Pedalari eragiten

Pedalari eragiten –

Gipuzkoako pentsionista biraren bitakora kaiera

Maiatzak 24 astelehena. Oreretatik (pentsionisten mugimenduan herri aitzindaria) abiatu ginen goizeko bederatzietan ohiko lagunez inguratuta, dultzainero, zuziri eta parafernalia guztiaz horniturik, gure jantzietan eta buruko biseretan 1080 euro aldarrikapena nabarmenduz.[1] Atzean geratzen zen bi hilabeteko antolakuntza lana. Gipuzkoako biraren bidea xehetasunez marrazteaz gain, antolatu behar izan zen (herrietako taldeekin batera[2]) ze ordutan iritsi herrietara, nondik ibili, non eta noiz bazkaldu, afaldu, lo egin, eta abar luze bat; eta, garrantzitsuena, txirrindulari talde egokia eta garraiolari ekipoa osatzea. Beraz, hori guztia ondo lotuta utzi ondoren, bideari ekin genion.

Pedalari eragitenJoxe Mari komandantearen gidaritzaz, gaiteroen laguntzaz eta txafleruen eztandaz hasten dugu pedalei eragiten. Hasiera petrala. Euripean laster hezurretaraino blai, oinak eta eskuak hotzez minduta; baina bihotza taupaka eta burua txinpartaz beterik; eguraldi txarrari oihuz eta aldarriz aurpegi ona jarriz erantzun genuen. Pasaia, Trintxerpe, Donostia-Sagues. Atsedenaldi bat ELA, Este-EILAS eta LABeko kideekin. Berriro aurrera. Martutene. Astigarraga. Eta Hernanin izugarrizko ongietorria, aurresku eta guzti. Azeri dantza. Pintxoak, eta Andoainera. Andoaingo Goiko plazan ongietorri bikaina, antolatzaileek udaletxearekin xextran izan ondoren (Udalak ez zuelako baimenik ematen furgoneta eta kamioia plazan sartzeko) Bazkaldu bertan; eta Tolosaraino. Sarreran emakumeen batukadak bihotz taupadak azkartu zizkigun. Herria osoari bira egin ondoren, plazan bukatu genuen, pertsona ugari txaloak eskaintzen, Amaia Agirre bertsolariarekin, eta berriro batukadaren burrunbaz … Lehenengo etapa egina. Lagun askorekin eta herriko taldeekin egon ondoren, ez dugula etsiko garbi adierazi genuen. Aldarri berdinak txoko guztietan: 1080€, gutxienez hemen. Pentsio duin eta publikoa. Murrizketarik ez. Genero arrakalarik ez.

Asteartea, 25. Ziztu bizian Legorretaraino. Gereziak, platanoak eta kafea gure zain herriko plazan. Txaloak eta aupak legorretarren aldetik. Ondoren Ordizia, Beasain. Ordezkari sindikalak herri sarreran. Lazkaorantz. Salda beroa haragiarekin. Lazkaotarrek badakite gorputza goxatzen.. Ohitura onak ez dira galdu behar, batez ere hankek erregaia behar dutenean. Ordizia. Ongi etorria merkatu plazan, Adur Ezenarro alkatearen eskutik, eta bertan, Segurako IPAR-HEGOAK taldeak sukaldatuta kristoren paella guretzako zain, oraindik gal-gal. Halako toki historikoan ondo bazkaldu ondoren. Zumarragako bidean jarri ginen. Ormaiztegi. Zer pentsatuko zuen Zumalakarregi jeneralak gu bezalako zutabe bat ikusita? Gure aldarriak ez dira jada Jainkoa eta Foruak; pentsio duinak guk kudeatzeko ahalmenak lortzea baizik. Izagako malda. Erredios! Zutabea nahikoa luzatu da; nork bere ahalmenaren arabera eutsiz egin dugu gora; eta, azkenean, aldapa mendean hartu. Pankarta gure zain. Ondoren dena malda behera. Zumarraga, Urretxu. Iparragirreren irudia. Gernikako Arbola kantatzeko oihua egin dut, baina lagunen aldetik kasurik ez. Piruloren plazan bukatu dugu. Ongietorri bikaina, festa giroan, abeslariak eta guzti. Mendigoizale aurrera doinuarekin kantatu dugu: Pentsionistak aurrera, goazen guztiok kalera, bizitzak duinak lortzera, trialarara, trialarara… Oreretako Maixuk egindako bertsioan eta bere anaiak Legazpitik ekarria. Afari bikaina, bertako taldeak egina (emakumeak kasu honetan).

Pedalari eragiten

Asteazkena, 26. Legazpiko bidean, Suhiltzaileen harrera hunkigarria. Herri sarrera deprimentea. Etxeberria Patrizio jaun eta jabe zenaren Legazpigradoren garaiko kale itogarriak eta zantarrak igaro ondoren, herri eder batekin egiten dugu topo. Eskoletako haurrek irakasleen eskutik oihu eta txaloka agurtzen gaituzte. Mirandaola atzean utzi eta Udanako aldapa, Izagakoa baino arinagoa; hala ere, arnasa estutzen zaizu ohiturarik ez baduzu. Jaitsiera Oñatirantz, hauspoak beterik oihuka,  bizi-pozez. Holakoetan gaztetua sentitzen zara eta alaitasunak bizi zaitu. Niri behintzat.

Oñatiko Foruen enparantzan talde ederra zain, tartean, ELA, LAB, ESK sindikatuen banderak. Ongietorri ederra.

Irteeran, suhiltzaileen kristoren zalaparta beren sirena edo tutuekin. Arrasate. Bikain. Aita Menniko langileen protestekin bat egiten dugu udaletxe aurrean. Aspaldiko lagun zaharrak bertan. Garai sindikalista ohia eta memorialista. Bazkaldu eta gero Aretxabaleta, Eskoriatza eta buelta. Antzuolan herriko plazan geldiunea. Pintxoak, sagardoa, txakolina.. Bertan agurtzen ditut Pilar eta Errota aspaldiko kideak. Eta azkenik Bergara. Talde ederra zain eta emankizun aparta. Gorka Artola alkatearen hitz adeitsuak. Korua; Performance moduan Kapitalismoaren harresiaren suntsiketa, langile, pentsiodun, feministak eta gazteak tiraka. Eta bi bertsolari, bata Maite Aristegi; baserritar sindikalista, parlamentari ohia Madrilen, eta gainera bertsolaria. Hau emakumea, hau. Eta horrez gain, afalondorako berak ekoizten duen gatzatua-mamia, azken urteetan jan dudan hoberena. Hitzaldi interesgarria Pentsioei buruzkoa Jesus Soubiesena[3]. Eta horren guztiaren antolakuntzaren batuta eramanez, Itziar Usandizaga andre bulartsu eta kementsua, kristo guztia dantzan jartzeko gai dena. Afari herrikoia, era guztietako tortilla dastaketa.

Osteguna, 27. Lehenengo geldi gunea Soraluze. Kale estuen artean plazan sartuta herriko plazan ongi etorri jendetsua eta oso animosoa.  Hara hor, behinola armak egitetik ezaguna, egun bide bazterrean dagoen herri bizia. Eta beste jauzi bat Eibarreraino. Untzaga plazan, II. Errepublika aldarrikatu zen toki historikoa. Herriko futbol taldearen bigarren mailara jaistearen sindromepean, baino ez etsituak. Elkarretaratzean presente Jon Etxabe lagun zaharra aurkitu dut. Burgosen epaitua, ordutik borrokan jarraitzen duena. Zamorako espetxealdiaren liburu bikainaren autorea. Handik Elgoibarrera. Hemen ere primerako harrera Maala zubian. Eta jaia Maala plazan. Bertsolaria. Rokero zaharren emanaldia. Bertsolariaren estrofa batek diona (Amets betea zilegi balitz doinuan): Bidezkoa eta ederra izan da urte hauetako jarduna/Pekatu al da galde egitea justiziaz zor zaiguna?/”bildu gaitezen pentsiodunok iritsiko da eguna etsipenaren birusik gabe arnasa hartuko duguna”/ Pello, Txillarre baserriko jabea, aspaldiko lagun zaharrarekin hitz egiteko parada dut. Ez dabil oso gozo egungo Gipuzkoako baserritarren sindikatuaren norabide berriarekin. Bazkaria atsedengarria ibaiaren ondoan.. Debako bidean, Mendaroko eskolako haurrek, “aititek datoz, aititek datoz” oihuka hartzen gaituzte. Aurrerago Amenabarrek kudeatzen duen harrobi baten eremuan sartzen gara denak biltzeko asmoz; baina harrobiko sarrerako ubidea estaltzen duen burdinazko parrilak duen hutsune batean sartuta, furgonetaren aurreko errubera lehertzen da. Lehenengo intzidentea. Grabeagorik ez bada, gaitzerdi! Errubera aldatu eta aurrera. Itziartik Mutrikura. Deba-Mutriku bidean kristoren karabana, txiza egiteko geratu behar izan dut eta kotxeen artean harrapatuta geratu naiz. Ze gaizki. Beldurra, urduritasuna, zintzurra itxita herrira heldu arte. Mutriku, herri polita bezain bihurria tropelean sartzeko; eta ateratzeko aldapatsua. Harrera Txurruka plazan. Azkenik Deba. Ongi etorri jendetsua eta harrera zoragarria. Gilen Garcia alkatearen ongi-etorria, musika eta guzti. Eta Mila, Idiakez aspaldiko laguna, nirekin Euskal Herritarrok-ekin batzarkidea izandakoa, aurkitu dut antolatzaile lanean. Afaria ere goxoa terraza egoki batean, zubi zaharra aurrean dugularik.

Pedalari eragiten

Ostirala 28. Hasi eta Itziarko aldapa. Kontrako eztarritik sartu zait. Okerrena ez da aldapa igotzea, gure ondoan pilatzen diren kamioi eta kotxeak egiten duten traba baizik. Tropelak geldi une bat egin du karabanari pasatzen uzteko, eta nik erabaki dut aurrera egitea. Harez geroztik, gure tropelak egiten duen harresiari esker  goraino nire erritmoan lasai arraio egiten dut. A ze diferentzia. Eta jaitsiera, flipantea! Ume bat bezala jaisten naiz pozik eta alai. Zumaia. Sarreran adin desberdineko ikasleak bidearen bi aldetan guri txaloka. Zirraragarria. Ongi etorrian ere, gazte batzuk hitz egin dute, eta Jon Maiak (a ze lujoa) bertso zoragarriak eskaini dizkigu.  Irteeran, DBHko gazte andana guri animoak ematen. Bai lagunok, guk gure eta zuen pentsioaren alde ari gara, baina bada zuen kontua ere. Eta aurrera. Laster batean Getariaraino. Berandu samar gabiltza eta Haritz Alberti alkateari eta kalejirari izkin eginez, zuzenean, diskurtsorik gabe, Elkanoren itzalean pintxo gozoak eta txakolina. Tentuz ibili behar, ez digute alkoholemia frogarik egingo, baina itsas bazterreko bide horretan zuzen joan beharra dago. Zarautz, hemen ere, ongietorri bikaina musika plazan, eta Andoni Egañaren bertsoak gure belarriak gozatu. Hemen ere lagun zaharrak, horien artean Exkerra. Beti bezala, puntan.  Ondo bazkaldu, eta berriro aldapa gora Orioko bidean. Aldaparekin borrokan, gure kolkoarekin marmarrean pixka bat damu: gutxixeago bazkaldu izan banu. Hil eta gero, salda bero. Oriotik, bi ume koskor eta bere ama aurrelari lanean, Usurbilera. Zumetaren muralaren aurrean, Agurtzane Solabarrieta alkatesaren hitzak gure borrokaren alde eta Unai Muñoaren bertso ederrak. Azken eguna kiroldegia ostatu. Izan ere, Tolosan izan ezik, gau guztiak frontoi edo kiroldegietan eman dugu gaua; lur gogorrean esterilarekin gorputza nola edo hala egokituz. Esnatzerakoan kontuak. Urteek ez dute barkatzen. Esan behar, ia talde osoak kanpin dendetan egiten zuela gaua, coronabirusarekiko neurriak hartuz. Gainontzekoak bata bestetik urrunduta izkinetan kokatuak. Alegia, gure gaua indioen tribu baten antza antolatzen genuen, seguritate neurriak hartuz.

Larunbata, 29. Coronabirusarekikoak seguritate neurriak eskatzen ditu, baina ezin burutik pasa furgonetak eta kamioi txikiak ere zaintza behar zutela. Nola jakin, izendatu ere ez dakidanez, jendilaje batzuen erasoa jasango genuela eta lau errubera zulatuko zizkigutela gauaren babesean? Munizipalak ere zeharo harritua zeuden Usurbilen holakoak gertatzearekin, eta gainera gure aurka. Dena konpontzeak atzerapena ekarri zigun; baina azkenean abiatu ginen Zubieta eta Lasarte barrena. Donostiako erdigunetik aurrera (bai desatsegina hainbeste semaforo eta kotxeen artean ibili beharra),Santa Katalinaren zubian Donostiako pentsiodunen taldekoen harrera. Altza eta Intxaurrondo auzoak zeharkatuz. Bazkaria Sagasti-Eder plazan. Manifestazioa Euskal Herriko beste hiriburuekin batera. Egundokoa manifestazioa, kontuan izanik oraindik pandemiak jota gaudela

Atzean utzi ditugu talde bizipenak. Nekeak eta pozak. Lehertzeko zorian uzten gintuzten Jon txoferraren berriketak, txisteak eta istorioak. Herrietako ekitaldiak, zeinetan antolaketa lanetan ibili diren emakumeen esku artzea oso nabarmena izan den (Hernanin izan ezik, beste herrietako aurresku dantzariek, denak neskak. Eta Alarde tradizionalekoak oraindik enteratu gabe, tradizioak bizi nahi badu, besteen artean, emakumeen eskutik izango dela, edo ez dela izango). Orokorrean, esan dezakegu  aipatu herrietako taldeak, berpiztu eta aktibatu direla eta aurrera begira jarri. Izan ere agirian genion bezala:

Toledoko Itunak eta Kongresuko bozketak Pentsio Sistema Publikoa bideragarria dela agerian uzten duten arren, pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen dute eta murrizketa berriei ateak irekitzen zaizkie.

Pentsio Publikoen Sistema bermatu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, pentsioak murrizten doaz eta murrizketa berriak erraztu. Lan eta pentsio erreformak indargabetu gabe igarotzen den egun bakoitzeko, prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen dira.

Eta hori guztia gutxi balitz,  Europatik datoz pentsioak pribatizatzearen aldeko haize erauntsiak.

Aste honetako emaitza ederrenetako alde bat izan da eragile desberdinekin izan ditugun harremanak eta elkarrekiko sinergia. Sindikatuek, feministak, gazte taldeak, eragile sozialak gure ondoan izan ditugu. Azken finean, egungo langileen soldata zer ikusirik du biharko pentsioekin, lan duina eta finkoak bermatzeak ere bai. Eta egun gazte direnak jakin bezate gure borroka beraiena ere badela. Eta irakaspen bat mundu guztirako. Pandemiaren aurrean neurriak hartu, ez da txorakeria. Baina ez kikildu, ez uzkurtu, ez desanimatu, borrokak darrai; eta ahal da.

Amore eman ohean, ez kalean!


[1] 16 txirrindulari fijo eta 5 logistika lanean. Bi emakume 2. et 3. etapetan. 360 km sei egunetan

[2] Joxe Mari Uria Errenterian; Miren Klemente Hernanin; Xabier Etxeberria Andoainen; Nekane Berriotxoa Tolosan; Angel Irigoras Oria Garaia-Goierrin;  Arantxa Korrales Zumarragan;Joxe Antonio Amundarain Oinatin;.Juanito eta Kabiketa Sarrasate; Joxean Ugarteburu Antzuolan; Itziar Usandizaga Bergaran; Txaro Lete Soraluzen; Emilio Aiastui Eibarren; Joseja Arregi Elgoibarren; Mila, Idiakez Deban; Xabier Lazkano Zumaian; Balbino Getarian;Mikel Usabiaga Zarautzen; Bittor Iribas Usurbilen; eta Maria Serrano Donostian, gainera prentsa  koordinatzaile lanak bere gain izan duena. Eta aipamen berezia, Carlos Etxeberria eta Iñaki  Elduaien  gure bozeramaileak eta espedizioaren alma materrak izan direlako. A ze lana egin dutena!

[3] Por un sistema público de pensiones: ética, critica y economia. Jesús Maria Soubies-José Maria Agirrre. Editorial Pamiela

Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten Pedalari eragiten

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude