Felipe erregeari gutuna

Felipe erregeari gutuna –

Felipe erregea, Argi diotsut, errege eta jaun txit goren, ni eta nire kideentzat ez zarela hala izan, baizik eta krudel eta esker beltzeko. Jakin baitakigu erreinu honetan noraino zaren fede eta hitz urratzaile, zure menetik eta Espainiatik banatzea deliberatu dugu eta lur hauetan denik eta gerra gupidagabe eta latzena egitea gure indarren mugetaraino.

Errege gutxi doaz infernura, gutxi zaretelako. Ez zaituztegu hartzen aintzakotzat eta zuen anbizio eta giza odolerako egarri asegaitzak ez gaitu liluratuko, adingabekotzat baituzue zuen burua eta gizon inuzente oro ero da. Zuen gobernua airea da, ez besterik.

Armen bidez eskura daigun dagokiguna, eskubidez zegokiguna ukatu baitigute.

Euskal lurretako basailu leialen seme eta heriotzera arte matxino,

Lope Agirre, Erromesa.

Felipe erregeari gutuna

Honatx, Lope Agirre oñatiarrak, 1561ean bere marañoiekin batera Amazonasen gora balizko El Dorado baten bila zebilela, Felipe II.a —ez nahastu VI.-arekin— erregeari idatzitako gutunaren lagin bat. Hiru mende barru Simon Bolivarrek «Mundu Berriko lehen independentzia adierazpen» gisara aldarrikatuko zuena.

Gerora majo arduratu dira espainiar historialariak bere heresia zigorgabe gera ez dadin: Agirre Eroa, Agirre Tiranoa, Agirre Traidorea gisara bataiatuz. Pentsa, Euskal Herri osoan soilik Oñatik eskaini dio kale bat. Eta gauzak argi, gizasemea psikopata bat zen, bai, baina gure psikopata.

Eta badakigu ez dugula erreferente historikorik behar Espainiar erresuma ukatzeko, Frantzia ukatzeko Matalazen beharrik ez dugun bezala. Baina hor daude. Eta ezinbestean gogora datoz Atxagaren hitzak, Ruperren ahotsean:

«Arrazoina daukan, menturazaleen sasoia amaitu den. Baina non dira heroeak? Imajina ezina dun beste Lope Agirre bat».

BERRIArentzat egindako kolaborazioa

Felipe erregeari gutuna

Denboragintzan lizentziatua/ barra ertzeko psiko-anarista / @manex_mu

4 pentsamendu “Felipe erregeari gutuna”-ri buruz

  • Bain ez gaitezen esaldi horretan geratu! Lope de Agirreren gutunak 4 orrialde ditu. Honatx psikopata horren beste entresaka bat:
    (Espainiako errege Felipe II.ari zuzentzen zaiola) Zerbitzu ugari egin dizkizut Perun, indiarren konkistetan eta herriak zure zerbitzura jartzen, bereziki borroketan eta aurrez aurrekoetan, zure izenean eginak, nire indar eta aukeren arabera, zure ofizialei behin ere soldatagatik arreta deitu gabe”[…]
    atera gara zure obedientziatik, eta gure lurretatik, Espainiatik (originalean: de nuestras tierras, que es España) desnaturalizatuz, zuri gure indarrek manten eta sufri dezaketen gerra eta borroka gogorrena egitea erabaki dugu.
    Nafarroako konkistaz ere atzematen da zerbait gutunean:
    “Pedro de Urtsua, nafarra, eta egia esateko, frantsesa”
    Baztango Urtsuatarrak agramondarrak izaki, eta beraz, Agirre oinaztarrarentzat, “frantsesak”.
    Beste zatitxo bat, niretzat gutunaren zati makabroena eta independentzia deklarazioaren historia azaltzen duena
    (Pedro de Urtsua) Horren gobernadore maltzur, anbizio handiko eta miserablea izan zen, ezin izan genuela sufritu; eta horrela, bere gaiztakeriak kontatzea ezinezkoa denez, nire kasuan, ahal dudan bezala, errege bikaina eta jauna, ez dut esango besterik, hil egin genuela baino; heriotza, egia esan, oso laburra.
    Eta gero gazte bat, Sevillako zalduna, Fernando de Guzmán jauna deitzen zena, gure errege altxatu genuen, eta halaxe zin egin genuen, Indietako Margarita uhartean geratzen diren guztiek, sinaduren arabera zure erregek ikusiko duen bezala; eta ni izendatu ninduten “Maese de campo” berri, eta ez nuelako onartu bere gaiztakeria eta irainik, hil nahi izan ninduten, eta nik orduan Errege berria eta bere goardiako kapitaina hil nituen, eta teniente jenerala, eta lau kapitain, eta maiordomoa, eta kapilaua, meza-gizona bera, eta emakume bat, nire aurkako ligakoa, eta Rodasko komendadore bat, almirante bat eta bi alferez, eta beste bospasei aliatu.
    Kontuak aterata, 19 edo 20 pertsona nola garbitu zituen momentu batean.
    Ez dakit oso ondo zeri erantzuten dion Lope de Agirreren figura goraipatzeak. Mantendu bedi bere kalea Oñatin bere figura historikoagatik hala nahi bada, baina goresteak ez du zentzurik, are gutxiago ustezko euskal abertzaletasunaren izenean. Hara zer zen Lope de Agirre: onaztarra, urre egarriz espainiako erregeren zerbitzura indiarrak hiltzen 24 urtez soldadu ibilia, Nafarroako konkistaren aldekoa, Pedro de Urtsua agramondarra hil zuena (beste ehunka pertsonaren artean), bere eromenean Espainiako bere errege natural konfesoak (gutun osoan argi dago Agirre espainiarra zela) Felipe II.ak, traizio egin diola aldarrikatuta bere burua errege izendatzen duena (horretarako lehenagotik errege izendatuarazi duena hilez), eta azkenean bere alaba labanaz hil zuena (“hobe dun erregeren alaba hil, traidoreren alaba bizi baino” esan omen zion), bere kideek tiroz hil zuten arte.
    Gutunaren azken aipua, (entresaka egitea gauza polita baita):
    Ezin dugu sinetsi, Errege eta Jauna, zu krudela zarenik lur hauetan dituzun basailu zintzoentzat; aitzitik, zure zerbitzari eta ministro horiek zure baimenik gabe egin behar dute.
    Tipo hau bilakatu nahi da euskal abertzaletasunaren sinbolo? Erotu gara?
    (Lope de Agirreren gutunaren gaztelaniazko bertsio originala hemen: http://www.elortiba.org/old/pdf/lopedeaquirre.pdf )

  • ander lizarralde 2021-09-10 12:01

    Ba ote, zein zara, zein ote ? Manex Mantxolak izena eta abizena jartzen ditu; jakin beharko dugu zeinekin eztabaidatzen dugun

    -Lopek hil zituenak aitortu zituen; asumitu eta halaxe azaldu; zenbaitek badu zer ikasia horretan, Espainian, euskal eskuinean ..

    -Ze etorkizun zeukan alabak Espainiar mertzenarioen eskuetan ? Badakizu alaba aitaren altxamenduarekin bat zetorren muturreraino edo ez ? Ez dakizu, ezta, ez dakigu, egia esan

    -Zergatik daude Urdanetaren monumentua, Elkanoren egundoko monumentua, eta zergatik dago guztiz abandonatuta Lope ? Noren gustokoa ez da

    -Bolivarrek (aldarrikatu bazuen, ez da segurua) zergatik aldarrikatu zuen Lope ?

    ander lizarralde, oñati

    -Ursua bere “eromenean” hil zuela diozu; eta zuk zer dakizu Loperen eromenaz; ez dizu musika horrek sonatzen “esos asesinos sanguinarios” (ez du zerikusirik Lopek inongo erakunde armatu modernorekin, noski); baina halako zirkunstantziatan altxamendu/matxinada militarra burutzen zuen edozeinek saltariak, traidoreak, bere kontra zebiltzanak akabatzea orduko logika militarraren baitan kokatzen da; zuk uste izateak ez du esan nahi erotuta zegoenik

    -Lope goratzea zergatik izan behar da abertzaletasuna goratzea; ezin da bere “injustiziaren aurrean planto egitea eta errebelde agertzea” goratu ?

    -Zuk nola dakizu Lopek Nafarroaren konkista defendatzen zuela ?

  • Egun on, Ander
    -Lope de Agirrek bereak asumitu zituela esatea ez dut uste zuzena denik. Bereak justifikatzeko gezur ugari esan zituela errealagoa da, eta gezur horiekin bere burua zuritu nahi izan zuela.
    -Alabaren etorkizunaz, ezin jakin, eta ez gara “what if” ariketa egiten hasiko. Konparaziorako, Pizarroren aurka altxa zirenen alabak ez zituzten heriotzara kondenatu.
    -Urdanetaren eta Elkanoren monumentuak daude bi horiek ekarpen nabariak egin zituztelako (gustatu edo ez). Batak Filipinetatik Ameriketara igarotzeko itsasbidea deskubritu zuen, eta besteak lehenbizikoz eman zion buelta munduari. Zer egin du Lopek gogoratua izateko? Ehundaka pertsona hil, bere anbizioak itota diru gosez, eta ya. Bai, beno, bere zerbitzutik atera zela eta gutun gogoangarri bat bidali zion espainiako erregeari.
    -Ez dakit zergatik aldarrikatu zuen Bolibarrek Lope. Bolibarrek gauza gehiegi utzi zituen idatziak tipoa faro moraltzat kontsideratzeko (los indios son los demonios más demonios que han salido del infierno, dut buruan, Bolibarrek esana). Akaso Bolibarrentzat interesgarria zen “lehen independentzia adierazpena” aurrekariren bat izan zezan bere kausak. Hortik aurrera, ez zuen gehiegi jorratu Lope de Agirreren bidea, ez berak eta ez ameriketako inongo estatuk ez herrik. Berak ere ikusiko zuen zer zen tipoa…
    -Pedro de Ursua deskribatzean argi uzten du Agirrek zein den bere posizioa Nafarroako konskitan: Ursua agramondarra “frantsesa” da (Pedro de Orsúa, navarro y por decir verdad, francés). Beotibarko kantuarekin bezala, gauza jakina da zein diren “frantsesak” oinaztarrentzat. Eta beraz, esan dezaket zein den bere posizioa nafarroako konkistarekiko: bere bandokide Inazio Loiolakoaren berbera. 1511ean jaioa zelako, 1490 jaio balitz, akaso Iruñean genuke araoztarra.
    -Ameriketara joan zenean, fama hartu aurretik ere, Agirre indiarren legeen aurka aritu zen, baita indiarren babeserako araudiaren aurkako matxinadan parte hartu ere, Melchor Verdugoren gidaritzapean.

    Agirrek ez du independentzia deklaratzen kausa noble batengatik, edo ideal batzuengatik Agirrek independentzia erregeri mezpretxuz beteta eta herraz deklaratzen dio, bere ustetan erregek ukatu dizkion dirua eta urrea pilatzeko. Eta horretarako, bere soldaduak Panama inguruetako herrixkak harpilatzera bidali, urre eta emakume bila.
    Figura historiko bat da, ezin uka, baina nire ustez, ez da ezerren sinbolo. Wall streeten agian egin diezaiokete estatua, zezenaren ondoan, tiburoi finantzario horiek bezain diruzalea izan baitzen.

  • Gauza jakina da historia irabazleek idazten dutela. Aguirreren kasuan, argi dago Espainiak komeni zitzaion historia idatzi zuela, Lope desprestigiatuz eta zoro krudel eta odolzale bat balitz bezala tratatuz. Bere aurka egin zuten hil ondorengo epaiketan ere, Lope de Aguirreren balizko jabetzak birrindu, lurrak gatzarekin landu eta bere izena aipatzea debekatu zuten. Baina ez zuten lortu.

    Aguirre ez zen zoro hiltzaile bat. Ez, behintzat, inguruan zituenak baino handiagoa. Bere eskutitzetan antzeman daitekeen bezala, persona estratega, zentzuduna eta jantzia zen. El Dorado hiria existitzen ez zela konturatu eta Espainiar koroak ezarritako baldintzetaz nazkatuta, Garai hartako Errege boteretsuenari gerra deklaratu eta Espainiarengandik “desnaturatu” (independizatu?) zen.

    Felipe II. Erregeari idatzi zion eskutitza balio literario handiko dokumentu historikoa da, zu, Ba ote!, garrantzia kentzen saiatzen zaren arren (bai, badakit “gogangarri” bezala kalifikatzen duzula, baina mespretxua eta gutxiespena somatzen ditut zure hitzetan). Horrez gain, zure iruzkinean oso eztabaidagarriak diren beste hainbat aipamen egiten dituzu:

    -Lopek gezurrak esaten dituela diozu.
    Aguirrek berak aipatzen du “Loco” deitzen diotela zoroek egiak besterik ez dituztelako esaten. Eskutitzean ere argi geratzen da ez daukala arazorik egin duen guztia esateko.

    -Alaba, agian, heriotz zigorrera ez luketela kondenatuko ere badiozu.
    Lope bera ere ez zuten heriotz zigorrera kondenatu, zuzenean tiro egin eta akabatu egin zuten, aurrez epaiketarik izan gabe. Logikoa da pentsatzea alabarekin ere berdina egingo zutela (bortxatzeaz gain).

    -Urdaneta eta Elkanoren inguruan gutxi daukat esateko. Espainiar harrotasunaren ikur dira, horregatik dauzkate horrelako monumentuak.

    -“Akaso Bolibarrentzat interesgarria zen…”. Ba hori, “akaso”. Baina akaso ez!

    -Pedro de Ursuari Frantsez deitzeagatik Nafarroako konkistan Aguirreren posizioa zein den dakizula diozu. Flipatzekoa!
    Ursuaren familia erdi Beaumondarra zen, Nafarroako konkistan Gaztelaren eta Errege Katolikoen alde aritutakoa. Ursua bera ere, Espainiaren eta Erregearen begikoa izan zen beti.

    “Francés” deitzearen inguruan teoria ezberdinak daude: Ursuaren jauregia mugan bertan egotea da teorietako bat. Beste teoria bat da biak euskaldunak izanda ere, euskeraz elkar ulertzeko arazoak izango zituztela (Baztango euskalkia eta oñatiarra oso desberdinak zirelako). Dena dela, historialari gehienek bat egiten dute esanez Lopek iraintzeko asmoz esaten ziola.

    Lope araoztarra zela baieztatu izana, zure ezjakintasunaren erakusgarri da. Inon ez da azaldu Lope Araotzekoa zela demostratzen duen inolako daturik. Inongo oinarri historikorik ez duen teoria bat baino ez da. XX. mendearen erdialdean asmatutako teoria ahul bat. Dakigun bakarra da Oñatiarra zela, gutunean berak horrela esaten duelako.

    -Loperi indiarren legeen aurka aritzea leporatzen diozu.
    Aguirre Marañoien gidaritzapean jarri zenean, indiarrak eta esklabo beltzak espainiarren maila berdinean jarri zituen, desberdintasunik egin gabe. Guztiak eskubide eta betebehar berdinekin. Bestalde, kontuan hartu behar da bere alaba ere mestizoa zela eta espedizioan berarekin eraman zuela. Honek indiarrekiko zuen jarreraren erakusle ere izan daiteke.

    -Azkenengo parrafoari hobe aipamenik ere ez egitea. Espainiaren propaganda merkearen adibide ona.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude