Pena
Goizeko zortziak ziren. Iratzargaluak gogor joz gero, Euskadi Irratia egunero bezala piztu da. Berriak entzuteko ordua. Eguraldiaren iragarpena esan arte ez naiz jaikitzen. Badaezpada ere. Gaurkoan berri batek ustekabean harrapatu nau: El Pais-en arabera, PPko buruzagiak, Raxoi barne, hamar urtez diru beltza kobratzen egon dira. Ustekabean diot, ez bainuen hain argi entzutea espero. Nolanahai ere, ez dut uste baten bat harritu egin denik. Urdangarinen itzala luzea bada, Luis Bárcenas-ena askoz luzeagoa omen da.
Goizak aurrera egin ahala morboaren eraginez, izenen zerrenda begiratzea erabaki dut: Mariano Raxoi, Rodrigo Rato (saltsa guztietako perejila), Jaime Mayor Oreja (ETA ohe azpian atzematen duen gizona) baita “Basta Ya” elkartea ere agertzen zen, besteak beste. “Lotsabakoak” izan da burura etorri zaidan lehen berba. Eskasa. Bigarrena, UPyDrekin zeukan zerikusia; izan ere, hain populista den alderdi honen buruzagi bi (Rosa Díez eta Carlos Martínez Gorriaran) lio honen barruan egon zitezkeelako. Gorriaranek argitu duenez, Basta Ya-k ez ohi zituen diruen jatorriak egiaztatzen . Oso jarrera etikoa, bai horixe!
Hala eta guztiz, buruan gehien izan dudan pentsamendua PPko militantei lotuta dago. Pena sentitu dut, izan ere, oso gogorra egin behar zaie egoera hau. Oso zaila izan behar da PPko militante ondradu batentzat, bere alderdian dagoen ustelkeria ikustea. Are gehiago, Hego Euskal Herriko militantentzat, ETAren indarkeria larruan eta jendearen erdeinua sufritu duten gizon-emakumeak, hain justu. Aznarren garai latzetan, PP eta PSE-EEko militante eta ordezkariak zelan mirestu behar genituen entzutea oso ohikoa zitzaigun. “Oso ausart jokatzen ari dira” zioten Constitucionalismo delako horren babesleek. Haien ondoan, besteok hutsaren hurrengoak ginen, dela “terroristen konplizeak“, dela “terroristak“.
Baina gauzak zer diren, hamaika urte pasa eta gero, PPko militanteak euren bizitza arriskuan jartzen zuten bitartean bere alderdiak buruzagiek diru beltzez ordaintzen ohi ziela-ren berri izan dugu. El País-en arabera eta errugabetasun- presuntzio kontuan hartu barik, noski. Baina zaunka dabilenak txakur izateko aukera asko dauka. Hori dela-eta, muturrera barre, algara, irri eta guzti egin dietelakoan nago. Euren sentimenduarekin jolasean aritu dira. Esango nuke etxekoarena izaten ohi dela kolpe txarrena beraz, PPko militanteek jasan dute eurena. Horregatik, ematen didate pena.
Ez ohikoa da honelako gertaerak pasatuz gero horrela aritzea, baina animoak helarazi nahi dizkiet PPko militanteei, hemengoei bide batez. Izan ere, PP defendatzeko izan duten kemena aitortu behar zaie. ETAren jardueraz aparte, Egunkaria euskararen mesedetan itxi zela edo-ta euskaldunok erabakitze eskubiderik ez daukagula defendatzea ia-ezinezkoa iruditzen zait, dela gainerako edo-ta nor bere buruarekin. Era berean, suertatu zitzaizkigun garai berrietan elkar-adiskidetza sustatzeko enpatia jorratu beharreko tresna bat da. Gertaera honek abiaburu gisa erabili dezagun. Eta gero gerokoak jorratu ahal izateko.