Pentsioak eta jubilatuen egoeraz

Pentsioak eta jubilatuen egoeraz –

Egun hauetan gogorki manifestatu dute Espainiako Estatuan eta Hego Euskal Herrian pentsiodunek, hilero jasaten dutena duintasunez bizitzeko aski ez dutelakoan. 2014-ko hasieratik erretiratua edo jubilatua izanik (jubilatua hitza hobeki dagokigulakoan nago eta azpiko lerroetan horren zergatikoa esplikatuko dut), nire pentsioa Frantzian pagatzen direnetan makalenetariko bat ez izan arren, aitor dezadan, ez dela gehiegizkoa, kontutan harturik diru sartze guztietatik erdia baino gehiago seguruetan, egoitzaren gastuetan, zergetan komunikazioan eta energian, esan nahi baita ezin ekidin ditugun fresetan, gastatzen direla, gure egoitza bakarra aspalditik ordaindua izan arren.

Pentsioak eta jubilatuen egoeraz

Honetaz gainera, lau urte haietan emendatu ordez, gutxitu dira pentsioak, bizitzaren kostua gora doalarik. Benetako tripako mina ematen digu jakiteak jende kontzientziadunoi zer nolako arazoak ukan ditzaketen, pentsio apalago dutenek. Bitartean gezurretan garamatza Gobernuak dioskularik erosteko ahalmena handitzen dela, eta Frantziako hazkundea gora doala. Baina zer axola zaio jubilatuari estatuaren hazkundea ongi izatea, haren erosmen ahala apaltzen balitzaio? Neoliberalkeriaren petzeroa dela nabaritzen du eta egia latza da! Espainiako Gobernuak egun hauetan proposaturiko emendaketa xumea iraintzat jo dute, txikiegi baita bizitzaren prezioaren emendaketarekin alderatuta.

Materialki hobeki bizi ziren lehen belaundiko jubilatuak, baina zoritxarrez kasu askotan eritasunak ez zieten erretreta on bat balia lezaten denbora aski uzten. Orain medikuntzaren aurrerapenei esker luzeago bizi daitezke, kiroletan edo beste ekintzetan ari dira, eta naski kontsumitzeko nahia handiago, gure planetaren barna denek bidaia luzerik egiten ez duten arren. Lehenago, lanaldiaren azken hamar urteetako irabazietan oinhaturik zegoen jubilazioaren hilabetekoa, orain aldiz hamar urte baino gehiagotan. Ondorioz irabaziak beherago dira lehenago baino. Pentsioen prezioa izoztea eta gutxiagotzea ari da okertzen erretiratuen bizimodua, eta hosteleriari dirusartze handi bat eragiten dion klase bati kalte egiten diola ez dakusa edo ez du ikusi nahi gobernuak. Horren ordez, jubilazioaren adina aurreratu nahi du.

Lehenago esan bezala, desberdintasun bat egin behar da « erretiratu » eta « jubilatu » hitzen artean. Erretiratua esan nahi duke « gizartetik erretiratua, baztertua« , aparkatzeko lekuan uzten den bagoia bezala. Jubilatua, aldiz, bere biziaren jubilaziora iritxi dena esan nahi du: ongi bizi eta lan egin zuenaren zahartzaroa, gogor lan egin ondoren, nahi duena egiteko eta lan egiten zuelarik egin ez zezakeena azkenik egin dezakeen aroa. Nortasuna garatu eta hedatzeko aldia alegia. Jubilatu batzuk lanean segitzen dute, batzuek diru aski ez dutelako, eta beste gutxiengo batek lan minez dagoelako edo gazteei euren trebetasuna eta eskarmentua transmititu nahi dizkielako.

Beste bi faktorek oztopatzen dute jubilatuen egoera:

1) lan gabezian dagoen haur bat edo gehiago aterpetu beharra;

2) emazte alarguntsa askoren egoera: beti etxeko lanean izan zirelako jubilaziorik ez dute kobratzen, lan egin badute ez da denbora luzean izan, eta gehienetan gutxiago kobratzen zuten lan txikietan; baina legearen arabera senarra hil ondoren, horren jubilazioaren erdia bakarrik kobratzen dute. Jakin gabe edo jakinean senar indiarra hil ondoren horren ondoan alarguna gazte nahiz zaharra erretzea bezalako ohitura da hori.

Jakes Lafitte – Enbata.info

Pentsioak eta jubilatuen egoeraz b  Pentsioak eta jubilatuen egoeraz

Ingeniaria.