Komunikazioan ere, usteak erdi ustel

Post hau ez nuen aurreikusi nire plangintza, baina joan den astean Jakobak egindako eskaera dela eta, saiatuko naiz zehatzago azaltzen zergatik ikerketa batek laguntzen duen emaitza hobeak izaten komunikazioan ere. Nire ustez, gauza ageria da, gaia gutxieneko apaltasunarekin hartzen badugu behintzat. Ezin da komunikazio prozesu bat abiatu norberak dituen usteetan oinarrituz: komunikazioan ere, usteak erdi ustel.

Gai bati buruz denok izan dezakegu uste bat, baina hori ziurra denik, soilik ikerketa batek baieztatu dezake. Komunikazio prozesu bat uste batean oinarrituz gero, suerte gehiago daukagu denbora eta dirua alferrik gastatzeko, asmatzeko baino. Komunikazio plana eraginkorra izateko jakin behar dugu arazoak edo hutsuneak non dauden, horren arabera erabakiko baitira irtenbideak edo aprobetxatu beharreko aukerak. Irtenbideak proposatzen baditugu arazorik ez dagoen lekuan, edo saiatzen bagara aukerak aprobetxatzen ez dauden lekuan, alferrik ari gara. Ez dauka ez bururik ez buztanik.

Hasteko onartu behar da gauza edo gertakari baten aurrean gizaki guztien hautematea ezberdina dela. Iritzi orokor bat jaso ahal izateko bilatu beharko ditugu zeintzuk diren gehiengoak biltzen dituen irizpideak. Horretarako inkestak daude, beti ere baldintzatuak ez daudela bermatzen bada. Ez du balio komunikazio prozesu bat hastea zuzendaritzara iritsi diren edo zuzendaritzan dauden dozena erdi bat iritzi edo ustetan oinarrituz, batetik, bezeroen isla ez direlako, eta bestetik, gizakiok joera daukagulako parekoak aditu nahi duena errateko.

Baina inkesta batek ere bere mugak ditu, baldintzatua ez bada ere, gizakiok joera dugulako politikoki zuzena dena errateko ere. Agian, lagunen artean ez daukagu arazorik garena eta pentsatzen duguna errateko, baina bakar bakarrik eta ezezaguna den pertsona baten galderei erantzutean, ezin ukatu joera hori dagoela. Horrenbestez inkestaren emaitzez gain datu objektiboak ere aztertu beharko ditugu. Esate baterako, enpresa baten barneko komunikazioan giroa aztertzen ari bagara, galdetzen ahalko diegu langileei “Baloratu ezazu zure enpresako lan giroa 1etik 5era?”. Baina edozein eratako presio pean erantzuten ari bada, emaitza faltsua ateratzeko arrisku handia izanen da. Hori dela eta, lagungarria izanen da adibidez, eszedentzia eta baja kopuruaren eboluzioa begiratzea. Zeharka bada ere arazo baten sintomak dira.

Ez naiz gehiago luzatuko ikerketa baten eduki, nondik norakoak, zirrikituak eta beste aipatzen, aurrerago eginen baitut, baina gaiari heldu nahi nion ohartarazteko, azaletik bada ere, zer-nolako lana egiten den ikerketa batean. Ikerketaren lana mediku baten diagnostikoarekin konparatu daiteke. Harengana jotzen dugu profesional bat delako nola ez, baina berak ez dizkigu botikak edo tratamenduak ematen profesional bat delako, alegia, mediku titulua duelako. Lehenik entzuten gaitu, gero tentsioa eta pultsua hartzen digu, galderak egiten dizkigu, batzuetan analisiak egitera igortzen gaitu, eta gero, eta soilik gero erabakitzen du zeintzuk diren hartu beharreko neurriak eta tratamenduak.

Lagungarria izan zaizuelakoan, datorren astean gehiago

GAUZA AGERIA