PAPEREKO ZUZEU eskura duzu
PAPEREKO ZUZEU eskura duzu
“Sarerako jaioak gara, baina paperean gatoz. Bai ote da paradoxa handiagorik?
Paperean egiten den kazetaritza gainbehera zetorrela eta, euskarazko informazio eta iritziarentzat bide berriak urratu beharrak bultzatu gintuen Zuzeu.com sortzera. Hala aireratu ginen 2009. Urteko Apirilaren 14an. Denboratxoa pasatu da handik hona, paperak jarraitzen du eri baina desagertu gabe, eta geu ere hementxe gaude arnasestuka baina bizirik oraingoz. Ematen du elkarren ondoan egin beharreko trantsizio batera kondenatuta daudela biak hala biak, papera eta sarea.
Ezer ez da ziurra, ordea. Inork ez daki zehatz informazioarekin zer gertatu behar duen etorkizunean. Gai horrexen inguruko erreportaje eta elkarrizketa bikain askoak aurkituko dituzu papereko ale honetan zehar: Kazetaritzaren zazpi bekatuak aztertu ditugu. Eta sareak euskaraz zer eskaintzen duen ere badakargu beste dossier batean. Baita beste gai aunitz ere, horixe baikenuen helburua, eduki desberdinez betetako aldizkaria egitea.
Papereko ZuZeu hau eskuetan hartzen duen edozein euskaldunek berarentzako moduko irakurgairen bat aurkituko duela uste dugu. Etengabe ahalegintzen gara horretan Zuzeu.com albistarian. Hemen bezala han, saiatzen gara euskaldunon arteko sare proaktiboa ehuntzen eta gorpuzten. Geuk bezalaxe idatz eta argitara dezakezu zuk zeuk ere. Edo gutxienez iritzia eman edo zeuri bururatzen zaizuna. Zeuk nahi duzuna egiteko dago Zuzeu.com , baita ixilik geratu eta tribukideari bazter batetik begiratzeko ere. Geure txikian, kolore askotakoak baikara euskaldunok, zer gero.
Hortik aurrera jakin ezazu lagun andana ibili garela lanak denon artean banatu eta bakoitzak dakientxoa egiten. Dena esan behar bada, tartean sinadura handiak ere ikusiko dituzu Papereko ZuZeu honetarako berariaz idatzi dutenak, baina horrek baino gehiago pozten gaitu hainbeste gazte ikusteak inguruan, era guztietara laguntzen.
Zeu falta zara, ordea. Eta gu ezin bizi zeu tartean izan gabe. Papereko hau gustuko baduzu, zaude ziur sarekoa ere gustuko izango duzula orain arte milaka zuzeularik moduan. Ez duzu atea jo beharrik ere zuzeu.com zeure-zeurea duzu eta. Horixe esan nahi du horizontaltasuna hitzak guretzat: zeu gabe ezin dugu geu izan“.
Hasier Etxeberria