Pello Errota Antiokian

Pello Errota Antiokian – 

Pello Errota Antiokian

Batzuetan, zein bere bide-zidorretatik ibiliz ailegatzen gara bestek lehenagotik ezagutzen dituzten tokietara. Neu, adibidez, Mikela Elizegiren (1869-1967) akorduetatik ailegatu naiz Antiokiara, ustez uste gabe.

Mikela Elizegik Antonio Zavala (1928-2009) handiari kontatu zion behin batean -1872-1876 inguru horretan noski, Bigarren Karlistaldia zen eta- gau batez karlistak azaldu zitzaizkiela etxean, euren Lizarraga jeneralarekin (1817-1877), begiramendu eskaseko gizona bera. Etxean azaldu eta bera agintzen hasi. Hala, zer eta Mikelaren aitari, Pello Errota bertsolari (1940-1919) ospetsuari Aduna eta Zizurkil artean dagoen Urkamendi izeneko mendira joateko esan zioten, begira zezala ea han beltzik (liberalik) bazen ala ez.

-Tira, Pello, Urkamendira joan eta beltzak an diran edo ez ikusi bear dezu.

Ezetz esaterik ez eta, joan omen da Pello Errota Urkamendirantz eta jarri omen dira senitartekoak  eta karlistak Konporta izeneko baserriko ikuspegitik mendiari begira.

Gure ama negarrez, ta gu, berriz, umeak.

Erraz ikusten omen zen gauean Pello Errota mendian gora, errotaria izaki, irinez txuri-txuri egina zihoalako. Hain erraz ikusi ere, hara non hasten zaizkion tiroka gain hartan ezkutuan egokituriko liberalak, dik-dak dik-dak. Bazen, antza, beltzik, bai. Herio batean hartu du buelta Pello Errotak eta badoa aldapan behera ihesi, bere burua amilka botata, eta une batean, Konporta baserriko leihotik eszenari begira-begira zeudenen bistatik galdu.  Eta Lizarraga horrek hala esan omen zuen:

-Gure paixanua il izain da.

Mikela Elizegik zioen bere amari ez zitzaiola esan hori gehiago ahaztuko eta honela esaten zuela:

-Ori esan behar al zuan, ba, nere aurrean, patxada guztiarekin!

Hizkeragatik, jeneral horrek oiartzuarra edo nafarra behar zuela  iritzi zion, gainera, Mikela Elizegik. Eta aitortu behar da ez zebilela batere oker, Antonio Lizarraga Eskirotz iruinxemea baitzen; gizon inportantea bere garaiko gerra-lanetan.

Kontakizun osoak urrea balio duela esan beharrik ez dago; eta, halere, gauzak zer diren, niri Lizarragak Pello Errotari buruz aritzeko erabilitako hitzek eman zidaten arreta eta halaxe geratu zitzaizkidan gogoan: gure paixanua. Hitz praktikoa da bere polisemian “paisano”. Balio du adierazteko herri, toki, lurralde bereko laguna, balio du adierazteko, bereziki militarrak tarteko direnean, militarra ez den laguna eta balio du, halaber, adierazteko baserritar edo abarkaduna. Lizarragak hiru esanahiak batera zerabiltzan, ziur asko, Pello Errotari buruz ari zelarik.

Kontua da uda aurreko egun batean futboleko lagun kolonbiar batekin Andre Mari Zuriaren plazako terraza batetan garagardoa hartu ondoren hizketan gindoazela, Kolonbiako paisa delakoen berri izan nuela. Medellinen, janari eta bestelako salgaien denda zeukala ari zitzaidan, baina, han, esan zidan, “paisak dira gisako denden supermerkatu sarea osatu ondoren  nagusi eta indartsu”. “Paisak?” lehenago inoiz horrelakorik aditu ez eta  ea paisak zer ziren, nik. Eta lagunak azaldu zidan Kolonbiako jende mota berezi bat direla, ezaugarri propioak dituztenak.

Esandakoari neurria hartu beharrez, historikoki munduko bazter ezberdinetan sakabanaturik ageri diren komunitate txinatarrak etorri zitzaizkidan gogora, eta, hala, galdetu nion Kolonbiako jende talde aparteko horrek ezaugarri fisiko bereizgarriak ere ba al zituen. Eta berak baietz, itxuraz ere ezaugarri jakinak zituztela.  Zehazki, son como tu, monicos, erantzun zidan.

Ondo entzun ote nuen, benetan nire lagun horrek «monico» deitu al zidan bi aldiz pentsatu eta gero, ondorio atera nuen adierazi nahi izango zuela “begi eta azal argi samarrekoa”-edo, begi eta azal argiak arruntena ez diren tokian. Eta hala nola ur azaletik irteten diren errekarrien gainetik erreka baten ertz batetik bestera igarotzen garen, orduan sortu zitzaidan espero gabeko alde batetik beste batetara iristeko aukera, Kolonbiako paisa delakoetan oina jarri,  Lizarraga jeneralaren paixanu gainera pausoa luzatu eta ni bezalako «monico»-etara  iritsita. Paisa hitza paisanoren laburdura da, jakina, eta Kolonbiako paisak, berriz, agian izango dira Atlantikoaz bestaldetik zetozen Pello Errotaren moduko paixanuei harrera egiten zion komunitatearen ondorengoak.

Itzuli naiz ba noizbait etxera, piztu dut ordenagailua eta sartu sarean; eta bai nonbait, ez da ezkutuko gauza, ikusten da halako zer edo zer behar duela Kolonbiako paisa horienak.

An-ti-o-ki-a, izen ahoskatzeko ederra. Antiokia Kolonbiako departamentuetako baten izena da eta paisak bertan eta inguruko beste departamentuetan jaiotako jendea ditugu, bertako biztanleak alegia. Berez, Antiokia zaharra Alexandro Handiaren jeneral helenistikoetako batek K.a-ko IV. mendeko Sirian eraikitako hiriburu baten izena da. Bibliak dio bertan duela “kristau” hitzaren erabilerak jatorria eta pentsatzekoa da horregatik aukeratuko zutela hiri-izen hau mila urte geroago Espainietatik iritsitako konkistatzaile ebanjelizatzaileek Kolonbiako  ipar-mendebaldeko eskualde bat izendatzeko, izenaren eta izanaren arteko lotura horren bila-edo. Gaur egun, Antiokia Kolonbiako eskualde ekonomikoki indartsuena da eta Medellin du hiriburu (bai, Medellin, droga-kartel boteretsua izandakoaren habia, Pablo Escobar Gaviria buruzagi zuena, Jesus Escobar Echeverri eta Dolores Gaviria Berrioren semea).

Kolonbian “paisano” hitza “menditar” hitzaren baliokidea da, ez alperrik, Antiokiako paisaia mendiz eta goi-ordokiz egina delako. Paisak konkista ondoko kolonizazio saioetan parte hartutakoen oinordekoak dira eta, hain zuzen, gainontzeko Kolonbiarrekiko berezitasuna -eta, ezagun zaharren eremuan sartzera goaz orain- lurralde menditsu horretan gizalditan barrena bakartuta garatu izanetik datorkie. 10 milioi lagun omen dira guztira, Antiokiatik mundura irteniko diaspora kontuan hartuta.

Paisa-jendearen arbasoen artean euskaldunak kontatzen direla aski onartua da; eraginaren tamaina da eztabaidagaia, izatekotan, eta, nolanahi den, zantzuak deigarriak dira. Hala, esate baterako,  genetikari dagokionez Antiokia da, antza, Euskal Herri ingurutik kanpora euskaldunen ondorengoen aztarna genetiko nabarmenena ageri duen gunea eta, hori dela-eta, halaber, euskaldunen artean bereizgarri den alzheimer mota bat gehien ageri den tokia. Amaren aldetik, antiokiarren %90 jatorrizko herrietako emakumeen odolekoak diren bezala, aitaren aldetik populazioaren %40k bai gutxienez euskalduna izan omen dezake jatorria. Beste aztarna batzuk, berriz, hizketarakoan aurki omen litezke, doinuera bereizgarrian, “s” ahoskera gogorrean, “pués” espresioa sarri-sarri erabiltzean, nik behintzat esanahirik hartzen ez diedan “cacorro”, edota “coscorria” bezalako hitz iraingarrietan edota bertso-desafiotarako ohituran. Eta, ezin bestela, gastronomia ere aipatzen da, paisen artean estimatuak diren zenbait jakik  gure babarrun platerrekin edota taloarekin duen antza aldera ekarriz.

Guztiarekin ere, niri behintzat, paisek bere burua deskribatzeko duten moduak utzi nau txunditu samartua. Ikusi dudanez, paisen artean han eta hemen bere talde-izaeraren berezitasunez oso mintzatu zalea den jenderik ez da falta. ar dezagun esate baterako Solopaisa orrialdetik aldatutako pasartea hau:

Funtsean, egiazko paisa batek ezpiritu produktiboa eta saiatua dauka, aurrezlea, ekintzailea eta ibiltaria. Halaber, bere lurrari oso lotua dago , baina era berean  ausarta da esploraziorako eta berrikuntzarako orduan, eta lotsagabea asmatzaile gisa eta disidentea. Paisak asko maite du askatasuna.

Eta gehiago:

Paisaren izaera da tolesdurarik gabekoa, zakar antzekoa eta jarrera berdinzalekoa, hau da, paisa paisa da, nonahi dagoelarik ere (…) Besteren artean bada antiokiarren artean esaera oso ezagun bat zera dioena: “Antiokiarra edozein tokitan jaio liteke. Printzipio honetatik abiatzen bagara… bere burua paisatzat edo antiokiartzat hartu nahi duen edonori leku egiteko zailtasunik ez dago.

Arturo Escobar unibertsitate-irakasle eta antropologoarena, berriz, beste hau:

Antiokiak, zeinaren etorki garbian euskal probintzia penintsularreko nekazariak baitira nagusi, bere arbasoen bertute guztiekin batera, zaharragoen superstizio, fanatismo eta sineskortasun guztia ere jaso zuen. (…) Kolonbiako maparen gain bere arrazaren prototipoa proiektatu du: Medellinen, paisa industrialarena, ekintzailea, metalizatua eta egoskorra, ANDI-a ikurtzat (Asociación Nacional de Empresarios de Colombia-ri buruz ari da; ez dirudi txiripaz ateratako akronimoa) eta poltsa dibisatzat hartuta ibiltzen dena; herrietan, abenturazalearena, fanfarroiarena eta mundu-ikararena, bere kontu-pila, mizto eta irudimen ezustekoarekin, eta landa gunean, nekazari on-puskarena, fededuna, bere lurraren eta ohituren maitalea eta ugalkorra, izan sakramentuaren barruan ala handik kanpo”.

Horrelakoak irakurrita, oihartzun ezagun antzeko doinutxoa iristen da gogora. Ez esan paisa-jendeak ez duenik ematen El conquis-erako hautagai paregabea. Bada,  oihartzunaren notek are xelebreago egiten dute durundi aurreko hauei batzen baldin badizkiegu paisak eta paisen autoestimu asea bereziki maite ez duen jendearengandik iristen diren esanak. Hara hor, adibidez, Freddy Peñuela izenez ari den bat ikuspuntua:

Niretzat herrialdeko izurria dira, Kolonbiari gertatu zaion eta pasatzen zaion txar guztia eskualde hartatik dator, PARAKOAK, NARKOAK, PREPAGOAK, TRANPOSOAK, ARRIBISTAK, BENTAJISTAK, paisa batez zerbait entzuten dudan bakoitzean gauza larrien bat gertatu delako izaten da, zergatik ez dira herrialdetik banatzen duela zenbait urte pentsatu zuten bezala eta hala egiazko Kolonbiarrak hainbeste gaiztakeriaz libre utziko gaituzte. Paisak zilarragatik gai dira baita bere ama propioa hiltzeko ere, eta ikaragarrizko gutxiagotasun konplexua daukate dirurik gabe ezer gutxi sentitzen direlako (…) egizue independizatzeko mesedea, ea horrela, gainontzeko Kolonbia falta duzuenean, diozuen bezain arraza kementsu eta garailea zareten!!!

Ikusi egin beharko da Historia Unibertsalaren liburuak zein norabide hartzen duen antiokiarrentzat gordetako kapituluan. Oraingoz, lehen eskutik eman dezakedan azken albistea da gure etxetik ikastolarako bidean aurkitzen den janari dendak, Gasteizko Arantzabela auzoan, jabe eta izen berria dituela: FRUTERIA Y CHARCUTERIA EL PAISA III.  Kontua abaila hartzen hastera doala dirudi, horratik.

 

Photo by joshuaheller

Pello Errota Antiokian