bigarren argudio bat jarriko nuke mahai gainean, hau da, politikan, gehiketa matematikoak egiten direlarik gutxitan ematen dute pentsatzen genuen emaitza. Izan ere, 1+1 edo 1+1+1 ez du, zoritxarrez, beti 2 edo 3 egiten.
Horiek horrela, gogoeta guzti hau borobiltzeko eta, hauteskundeetatik zertxo bat aldentzeko, herritarrek eta abertzale bozkatzen dutenek politika beste molde batez egina izan dadin eskatzen dutela pentsa daiteke, hau da, politika kalkulu matematiko eta interes poltiko hutsetatik haratago kokatzea nahi dutela.
Abertzaleek urtetan eramandako borrokak, eta oraindik ere eramaten dituztenak fruituak ekartzen ari dira. Izan ere, herritarrek aldaketarako adierazten duten behar horretan, tokiko politikaz eta egoeraz axola duten, eta lurraldearen errealitatean murgilduak diren EHBai bezalako alderdiek, hein horretan badute zer bide egin.