Pausoka Elkartearen festa larunbatean 11 Hernanin
Pausoka Elkartearen festa larunbatean 11 Hernanin
Behar bereziak dituzten umeen elkartea da Pausoka, eta HERNANIko Etxeberri auzoan du lokala. Duela bi urte sortu zen, 12 gurasoren lanarekin, eta gaur egun, 50 familiari ematen diote zerbitzua. Behar bereziak dituzten umeen gurasoen elkarte honek ume hauen bilakaerarako beharrezkoak diren sendabide fisiko eta kognitibo desberdinak sustatzea, bultzatzea eta gauzatzea du helburu.
http://www.pausokaelkartea.org/eu/
Oraindik hazten jarraitzeko beharra dagoela ikusten dute, eta horregatik antolatu dute Pausoka Eguna festa, larunbatean urriak 11: bildutako dirua elkartea haunditu eta familia gehiago laguntzeko erabiliko da.
Tailerrak, paella-jatea eta 3 ikuskizun
Festak egun osoa hartuko du. Goizeko 10:00etan hasiera ekitaldia egingo da Plazan, eta kalejiran abiatuko dira Atsegindegira. 11:00etan umeentzako tailerrak egingo dira, doan: kirolak, janari osasungarria, musika tailerra, joku kooperatiboak, puzgarriak, gena tatuajeak eta trentzak.
Eguerdiko 14:00etan, berriz, paella-jatea egingo da, 4 euroren truke. Eta arratsaldean, hiru ikuskizun izango dira, 5 euroan: 16:30etan, Berdiniren neskatillen balleta; 17:00etan, Porrotx eta Ane pirata; eta 19:00etan, Lauroba taldearen kontzertua.
Bestalde, egun osoan zehar taloak izango dira, eta txosna irekita egongo da.
1.000 tiket, 1.000 euro
Pausokari laguntzeko, Berriak elkarteak zozketa antolatu du; 1.000 tiket saltzea da helburua, bakoitza euro batean.
Gonbitea eginda, anima zaitez!