Perez Busterok Galaziako abertzaleei
Perez Busterok Galaziako abertzaleei
Ohar laburra Perez Busterok igande honetan GARAn argitaratutako artikuluaren harira.
.
1- Erakargarria da, zinez, kristautasunaren zenbait eskemetatik xurgatzen bide duguna, erakargarriena, dena den, bizitza paradisiakoari dagokiona eta inguru haietan egongo omen garenon elkarren arteko maitasunari buruzkoa: denok anai, denok familia bereko, denok zoriontsu.
.
2- Aitortzen ez badu ere, eskema hori bera da aipatu artikuluan Perez Bustelok euskal politikaren esparruetara bideratu nahi duena. Testamentu Berriko huraxe bera: “Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan” (Galaziarrak 3, 28).
.
3- Nonbait, mezu ebanjeliko hori zabaltzera etorri zaigu apostolu berria oraingoan: Euskal Herrian jadanik ez dago interesak, ideologiak, zanpatzaileak edo jokabide desberdinak bereizterik, Euskal Herrian denok baikara “gu”, denok anai, denok ahaide. Eta hortaz, orain “gu” omen diren horiekin egin behar dugu bat, guztiok bat eginez eta gatazkak ahantziz proiektatu eta eraiki behar baitugu gizarte berria.
.
4- Batik bat ezkerreko abertzaleei zuzentzen die mezua artikulugileak, oraindik ez omen gara-eta ohartu “multzo bateratu gisara jardun behar duen herri bat garela”.
.
5- Historian zehar izandako Marx desberdinek horren inguruan maiseatuko luketena gorabehera, lehendabiziko galdera litzateke ea “gu” ez garen “besteak” ere ohartu ote diren edota ohartu nahi ote duten abertzaleok orain arte ikusi ez omen dugun horretaz. Eta inpresioa da ez legokeela gaizki, aldi berean, hausnarketaren bat edo beste ere egitea. Eta behialako klaseei begiratu bat ematea eta haien interesak nola mantentzen diren ikertzea. Eta gizarte-proiektu berberaz ari ote garen edo ari gaitezkeen ere planteatzea. Eta gargantua ekonomiko-politiko eta linguistiko-kultural direnak identifikatzea eta salatzea. Eta haien interesen defentsarako “demokratikoki” hedatzen dituzten planteamendu ideologikoak eta bitartekoak ere atzematea. Eta oharturik edo oharkabean haiekin bat egin ohi duten gizarte-geruzak ere agerraraztea. Eta interes horiei aurre egiteko prest daudenak ongi bereiztea eta haiekin bat egitea eta elkarrekin antolatzea. Eta… eta… eta… Betiere, ezkerreko abertzaleok Herri bat eta bakarra, eta ahalik bateratuena, osatu nahi dugula ahantzi gabe.
.
6- Baina akaso egiazko fedetik urrun samar gabiltzalako, ez gara “gu” hemen garen guztiok. Badira “besteak” ere. Oso “beste” desberdinak gainera, eta oso “beste” desberdin izan nahi dutenak, lan-indarra gurean ematen duten mertzenario (ez merzedario) huts direnak barne. Ez gaitezen, bada, geu bakarrik konfunditu. Eta, garrantzizkoago dena, ez dezagun inor nahasi eta sare apostolikoetan korapilatu.
.
7- Apoteosikoa amaierako esaldia: “Y envueltos en esa verdad («en este pais todos somos nosotros») nos despertaremos verdaderamente abertzales, o sea hechos personas que aman profundamente a su patria porque se abrazan con la totalidad de la gente vasca. Y tendrá lugar un hecho formidable: apenas «los otros» se den cuenta de cómo los consideramos se producirá el gran suceso de que empiezan a mirarnos con verdadera empatía”. Mirarizko gertakari kolektiboa zinez, erabat epifanikoa, Testamentu Berrikoen pare-parekoa, nahiz eta Tartsoko Paulo harena txiki uzteko modukoa.
.
8- Teorikoki ere bide onetik goaz, beraz. Gure zaunka hauek lekuko.
(L. B.)
Perez Busterok ez du inon esaten etorkizunean interesak, ideologiak eta zanpaketak desagertuko direnik. Badirudi zeuk ulertu nahi zenuena ulertu duzula… Niri, aldiz, borroka politikora urreratzeko proposamen interesgarria begitandu zait. Apur bat utopikoa? Jakina, baina nahiago begirada hori iraganeko eta egungo beste batzuk baino
Busterok eta Garako burueuk erretzen duten horretatik pixka bat emngobaligute behintzat…
Garak uniformizazioaren eta (aman)komuneko hizkuntzaren onurez ohartarazi nahi gaitu antza.
Gabon-buenasnoches.
Beherapenetan Gara, EHBildu bezala.