Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du

Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du

Aldizkari saretirikoari 14 lanen bilduma bat egiteko eskatu eta bi atzera bota dituzte “edukiagatik”.

Gauzak horrela, Nafarroako VII. Komiki Azokan parte hartzeari uko egitea erabaki du H28 aldizkariak.

.

H28 aldizkari saretirikoaren komunikatua:

Nafarroako VII. Azokako antolatzaileek H28 aldizkari saretirikoaren bi lan zentsuratu dituzte. 14 piezako bilduma bat egiteko eskaera jaso zuen aldizkariak orain hiru aste, azokaren barruan fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko. Hautaketa aldizkariaren esku utzi zuten, eta pozik onartu zuten gonbidapena H28ko kideek, eta prest azaldu ziren beren lanak doan uzteko. Antolatzaileek inongo momentutan ez zuten inongo eduki mugarik aipatu. Baina urte eta erdiko ibilbidea errepasatu eta hautatutako lanak bidaltzerakoan, atzera bota dituzte antolatzaileek 14 lan horietako bi, eta aldizkariari hitzez hitz azaldu diotenez, lanen edukia izan da arrazoia. Zehazki, Opus Dei-ri eta pedofilia eskandaluei erreferentzia egiten die zentsuratutako biñetariko batek, eta Guardia Zibilak Burlatan “Tortura” zioen margoketaren harira egindako atxiloketak ziren atzera bota duten beste biñetaren gaia.

H28 aldizkariak beti azaldu du aldizkari satiriko bat dela, eta orain arte kaleratutako marrazki denak sarean eta doan kontsultatu daitezke, horregatik bereziki harritu gaitu komiki azokak izan duen jarrerak. Aldizkariak argi azaldu die antolatzaileei marrazki guztiak onartu ezean, ez duela azokan parterik hartuko, eta erabakia hobeki pentsatzeko deia egin die. Eutsi egin dio Tiza elkarteko zuzendaritzak marrazkiak kerretiratzeko erabakiari, ordea. Hori dela eta, H28 aldizkariak Nafarroako VII. Komiki azokan parte hartzeari uko egin dio. Salatu egiten du zentsura saiakera, eta adierazpen askatasunaz duten ikuspegia berrikustera animatu ditu antolatzaileak.

.

Antolakuntzak bi biñetak atzera botatzeko arrazoiak

Opus Dei-ren inguruko marrazkia atzera botatzeko ondorengo arrazoiak eman dizkio Tiza elkarteak aldizkariari. “Opusena gehiegizkoa iruditzen zaigu, ez dugu uste kolektibo oso hau pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik. Eztabaidatu litekeen kontu bat izan liteke, baina ez dugu egoki ikusten”. Zentsuratutako beste lanaren kasuan, berriz, ondoko argudioak eman ditu antolakuntza taldeak. “Ez zaigu horri buruz hitz egiteko lekua iruditzen, ez behintzat hain modu esplizituan. Egia da torturarena, baina beste modu batean ere esan daiteke”.

Lan horiek erakutsiz gero, etorkizuneko edizioetan azoka babesle pribatu batzuen laguntzarik gabe geratzeko arriskua ere egon daitekeela azaldu dute antolatzaileek. Nafarroako Kutxaren fundazioa, La Caixaren gizarte ekintza eta El Corte Inglés dira azoka diruz laguntzen duten erakunde pribatuak. Hori jakinik, H28 aldizkariko kideak prest azaldu dira antolatzaileei beren marrazkiek komiki azokan utziko duten hutsunea bete ahal izateko El Corte Inglés-en katalogo bat helarazteko. Bereziki interesgarriak dira, adibidez, altzariei eta etxe tresnei buruzko orriak. Akaso horrela prezioa izango da Tiza elkartekoek edukiko duten arazo bakarra, eta ez edukia.

.

Urte eta erdiko ibilbidea

Lehen urteurrena bete genuenean ere esan genuen: “Bagenekien ez gintuztela hilko, ez genekiena zen biziraungo genuela”. H28 aldizkari satiriko digitalak hilabetero sarean, doan, euskaraz, satira eskaintzen segitzeko konpromisoa berresten du gertaera honen ostean. Penaz ikusten du, ordea, Nafarroako VII. Komiki Azokak komiki azoka izateari uko egin izana.

2015eko Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuen ostean kaleratu zuen bere lehen zenbakia H28 aldizkari saretirikoak urte hartako urtarrilaren 28an. Euskal Herriko lehen lerroko 50 marrazkilari inguru bildu ditu geroztik bere orrietan, eta hilaren 28ro kaleratzen ditu marrazki satirikoak www.h28.eus orrialdean. Doako harpidetza bidez hilabetero aldizkaria emailera helarazteko aukera ere eskaintzen die irakurleei. Parisko atentatuek bezainbeste, haien inguruan izandako erreakizoak piztutako ezinegonak bultzatu zituen marrazkilariak aldizkaria sortzera. Eta lehen zenbakian kaleratutako editorialean agertutako galderak azal dezake sentimendu hori. “Hainbeste defendatzen dute denek adierazpen askatasuna orain, kezka sortu zaigula: nork defendatuko gaitu gu adierazpen askatasuna defendatzen dutenez?“. Tamalez, urte eta erdian ez dirudi gauzak gehiegi hobetu direnik.

Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du

Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Nafarroako Komiki Azokak H28 zentsuratu du”-ri buruz

  • Ez da zentsura!

    1) Batzordeak erabakitzen du zer material egon daitekeen azokan, ezin dira guztiak egon.
    2) Ez zituen erabilera baldintzak betetzen.
    3) Opus Deikoak, Goardia Zibilak eta ume bortxatuak iraintzen ditu. Ez du ezer aportatzen.

  • Berrian komentario berdina egin dut, eta zentsuratu naute. Txantxarekin jarraituz, “haien komikiak moderatzeko zain daude” oraindik.

  • benetako zentsura, ARGIA eta BERRIA 2016-08-29 21:04

    ARGIA eta BERRIAk bai egiten dutela zentsura. Irakurleen iritziak edozein mediotan baino gehiago zentsuratzen dute. Eskerrak ZUZEU dugun euskaraz iritzia emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude