Pentsioak eta lan erreforma Euskal Herritik baldintzatuko ditugu
Pentsioak eta lan erreforma Euskal Herritik baldintzatuko ditugu –
ELAk ohartarazi gisan, urte amaiera bitarte asko dugu jokoan. Batetik, pentsioen erreforma: lege proiektua dagoeneko Kongresuan lantzen ari dira. Bada, zer ezkutatzen digute erreforma horretatik? Estatuko gobernuek, Sanchezenak zein ondorengoek, pentsioekin nahi dutena egin ahal izateko mekanismo bat jasotzen duela. 2011n Zapaterok, CEOEK, UGTk eta CCOOk zera adostu zuten: erretiro adina 67 urte bete arte atzeratzea eta beste hainbat murrizketa egitea, baina baita Iraunkortasun Faktorea ere; azken horrek pentsioak murrizteko aukera eskaintzen zien bizi-itxaropena hobetuz gero. Orain, berriz, BEM Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa ezartzea adostu dute, pentsioak murrizteko helburu berberarekin: bizi itxaropena hobetuz gero, zein pentsiodunen kopurua handitzen bada baby boom-eko belaunaldien ondorioz).
Gainera, erretiro aurreratua eragotzi nahi du legegaiak. Egia da KPIaren arabera pentsioak eguneratzeko araua jasotzen dela gizarteak, eta, batez ere, pentsiodunen mugimenduak eragindako presioaren ondorioz-, baina soilik bost urtetara mugatuko da. Epe hori iraganda, berrikusiko da. Hortaz, ez da behin betiko neurria izango.
Beste erreforma garrantzitsuetao bat lan erreformarena da. Sanchezen gobernuak (PSOE+UP) argi esan du ez dituela aurreko lan erreformak indargabetuko (hala aitortu du Yolanda Diaz ministroak berak, nahiz eta tokiaren eta unearen arabera bere hitzak aldatu). Egoerarik onenean, artikulu batzuk kenduko lituzkete. ELAk, sindikatu galiziar eta katalanekin batera (CIG eta Intersindical), zera aldarrikatu du: erreformak indargabetu behar direla, eta EEEn bidez kaleratzeko aukera eskaintzen duten artikuluak berehala mugatu behar direla (Rajoyren erreformak kaleratzeko kausak malgutu zituen eta bertan behera utzi kaleratzeak egikaritzeko Lan Agintaritzaren baimenaren betebeharra). Tubacexen, ITPn, Aernnovan edota beste hainbat enpresetan ikusi ditugu ondorioak, eta borroka sindikala baino ez zaigu geratu lanpostuak defendatzeko. Era berean, jokoan ere badago lan hitzarmenak hemen negoziatzeko eskubidearen bermea: ez diezagutela estatuko hitzarmenik inposatu, Euskal Herriko langileen baldintzak nabarmen okertzen baitira.
Europako funtsak dira guztiaren gakoa, erreformekin ordainduko baititugu. ELAk hasieratik bertatik salatu zuen hori, eta bestelako aukerak bilatu behar zirela azpimarratu genuen. Zergatik? Europar Batasunak jarriko dituen 140.000 milioi euroetatik 100.000 itzuli beharko direlako. Ondorioz, zor publikoa areagotuko da, eta etorkizunean murrizketak ekar ditzake. Gainera, enpresa handiek aurretik martxan zituzten proiektuak diruz laguntzera bideratuko dira; baita konpainia elektrikoenak ere, argiaren prezioarekien xantaia egiten dutenenak. Eta ez dituzte indartuko zerbitzu publikoak, pandemiak funtsezkoa direla erakutsi arren. Hori nahikoa ez, eta, gainera, funtsak jasotzeko baldintza gisa ezarri dituzte aipatutako erreformak.
Horixe da inposatu nahi diguten bideorria. Dena ez dago itxita, ordea. Erreforma horiek aurrera aterako badira, Kongresuan gehiengoaren babesa behar dute, eta Sanchezen gobernua babesten duten alderdi independentista eta nazionalistek badute modua pentsioen murrizketak eragotzi eta lan erreforma baldintzatzeko. Hori da soberanista guztiok eskatzen duguna: erabaki ahal izatea. Hain zuzen, orain dute aukera; ez dugu beti halakorik izaten. Izan ere, tamalez, oraindik ere erabaki horiek Madrilen hartzen dira. Baina oraingoan Euskal Herritik baldintza daitezke erreformak. Horregatik, EAJri, EH Bilduri eta Podemosi (azken hori estatu mailakoa izanagatik ere) zera eskatzen die ELAk: pentsioetan murrizketarik ez dituztela onartuko dioen konpromiso irmoa, eta lan erreforma indargabetzearen alde egin dezatela. Kezkatuta gaude, baina, erreforma hain larrien aurrean alderdiok isilik baitaude.
Orain behar-beharrezkoa da erreformen mamia ezagutzea, baita izango duten norabidea eta datak ere. ELAk ahal duen guztia egingo du horiek baldintzatzeko: greba orokorraren aukera oso aintzat hartu behar da.