Patri Urkizu ikertzaile, irakasle eta idazlea hil da

Patri Urkizu ikertzaile, irakasle eta idazlea hil da –

Patricio “Patri” Urkizu Sarasua ikertzaile, irakasle eta idazlea hil da 78 urterekin gaixotasun baten ondorioz. Euskal literatura, antzerkigintza, bertsolaritza, eta kultura orohar, eta izkribu galduen bila egindako bere lanak aipatzekoak, 1946an Lezon jaiotako Filologia Erromanikoan lizentziatu eta Euskal Filologiako doktorearenak. Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendari izan zen, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari 89tik 97ra, euskaltzain urgazlea, Lezoko alkatea 79tik 83ra, eta irakasle lanetan aritua Bigarren Hezkuntzan Donostian eta Errenterian, baita Bordeleko Unibertsitatean eta UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatean ere. Filologia Erromanikoko lizentzia burutu zuen Salamancan eta Euskal Filologiako doktoregoa lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean 1987an, “Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715” izenburuko tesiarekin, Euskal Herriko Unibertsitatean Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.

Bartzelona, Madrid, Valentzia, Merida, Pontevedra, Cuenca, Salamanca, Baiona, Donostia, Bilbao, Gasteiz, Iruñea, Lille, Lancaster, Montpellier eta beste zenbait hiritako Literatur Jardunaldietan parte hartu izan du, eta narrazioa, nobela, saiakera, biografia, bertso eta kantu, gutun liburu, poesia eta bestelako hainbat lan argitaratu ditu. 1987an euskarazko ikerlanetarako Resurrección Maria Azkue saria eman zitzaion, eta 2023an Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostia Antzerki Saria emateko egiten den urteroko ekitaldian aitortza eta omenaldi beroa eskaini zitzaion, Hondarribian ere bai, Lezo jaioterrian ere bai. Hamaika aldizkaritan aurki daitezke berak sinatutako artikuluak: Antzerti berezia, Anuario del Seminario Julio de Urquijo, Argia, Berriak, Egan, Epos, Euskera, Hegats, Jakin, Lapurdum, Mundaiz, Oihenart, Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca, Serta Revista iberorrománica de poesía y pensamiento poético eta beste. Poesia eta narrazioa ere landu ditu: Dorrejilko kanta (1977), Zeren azken finean (1984), Sekulorun sekulotan (1984), Zoazte hemendik (1995), Suaren froga (2021)… Bertsogintzaz eta Euskal Teatroaz saiakera eta artikulu anitz idatzia, testu inedito asko plazaratu ditu Lezoarrak, Patxi Intxaurrandieta eta beste zenbaiten lankidetzaz: Euskal Antzertia (Antzerti 1984), Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak (Etor 1991), Anton Abbadiaren koplarien guduak – Bertso eta aire zenbaiten bilduma, 1851-1897 (Eusko Ikaskuntza 1997), Zuberoako irri-teatroa – Recueil des farces charivariques basques (Izpegi 1998), Maria Dolores Agirre eta Euskal Antzertia (Michael V. Gazzo, Txapela bete euri, Egan 2004); Teatro popular vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición (UNED 2007), Teatro Vasco. Historia, reseña y entrevistas, antología bilingüe, catálogo e ilustraciones (UNED 2009), Albert Camus, Gizon Zuzenak (Egan 2017), “Euskal teatroaren azken ikerketez gogoeta xume batzu”, Ekin eta joka, Azken ikerketak euskal teatroaz (EHAZE, 2018), etab. Ahotsak.eus proiektuan haren hitzak jasota daude, herriko hizkerak landuz, Lezoko euskararen erakusgarri, eta euskara batua ere sustatu zuen. Euskal Gaizkileak seriean eta ‘Bereterretxen heriotza’ kapituluan adibidez, lagundu zigun geuri ere Patrik, “Euskal Herrian gertatutako krimenaren inguruko baladak, urkabera kantak, konplaintak… asko ezagutzen ditu Urkizuk”. Azken egunera arte segitu du ikertzen, irakurtzen eta idazten, “Marga Rica bere emaztearen laguntza ezin hobeaz”. Gaur eten da izkribu galduen bilaketa «Gora literatura, gora musika eta gora euskara!». Bere lan eskergaren emaitza patriurkizu.lezo.eus edo patriurkizu.eus webgunetan dago ikusgai.

Sautrela 413: Patri Urkizu, ilustratzaileak eta Galdu arte

Arte[faktua] 97: Agustin Arrieta, “Gogoeta-bide irekiak”, Iñigo Martinez, Patri Urkizu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Patri Urkizu ikertzaile, irakasle eta idazlea hil da”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude