¡Pelea!
Hauxe irakurri nion behin Astrudeko Manolo Martínezi: “Cada vez que nos preguntan qué grupos nos gustan, o qué grupos españoles nos gustan, o qué discos nos han gustado, respondemos que Hello Cuca: “Hello Cuca”, “Hello Cuca”, “el disco de Hello Cuca””. Une honetan horrelako zerbait galdetuko balidakete “¡Pelea!”, “¡Pelea!”, “¡Pelearen zuzenekoa!” erantzungo nuke.
¡Pelea! Bartzelonako taldea da, baina hiru asturiarrek eta iruñear batek jotzen dute taldean, Marçal autoktonoarekin batera. Beste talde batzuetan ibili dira eta dabiltza; ezagutzen ditudanak asko gustatzen zaizkit –Los Muebles, Anticonceptivas, Thelemáticos, Montañas–, ezagutzen ez ditudanak entzuteko gogo handia dut –Pedro Páramo, The Lorries–.
Iaz argitaratu zuten kasetearekin izan nuen haien berri (¡Pelea!, Comissió de Festes Menors eta Discos Waldenek argitaratutakoa). Lokalean grabatutako zinta da, sei kantaz osatutakoa, eta soinu nahiko txatarreroa du, baina, egia esan, ez da hau soinu garbia behar duen talde horietako bat. Dena dela, kasete honetako kantak zuzenean entzutean ikusten da abestiak hazi egin direla aurreneko grabazio hau egin zutenetik. Goizaldeko bostetan besoak gora kantatzeko pop-punkak (¡Pelea!, Bombona y farola eta Disfraz de cerdo), eta besoak gora ibili ostean ohera sartu aurretik ondokoari jartzeko baladatzarrek (El trabajo, La chica más guapa de Reus) osatzen dute diskoa. Tarteko zerbait da Insoportable –etxerako bidean, pertsona nazkagarriren bat hurbildu ondoren entzutekoa, agian?–.
Horren ostean, hiru kanta eman zituzten argitara inguruotako bi proiektu interesgarrirekin. Batetik, bi kanta kaleratu zituzten La Fonográfica Generalek antolatutako jai batean oparitu zuten 7” batean; berriz grabatutako Bombona y farola eta El trabajo –nabari da aldea soinuan–, hain zuzen. La Fonográficak jaiak antolatzen ditu ateratzen duten diruarekin binilozko singleak argitaratzeko eta hurrengo jaian oparitzeko. Los Temblores, Hidrogenesse edo Euripidis and his tragediesek jo izan dute jaiotan; ¡Pelea!-k berek ere. Hirugarren kanta –Cuanto más tenga– bildumazaletasunari eskainitako Doropaedian Coleccionismo) argitaratu zuten. Kontzeptu baten inguruko kantak, irudiak eta testuak batzen dituen mini-CD multzoa da Doropaedia eta, orain arte, Santiago Alba Rico, Gerard Vilar edo Diego Manriqueren testuak, Miguel Brieva edo Mauro Entrialgoren irudiak, Fasenuova, Prisma en Llamas edo Los Clavelesen kantak, Alex Reynolds eta Elena Barrerasen edo Zemos98ren bideo lanak bildu dituzte, besteak beste.
Iazko abenduan atera zen haien azken lana. ¡Pelea! deitzen da hau ere, eta Gramaciones Grabofónicas, Maravillosos Ruidos eta Cofradía de la Piruetak argitaratu zuten. La Fonográfica eta Doropaediarekin argitaratutako kanten saio berean grabatuta dago, eta lau kanta ditu. En Madrid hit berehalakoa nabarmenduko nuke guztien gainetik, baina El americano eta Dime con quién ere oso ondo daude. Laugarrena zintatik berreskuratutako ¡Pelea! da, soinu hobearekin.
Dena dela, Manolo Martínezek “El disco de Hello Cuca” esaten zuen tokian “¡Pelea!-ren zuzenekoa” esan dut nik. Izan ere, diskoen gainetik haien zuzenekoak nabarmentzen dira; aspaldi ez dut ikusi hainbesteko zoriontasun aurpegirik kontzertu baten entzuleen artean.