Patxi Lopez, indarkeria, euskara eta asmatutako albiste bat (Martin Kitto)

Horren harira, Patxi Lopezek iragarri du Jaurlaritzak, euskararen aldeko etengabeko lanaren baitan, dekretu bat aterako duela indarkeria erabiltzen duten guztiek euskara derrigorrez erabil dezaten. Dekretuak bere baitan hartuko ditu tratu txarrak ematen dituztenak, torturatzaileak, asesinoak, lapurrak eta indarkeriarekin lotutako beste delitu egile batzuk. Dekretuak hiru mailatako hizkuntza eskakizunak ezarriko ditu.

Delitu egile txikientzat, lehenengo perfila. Hartara, lapur-biktima hartu-emanetan, mehatxu anonimoetan eta telefono bidezko irainetan, adibidez, oinarrizko elkarrizketa euskaraz izateko nahikoa maila bermatu beharko dute delitu egileek.

Espetxe zigorra ezarrita duten odolik gabeko delituen egileentzat, bigarren perfila ezarriko da. Bigarren perfilak barne hartuko ditu, besteak beste, tratu txar psikikoak eta fisikoak euskaraz eman beharra. Halaber, idatzizko maila ere bermatu beharko dute; eta, horren ondorioz, argindarraren, telefono konpainien eta seguruen fakturak euskaraz izateko derrigortasuna ezarriko du dekretuak.

Odol delituetarako, hirugarren perfila ezarriko du dekretuak. Hartara, hildakoek salaketa jarri ahal izango dute baldin eta hiltzaileek ez badiete zerbitzua euskaraz ematen.

Azkenik, Patxi Lopezek adierazi du dekretua betetzen aurrenekoak bere alderdikideak eta alderdiarekin lotutako eragileak izango direla eta lan asko dutela egiteko.

Egilearen oharra: albistea, jakina, gezurra da goitik beheraino.

 

Martin Kitto (martinkitto3@gmail.com)

 

Hona hemen egile beraren beste artikulu batzuk:

– Noentiendotarron dekalogoa

– Maixol Arregi, ETB1en azken mohikanoa

Patxi Lopez

Irudia | Patxi Lopez | Gorka Arruti | LGPL